Lokalizazio-gida

Librezale.eustik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Oharra: Lokalizazioari buruz gehiago jakiteko, kontsultatu PDFan Mikel Olasagastik eta Julen Ruizek prestatutako Softwarearen lokalizazioa gida.

Zer da lokalizazioa?

Lokalizazioa, aplikazio bat hizkuntza edo kultura zehatz batera moldatzearen ekintza da. Lokalizazioa itzulpenaz haratago doa: bere barne hartzen ditu hizkuntzaren ezaugarri linguistikoak eta lurraldeari dagozkion ohitura kulturalak. Data eta ordua emateko formatua, erabiltzen den moneta edo alfabetoko letren arteko ordena izan daitezke ezaugarrietako batzuk. Hala ere, lokalizazioan lantzen den ezaugarririk nabarmenena hizkuntzarena da, itzulpenen bidez hain zuzen. Askotan, beraz, softwarea lokalizatzea itzulpenak egitearen sinonimotzat hartzen da, baina esan den bezala merezi du kontuan hartzeak bestelako ezaugarriak ere badaudela.

Adibidez, Argentinan eta Espainian, programa berdinaren bi lokalizazio ezberdin egon daitezke, ohitura kulturalak eta hizkuntzaren erabilpena bestelakoa baitira lurralde batean ala bestean, funtsean hizkuntza bera izan arren.

Atal honetan aplikazio informatikoak lokalizatzeko argibide batzuk ematen dira.

Lokalizazioa hasi baino lehen: koordinazioa

Euskarazko lokalizazio-lanetan hainbat talde eta erakunde ari dira lanean. Kontuan izan gaur egun ez dela arraroa softwarea euskaraz aurkitzea eta askotan badagoela norbait lokalizatu nahi den aplikazioan lanean. Horregatik, garrantzitsua da koordinatuta egotea.

Lokalizazioa hasi baino lehen, komenigarria da hurrengo urratsak ematea:

  1. Ziurtatu ez dagoela inor dagoeneko programa itzultzen. Hasteko, galdetu euskarazko lokalizazioetan ari diren taldeetan. Gero, itzuli nahi den aplikazioaren webgunera jo daiteke informazio horren bila. Halakorik aurkitu ezean, aplikazioaren lokalizazioari begira sortutako posta-zerrendaren mezuak arakatzea beste aukera bat da, bertan galdetzearekin batera. Azken kasu batean, halako informaziorik ez dagoenean inon, zuzenean garatzailearekin jar gaitezke harremanetan bila gabiltzan informazioa eskuratzeko.
  2. Programaren garatzaileekin kontaktuan jarri, zure asmoaren berri eman eta baimena eskatu. Behin jakinik inor ez dela ari itzulpena burutzen, programaren garatzailearekin harremanetan jarri beharko duzu zure asmoaren berri emateko eta baimena eskatzeko. Normalena baiezko erantzuna jasotzea izango da eta bertan azalduko da itzultzeko fitxategiak nondik eskuratu eta behin itzulpena burutu eta gero nora bidali edo igo behar den egindako lana.
  3. Aplikazioa lokalizatzen ari den taldearekin harremanetan jarri eta laguntza eskaini. Jadanik norbait ari bada lana egiten, laguntza eskaini diezaiokezu. Librezalek momentuan bere gain dituen lokalizazio-proiektuetan parte hartu nahi baduzu, jarri harremanetan gurekin.
  4. Itzulpena egingo duzula foroetan zabaldu, lokalizazioan ari diren gainerako elkarte eta lagunek jakin dezaten, eta beharrezkoa bada, laguntza eskatu. Lokalizazioa beste batzuekin partekatu nahi baduzu eta ez badakizu nola, edo lokalizazioa kudeatzeko leku bat behar baduzu, Librezalerekin harremanetan jar zaitezke eta guk lagunduko dizugu.

Lokalizazioa egiteko tresnen hautaketa

Normalean aplikazio gehienek formatu estandarrak erabiltzen dituzte lokalizazioak kudeatzeko. Lokalizatu nahi den aplikazioak darabilen formatuak baldintzatu egiten du erabiliko den lokalizazio-tresna (nahiz eta badauden formatu batetik bestera bihurtzeko moduak).

Garrantzitsua da euskarazko lokalizazioan ari diren lan-talde guztien arteko emaitzek koherentzia eduki dezaten, bai erabilitako euskarari dagokionez, bai terminologiari zein joskerari ere. Beraz, lokalizaziorako hautatu den tresna edozein izanda ere, oso komenigarria da –derrigorrezkoa ia– itzulpen-memoriak erabiltzeko gai den aplikazio bat erabiltzea. Itzulpen-memorien bidez, aurretik norberak edo beste norbaitek itzuli dituen testu-zatiak nola eman diren jakin daiteke eta, egoki ikusten bada, itzulpen hori berrerabil daiteke.

Tresnaren hautaketa baldintzatzen duen beste faktore bat lana modu lokalean edo sarean egingo den da. Lokalizazioa banakako batek egiten badu, lokalean dabiltzan aplikazioak erabiltzea izan daiteke egokiena, batez ere horrek ahalbidetzen duen abiaduragatik. Taldeka egin nahi bada, berriz, hobe da sarean lan egitea, itzulpen-gatazkak saiheste aldera. Librezalek badu sarean lan egiteko tresna bat instalatuta, Pootle hain zuzen. Tresna horrekin lan egin nahi izanez gero, jarri harremanetan gurekin eta laguntza eskainiko dizugu.

Terminologiari eta estiloari dagokionez, oinarrizko lana jadanik egina dago eta ez da beharrezkoa itzulpenak asmatzen ibiltzea. Badaude sarean kontsulta daitezkeen baliabide asko.

Adibide praktikoa

Librezaleko Mikel Olasagastik eta Julen Ruizek prestatutako Softwarearen lokalizazioa gidan KBabel eta Pootle erabiliz itzulpen bat nola bidera daitekeen azaltzen duen abibide ederra kontsulta daiteke.

Laguntza

Librezaleren posta zerrendan eta Matrix sareko Librezale gelan edo Telegrameko taldean laguntza/aholkua eska daiteke.