Posta-zerrendak

Librezale.eus(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Librezalek posta-zerrenda bat dauka momentu honetan bere jarduera bideratzeko. Zerrenda honetan harpidetzea guztiz librea da, eta bide ona da Librezaleren inguruan dagoen mugimenduen eta lanaren berri izateko.

  • Librezale. Librezaleren zerrenda, Librezalerekin lotutako mota guztietako gaiez eztabaidatzen da bertan.

  • Telegram supertalde bat ere badugu, posta zerrenda baino apur bat informalagoa da.


Netiketa

Posta-zerrendako jarduna errespetagarria, sanoa, irakurterraza eta zentzuzkoa izan dadin, Interneteko foro eta plaza askotan aspaldidanik aplikatzen diren zenbait gomendio (netiketa gisa ere ezagutzen dena) saiatzen gara aplikatzen gure zerrendan. Guztion onurarako, azpian zerrendatzen direnak kontuan izatea komeni da.


Erabili gai esanguratsuak

Irakurleak jakin dezan mezua zeri buruzkoa den izenburua soilik irakurrita. "Galdera bat", "Euskaraketa" eta antzeko izenburu orokorren ordez, "Nola sortu POT bat PO batetik?", "VLC euskaratu nahi dut" eta antzeko izenburuak askoz esanguratsuak dira eta zure mezuak erantzun zehatzagoak eta azkarrago jasotzeko aukerak izango ditu.

Gairik gabeko mezurik ez bidaltzea eskertuko dizugu.


Hari berriak hasteko ez hartu mezu zahar bat eta gaia aldatu

Mezuen identifikadoreak goiburuan doazenez, praktika honekin gai ezberdinetako eta zerikusirik ez duten mezuak tartekatu egiten dira, aurretik dauden hariak izorratuz.

Gai berri bat hasi nahi baduzu, posta zerrendako mezuren bat erantzun beharrean, mezu berri bat zerotik idaztea gomendatzen dizugu, izenburu esanguratsu batekin.


Ez bidali mezurik HTML formatuan

Ez behintzat benetan beharrezkoa ez bada.

Pentsatu bi bider: ze ekarpen egiten du mezu bat 17px-eko Comic Sans letra-tipo urdinean bidaltzeak? Bidaltzaile eta hartzaileen irakurketa-ohiturak eta -gustuak oso ezberdinak izan ohi direnez, besteek izan ditzaketen irakurketa-hobespenak errespetatu egin behar dira.

Informazio gehiago: 7 reasons why HTML email is a bad idea, Why HTML in E-Mail is a Bad Idea


Ez praktikatu top posting-ik

Mezu bat erantzutean zure erantzuna mezu horren gainean idazteari top posting egitea deitzen zaio. Aipamenak testuinguruan egitea komeni da eta horregatik top posting-a ez da gomendagarria. Zure erantzuna(k) aurrekoak esandakoaren azpian jartzea (kronologia errespetatzea) argiagoa da eta horregatik bottom posting egitea eskertuko dizugu.

Top posting adibide bat:

E: MO fitxategia binarioa da.
G: PO eta MO fitxategiak berdinak dira?
E: Bai.
G: Poedit erabiltzen dut sinplea delako baina tresna hau egokia ikusten duzue?

Elkarrizketa bera bottom posting eginez:

G: Poedit erabiltzen dut sinplea delako baina tresna hau egokia ikusten duzue?
E: Bai.
G: PO eta MO fitxategiak berdinak dira?
E: MO fitxategia binarioa da.

Ikus dezakezunez, lehen adibidean, mezuen irakurketa naturala eteten da eta ulermena zaildu egiten da. Bigarren elkarrizketa ulertzea berriz, ezin errezagoa da!

Top posting-a kasu batean onargarria izan daiteke: adibidez, birbidalitako mezu batean informazio gehigarria jartzeko. Baina elkarrizketa bat denean, asko errazten du edukia moztu eta erantzunak zeri egiten zaizkion ezartzea.

Informazio gehiago: Choosing the proper posting style


Aipuak ondo egin

Pertsona talde baten arteko mezuen erantzunak eta erantzunen erantzunak nahasgarriak izan daitezke, batez ere ohi bezala, elkarrizketak egunak irauten dituenean. Horregatik, erantzuten den testuaren egilea aipatzea eta testua era egokian indentatzea eskertzen dizugu (adibidez ">" karakterea erabiliz).

Adibide bat:

Aitor-(e)k idatzi zuen:
> Beñatek-(e)k idatzi zuen:
>> Aitor-(e)k idatzi zuen:
>>> Poedit erabiltzen dut sinplea delako baina tresna hau egokia ikusten duzue?
>> Bai.
> PO eta MO fitxategiak berdinak dira?
MO fitxategia binarioa da.

E-posta bezero gehienek aipamen eta indentazio hauek automatikoki egiten dituzte eta gainera, irakurketa laguntzeko, maila bakoitzeko testua kolore ezberdinean erakutsi ohi dituzte.


Moztu esanguratsuak ez diren zatiak

Aipamenak egiterakoan, erantzunak testuinguruan ematea komeni da. Adibidez, "Ados nago." esateko ez dago 150 lerroko mezu osoa aipatzeko batere beharrik. Txertatu itzazu zure erantzunak leku egoki batetan eta errepikakorra den beste informazio guztia ezabatu ezazu.

Mikel-(e) idatzi zuen:
> Proposamen batekin natorkizue:
[...]
> Zer iruditzen zaizue?
Ados nago.

Mezu bat erantzutean, gure posta zerrendak gehitzen dituen lerro hauek kentzea beti da gomendagarria:

> _______________________________________________
> Librezale mailing list
> Librezale@librezale.eus
> http://librezale.eus/cgi-bin/mailman/listinfo/librezale
> 

Informazio gehiago: Posting style


Zaindu sinadurak

Sinadura erabiltzen baduzu, saiatu 3-5 lerrotik gorakoa ez izatea, ahal bada "--" lerro batekin banatuta eta erantsitako irudirik gabe. Smartphone batzuek gehitzen dituzten sinadurak (adibidez: "Sent from Samsung Mobile.") ez dute ekarpenik egiten eta horregatik mota honetako sinadurarik ez bidaltzea eskertuko dizugu.