Arau orokorrak
Estilo-liburua |
---|
Arau orokorrak - Interfazea - Laguntza eta tutorialak - Terminologia - Hizkuntzak eta herrialdeak |
Edukiak
Euskara batua
Euskararako software lokalizazioak benetan estandarra izan nahi badu, euskarazko lokalizazioetan Euskaltzaindiaren arauekin bat datorren euskara batua erabili behar da. Aditzari dagokionez, ez da zalantzarik izan behar, eta Euskaltzaindiak euskara baturako proposatutakoa erabiliko da. Gauza bera terminologiari dagokionez, Euskaltzaindiak erabakitakoa bada (adibidez, a bildua).
Terminologiari dagokionez, badaude beste bi aldagai:
- Euskaltzaindiak hitz bat baino gehiago proposatu izana termino bera adierazteko (sinonimoak direlako, hainbat euskalkitatik datozen hitzak direlako, edo gaztelaniatik zein frantsesetik datozen hitzak direlako).
- hizkuntza informatikoan sortutako hitz berriak izanagatik, Euskaltzaindiak landu ez dituen hitzak agertzea.
Kasu hauetan, Librezalek erabaki beharko du zein hitz erabili. Librezaleren erabakiak estilo-liburu honen glosarioan agertuko dira. Terminologia informatikoari dagokionez, aurretik egin diren lokalizazioetan erabilitako hitzak har daitezke oinarritzat. Sarean badaude hitz horiek kontsultatzeko hainbat leku:
- Open-tran webgunean ingelesetik euskarara itzuli diren termino informatiko nagusiak kontsulta daitezke. KDE, GNOME, OpenOffice eta Mozillaren produktuak lokalizatzean erabili diren hitzak ikus daitezke bertan.
- Euskaltermek informatikari zuzendutako alor bat dauka.
Bestalde, badaude zuzenean adituei galdetzeko lekuak. Bi aipatzen dira ondoren:
- ItzuL posta-zerrenda euskarazko itzultzaileen bilgune da. Bertan euskarazko itzulpenei buruzko edozein galdera bota daiteke lasai.
- Euskaltzaindiaren JAGONET zerbitzuak kontsultak egiteko aukera eskaintzen du.
Marratxoa hitz elkartuetan
Euskaltzaindiak marratxoa erabili edo ez, erabiltzailearen eskura uzten du hitz elkartuen kasurik gehienetan. Argibideak 25. arauan kontsulta daitezke. Hizkera zientifikoan (eta hizkera informatikoa halakoa da) ahalik eta zehaztasun handiena bilatu ohi da, eta horregatik aplikazio informatikoen euskaratzaile gehienek marratxoa erabiltzearen aldeko erabakia hartu dute.
Euskaltzaindiaren JAGONET zerbitzuan honen inguruan egin diren zenbait galdera eta bere erantzuna: [1], [2], [3].
Marratxoa izen bereziak eta siglak deklinatzean
Informatikan izen berezi asko erabiltzen dira, bai aplikazio informatikoen izenak adierazteko, gailuak adierazteko, ingelesetik zuzenean hartutako kontzeptuak adierazteko eta beste gauza askotarako. Izen horiek askotan ingelesetik datoz. Bi kasu bereiz daitezke: jadanik euskarazko jarduera informatiko arruntean eta kaleko hizkeran txertaturik dauden hitzak (Internet, web, Microsoft), eta oraindik jende gehienarentzat arrotzak direnak (Mailman, wiki, router).
Hitza ezezagun samarra denean arazoak egon daitezke marratxorik gabe deklinatzean. Adibidez, Wikia erabili dut idazten bada, ez da argi geratzen erabilitakoa wiki bat den ala Wikia den.
Zehaztasunaren izenean, joera marratxoa erabiltzearena da. Lehen taldean marratxoa erabiltzearen araua malguagoa izan daiteke, jende gehienak bai baitaki zein den benetako hitza eta zein deklinabide-marka. Beraz, onargarria izan daiteke Microsoftek egindako softwarea. Dena den, komenigarria da hitz bera beti modu berean deklinatzea: Microsoft marratxorik gabe jartzea erabakitzen bada, horrela izan behar da beti.
Librezalek ondoko zerrenda prestatu du marratxorik gabe idatziko diren hitzekin. Kontuan izan zerrenda hau ez dela behin-betikoa, euskarak hitz berriak barneratu ahala handitzen joango baita.
Hitza | Adibidea |
---|---|
Firefox | Firefoxen |
Internet | Interneten |
Linux | Linuxekiko |
Microsoft | Microsofteko |
software | softwarearekin |
Windows | Windowserako |
Siglen deklinatzeari dagokionez arazoa txikiagoa da, siglen letra larriak berak markatzen baitu non amaitzen den hitza. Kasu honetan marratxorik gabe deklinatzen dira: KDEren, GNOMEk, DVDko fitxategiak...
Maiuskulak edo letra larriak
Lokalizazioa ingelesetik egiten denean, kontuan izan behar da letra larria gehiago erabiltzen dela ingelesez euskaraz baino. Eusko Jaurlaritzaren Ikasmaterialen Aholku Batzordearen estilo-liburuak atal oso bat eskaintzen dio auzi honi. Hemen, laburtuz, honako irizpide hauek aipatuko digutu:
Euskaraz, arau nagusi gisa, behar direnean soilik erabili behar dira maiuskulak. Maiuskulak erabiltzen dira:
- Esaldi-hasieran, puntuaren ondoren edo harridura-markaren, galdera-markaren edo eten-puntuen ondoren.
- Izen propioen hasieran: Linux, Evolution, Mozilla.
- Siglak maiuskulaz idazten dira osorik: HTML, USB, DVD.
- Menuetan, komandoetan, botoietan eta aukeretan, hitz bakarrekoak direnean, lehen letra maiuskulaz idazten da (Gorde, Inprimatu); hitz bat baino gehiagoz osatuak direnean, lehenengo hitza maiuskulaz hasiko da, baina gainerakoak ez.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Account Settings... | Kontu-ezarpenak... |
Character Encoding... | Karaktere-kodeketa... |
Select All | Hautatu dena |
Show history... | Erakutsi historia... |
- Alfontso MUJIKA: Letra larriak erabiltzeko irizpideak, Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz. 2008.
Laburdurak
Arau orokor gisa, zuhurra izan behar da laburdurak erabiltzerakoan. Ahal denean, hitz osoa erabiltzea gomendatzen da. Hala ere, software-lokalizazioaren kasuan, eta batez ere interfazeen euskaratzean, askotan beharrezkoa izaten da laburdurak erabiltzea.
Gorka Palaziok laburduren zerrenda atondu zuen aspaldi. Oraindik ere kontsultagai dago Laburzki izeneko baliabide hau. Bere webgune berria http://laburzki.blogspot.com/ da, baina oraindik zerrenda osoa ez da bertara eraman.
Eusko Jaurlaritzaren Ikasmaterialen Aholku Batzordearen estilo-liburuan oinarrituta, ondoko arauak jarraituko dira:
- Laburdurak letra arruntez idatziko dira: jn. (jauna), and. (andrea), k. (kalea, karrika), esk. (eskuina), ezk. (ezkerra), zk.g. (zenbakirik gabea), pl. (plaza), etorb. (etorbidea), pas. (pasealekua), zum. (zumardia), zehb. (zeharbidea), etx. (etxea)...
- Esanahi jakina eta oso ezaguna duten laburdurak bakarrik erabiliko dira: adib. (adibidez), or. (orrialdea, orrialdeak), tel. (telefonoa), etab. (eta abar)...
- Laburdurak puntu eta guzti idatzi behar dira ia beti. Hala ere, badaude salbuespen batzuk, esaterako vs (versus) laburdura.
- Laburdura gehienak letra xehez idazten dira, baina badaude salbuespenak: letra larriz idazten dira P.D. (post data) edo P.S. (post scriptum), eta letra larriz eta xehez K.a. (Kristo aurreko)...
- Asteko egunen eta urteko hilen izenen laburdurak honela idatziko dira:
Egunak | Hilabeteak | |
---|---|---|
al. (astelehena) | urt. (urtarrila) | uzt. (uztaila) |
ar. (asteartea) | ots. (otsaila) | abu. (abuztua) |
az. (asteazkena) | mar. (martxoa) | ira. (iraila) |
og. (osteguna) | api. (apirila) | urr. (urria) |
ol. (ostirala) | mai. (maiatza) | aza. (azaroa) |
lr. (larunbata) | eka. (ekaina) | abe. (abendua) |
ig. (igandea) |
- Laburduraren ondoren ezin da atzizkirik idatzi; beraz, deklinatzerakoan hitzak osorik idatzi behar dira.
- Gaizki: 24. or.-ko, etab.-etan...
- Ongi: 24. orrialdeko, eta abarretan...
- Ez da komenigarria esaldiak laburdurez hastea; kasu horietan idatzi hitz osoa.
- Informatikaren eta Interneten esparruan badaude laburdura bereziak, eta seguru asko laburdura berriak abiadura bizienean sortzen den alorretako bat da. Askotan gertatzen da, gainera, laburdura ingelesetik euskarara ekartzea zaila dela. Kasu nabarmenenak aipatzearren: IMHO, WTF, RTFM, AFAIK, ASAP... Kasu horietan laburdurak ordezkatzen duen esaldiaren esanahi osoa ematea hobetsi da, laburdura hauek euskarazko ordain egokia eta finkatua duten arte, behintzat. Onargarria izan daiteke inoiz laburdura itzuli gabe ematea eta esanahia azaltzea ondoren, lehenengo jatorrizko hizkuntzan letra etzanez eta ondoren euskaraz letra normalez.
- IMHO (In My Humble Opinion, nire uste apalean).
- ASAP (As Soon As Possible, ahal bezain pronto).
Siglak
Informatikan sigla asko erabiltzen da: PC, DVD, USB, HTML. Eusko Jaurlaritzaren Ikasmaterialen Aholku Batzordearen estilo-liburuan oinarrituta, oro har, arau hauek jarraitu behar dira:
- Maiuskulaz eta punturik gabe idazten dira.
- Sigla agertzen den lehen tokian, siglaren esanahia ere ematen da (sigla oso ezaguna denean salbu). Esaterako, ez da beharrezkoa DVD zer den esatea, baina bai AMO (addons.mozilla.org webgunea) zer den.
- Siglak marratxorik gabe eta minuskulaz deklinatzen dira, ez baita beharrezkoa marratxoa jartzea sigla (maiuskulan) eta deklinazioa (minuskulan) bereizteko. Arau honek bi salbuespen ditu: siglaren azken letra eta deklinazioaren lehena letra berak direnean (Javaren SDK-k), eta esaldi osoa maiuskulaz idatzita dagoenean (GIMP-EN TUTORIALA). Bestalde, elementu arruntei dagozkien siglak izen arruntak bezala eta bere ahoskera errespetatuz deklinatzen dira: PCak, USBko, URLrik. Izen berezitzat hartzen direnak (enpresen izenak, aplikazioenak...) izen berezi gisa deklinatzen dira: GIMPek, IBMko, KDEn.
- Normalean ez dira euskaratzen, kasu gutxi batzuetan salbu, esaterako PUZ (prozesatzeko unitate zentrala), SE (sistema eragilea), EI (erabiltzaile-interfazea).
2tzul blogean siglei buruzko artikulu interesgarria plazaratu dute.
Data, ordua, neurriak
Data
Dataren ordena normala urtea-hila-eguna da euskaraz eta Euskaltzaindiaren 37. arauan dago araututa.
Data emateko hainbat formatu erabiltzen dira aplikazio informatikoetan. Balioa sistematik hartu ohi da (edo data eremu batetik) baina formatua aplikazioak ezartzen dio. Esate baterako, aplikazioak barne-erabileran timestamp formaturen bat erabil lezake, baina gero gizakiak irakurtzeko moduko formatura bihurtzen da.
Urtea eta eguna zenbakiz adierazten dira baina hila zenbakiz nahiz letraz adieraz daiteke.
Datozen adibideetan ondorengoak hartuko dira kontuan:
Elementua | Formatua | Esanahia |
---|---|---|
urtea | UUUU | 4 zifra: 2011 |
UU | 2 zifra: 11 | |
hila | H | 1 edo 2 zifra: 2 (otsaila), 10 (urria) |
HH | 2 zifra: 02 | |
HHH | laburdura. ots. | |
HHHH | izen osoa: otsaila | |
eguna | E | 1 edo 2 zifra: 5; 15 |
EE | 2 zifra: 05 | |
EEE | asteko egunaren laburdura: og. | |
EEEE | asteko egunaren izen osoa: osteguna |
Hilabeteen eta asteko egunen laburdurak normalean sistemak definitzen ditu (locale edo eskualdeko ezarpenak izeneko atalean), baina aplikazioak ere defini ditzake eta praktikan hala gertatzen da zenbait kasutan. Informazio hau, beraz, sistema eragiletik edo aplikaziotik bertatik har lezake aplikazioak.
Hilabeteen eta egunen izenak eta hauen laburdurak Laburdurak atalean daude definituta.
Gauzak honela, ohiko data-formatuak ondorengoak dira:
Formatua | Adibideak | |
---|---|---|
UU-H-E | 11-2-5 | 11-10-16 |
UU-HH-EE | 11-02-05 | 11-10-16 |
UUUU-HH-EE | 2011-02-05 | 2011-10-16 |
UUUU/H/E | 2011/02/05 | 2011/10/16 |
UUUU HHH EE | 2011 ots. 05 | 2011 urr. 16 |
UUUU HHHH E | 2011 otsaila 05 | 2011 urria 16 |
UUUU(e)ko HHHHren Ea | 2011(e)ko otsailaren 5a | 2011(e)ko urriaren 16a |
UUUU.eko HHHHren Ea | 2011.eko otsailaren 5a | 2011.eko urriaren 16a |
UUUU.eko HHHHk E | 2011.eko otsailak 5 | 2011.eko urriak 16 |
UUUU.eko HHHHren Ea, EEEE | 2011.eko otsailaren 5a, larunbata | 2011.eko urriaren 16a, igandea |
Hobetsitako formatuak, aldiz:
Formatua | Adibideak | |
---|---|---|
UUUU-HH-EE | 2011-02-05 | 2011-10-16 |
UUUU HHH EE | 2011 ots. 05 | 2011 urr. 16 |
UUUU.eko HHHHren Ea | 2011.eko otsailaren 5a | 2011.eko urriaren 16a |
UUUU(e)ko HHHHren Ea | 2011(e)ko otsailaren 5a | 2011(e)ko urriaren 16a |
UUUU.eko HHHHk E | 2011.eko otsailak 5 | 2011.eko urriak 16 |
Datak ematerakoan muga teknikoak daude, momentuz ez baitago hitzak deklinatzen dakien lokalizazio-sistemarik. Hortaz, 2011ko irailean edo irailaren 5ean, asteartean formak ezin dira eman (irailaean eta astearteaan emango lituzke).
Ordua
Orduak ematerako garaian Euskaltzaindiaren 35.araua hartu behar da kontuan. Orduen laburtzapenak ISO 31-1 arauan emandakoak hartzen dira kontuan:
Laburtzapena | Esanahia |
---|---|
h | ordu |
min | minutu |
s | segundo |
Neurriak
Aplikazioetan ohikoa da neurri-sistema bat baino gehiago eskaintzea, baina, aldi berean, gerta liteke aukera bakarra ematea. Aukera arrotza bazaigu euskaldunoi (Fahrenheit graduak, liberak, hazbeteak... ) egokitzea komeni da (Celsius graduak, kiloak, zentimetroak...).
Ikurra | Ingelesez | Euskaraz |
---|---|---|
" | inch | hazbete |
b | bit | bit |
B | byte | byte |
bps | bit per second | bit segundoko |
cm | centimeter | zentimetro |
dpi | dots per inch | puntu hazbeteko |
Gb | gigabit | gigabit |
GB | gigabyte | gigabyte |
Gbps | gigabit per second | gigabit segundoko |
h | hour | ordu |
Hz | hertz | hertz |
kb | kilobit | kilobit |
kbps | kilopit per second | kilobit segundoko |
kHz | kilohertz | kilohertz |
m | meter | metro |
Mb | megabit | megabit |
MB | megabyte | megabyte |
Mbps | megabit per second | megabit segundoko |
MHz | megahertz | megahertz |
min | minute | minutu |
mm | milimeter | milimetro |
s | second | segundo |
Deklinatzeko, ikurra minuskulaz amaitzen denean marratxoa jartzen da eta ahoskatzeko era hartzen da kontuan. Ikurra maiuskulaz badago marratxoa ez da beharrezkoa.
Idatzi | Ahoskatu | Deklinatu |
---|---|---|
bps | be-pe-ese | bps-ko |
Mb | eme-be | Mb-ko |
MB | eme-be | MBko |
mm | eme-eme | mm-ko |
Halere, zenbait kasutan erabiltzaileak laburdura osoa irakur lezake, adibidez, 5 mm agertzen denean, erabiltzaileak bost milimetro ahoskatzen du, ez bost eme-eme. Ondorioz, muga non dagoen ere ez da oso garbi geratzen.
Izen propioak
Ohiko izen propioez aparte (pertsona- eta leku-izenak), propiotzat hartuko dira sistema eragileak (GNU/Linux, Mac OS X, Windows...), programa-izenak (Evince, Firefox, Cheese, LibreOffice...), markak eta beste eta, beraz, ez dira euskaratuko. Halere, kasu batzuetan itzultzen dira, eginbide arruntak direnean: egutegia, kalkulagailua, erlojua. Muga lausoa izan daitekeenez, beste hizkuntzetan egiten denari erreparatzen zaio.
Izen propioak deklinatzeko, marratxoa jarri ohi da eta ortografiari jarraituz deklinatzen dira, ez ahoskerari jarraituz. Adibidez, LibreOffice izen propioaren azken e letra ez da ahoskatzen, baina ortografia aldetik begiratuta bokalez bukatzen da eta, ondorioz, bokalez bukatuko balitz bezala deklinatuko da: LibreOffice-k, LibreOffice-ri.
Ingelesezko zenbait esamolde euskaratzeko modua
Agintera
Euskaraz, ingelesez bezala, "komandoak" edo "aginduak" modu inperatiboan ematen dira (aginduak direnez gero):
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Close Window | Itxi leihoa ( |
Click to play | Egin klik erreproduzitzeko |
Enable Autofill to fill out web forms | Gaitu betetze automatikoa web-formularioak betetzeko |
Aginduak, euskara batuan, modu askotan eman daitezke. Gure lokalizazioetan, agindu laburrak direnean ere, bi arau hauek beteko ditugu:
- Ez da aditz laguntzailerik erabili behar: Inprimatu markoa (
Inprima ezazu markoa) - Aditza beti hasieran: Egin klik eranskinean eta hautatu 'Ikusi'
Literaltasuna
Itzulpenak ez du literalegia izan behar. Kontuan izan behar da hizkuntza bakoitzak bere sintaxia eta gauzak esateko modua dituela. Bestalde, ez da ahaztu behar jatorrizko testuak idazten dituztenak ez direla idazle profesionalak izaten normalean eta, gainera, gero eta gehiago ikusten dira ama-hizkuntza ingelesa ez dutenek eta ingelesa ondo menderatzen ez dutenek ingelesez idatzitako aplikazioak. Horregatik, laguntzetan eta dokumentazioan batez ere, hizkera egokitzea komeni da, zehaztasuna galdu gabe, naturala izan dadin.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
This chapter tells you how to use ... | Kapitulu honetan ... erabiltzen erakusten da |
This will show the week number ... | ... aste-zenbakia azalduko da |
you eta your
Ingelesez you eta your asko erabiltzen dira makulu-hitz gisa. Euskaraz aldiz, normalean aditzean bertan argi geratzen dira zu eta zure direlakoak. Beraz, gehienetan hitz horiek ez dira itzuli behar.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
If you want ... | ... nahi baduzu |
You can ... | ... dezakezu / ditzakezu |
Do you want ... ? | ... nahi duzu? |
When you start ... | ... abiarazten duzunean |
If you try to ... | ... saiatzen bazara |
Managing your Bookmarks | Laster-markak kudeatzea |
Setting your Preferences | Hobespenak ezartzea |
Insert the CD in the CD drive of your computer | Sartu CDa ordenagailuko CD unitatean |
Hala ere, kontuan izan zenbait kasutan ingelesezko bertsioan you eta your beren esanahi osoarekin erabiltzen direla. Kasu horietan hitzok itzuli beharrekoak dira. Adibidez, your settings jartzen duen testu batean, normalean zure ezarpenak itzuli behar izaten da.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
This is a Return Receipt for the mail that you sent to %S. | %S(r)i zuk bidalitako postaren hartu-agiria da hau. |
To configure another profile that you setup ... | Zuk definitutako profil bat konfiguratzeko ... |
When does your work day start, and when does it end? | Noiz hasi eta noiz amaitzen da zure laneguna? |
Click a dot and click O to select your time zone | Zure ordu-zona zehazteko, egin klik puntu batean eta sakatu Ados |
-ing bukaera duten hitzak
Oso ohikoa da ingelesez -ing partikularekin amaitutako hitzak topatzea eta kontuz ibili behar da hauek itzultzean, hitz horien atzean aditzak daudelako batzuetan eta besteetan, aldiz, izenak. Testuingurua zehatz-mehatz jakin gabe, ordea, zaila izaten da zenbait kasutan hitzaren forma atzematea.
Eten-puntuz (...) amaitutako kateetan, kasuen ehuneko handi batean pentsa daiteke ekintza adierazten dela (Loading..., Installing...).
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Japanese text printing mode | Japonierazko testua inprimatzeko modua |
Loading Images | Irudiak kargatzea |
Loading Images... | Irudiak kargatzen... |
Searching Images | Irudiak bilatzea |
There was an error installing %S extension. | Errorea gertatu da %S gehigarria instalatzean. |
Stop Loading | Utzi kargatzeari |
Using the Help Window | Laguntza leihoaren erabilera |
Hainbat
Klik
Saguaren botoia sakatzearen onomatopeia da klik bat. Izen edo aditz forma har dezake eta honela erabiltzen da:
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Click (iz.) | Klik |
Click (ad.) | Klik egin (azalpenetan); Egin klik (aginduetan) |
Double click (iz.) | Klik bikoitza |
Double click (ad.) | Klik bikoitza egin (azalpenetan); Egin klik bikoitza (aginduetan) |
Zenbait lokalizaziotan klikatu ere ikusten da aditz gisa, baina adiera berririk ematen ez zaion bitartean beste esanahi bat du klikatu aditzak.
Klik bikoitza esateko bi klik ere erabili izan da, baina ez da zehatza, klik bikoitza bi klik eta azkar egitea baita. Klik hirukoitza ere badago.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Click Finish to create this new profile. | Egin klik Amaitu botoian profil berria sortzeko. |
Stop animation when double clicked | Gelditu animazioa klik bikoitza egindakoan |
Click here for the address book | Egin klik hemen helbide-liburura joateko |
Default click behavior applet | Applet-ean klik egiteak izango duen portaera lehenetsia |
Windows must be clicked in order to focus them | Leihoari fokua emateko, bertan klik egin behar da |
This option determines the effects of double-clicking on the title bar. | Aukera honek erabakitzen du titulu-barran klik bikoitza egindakoan zer gertatuko den. |
Please
Askotan azaltzen da please hitza ingelesezko testuetan. Euskaraz, aldiz, mesede bat eskatu nahi denean erabili ohi da mesedez. Ordenagailuak eta erabiltzaileak ez diote elkarri mesederik eskatzen. Erabiltzaileak ez dio esaten ordenagailuari Inprimatu, mesedez. Ordenagailuak ez dio erantzuten Zehaztu fitxategia, mesedez. Hortaz, euskaraz ez dira beharrezkoak Mesedez, sartu diskoa edo Itxaron mesedez bezalako esamoldeak.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Please wait while $BrandFullNameDA is being installed. | Itxaron $BrandFullNameDA instalatu artean. |
An error has occured. Please reload the page and try again. | Errorea gertatu da. Berritu orria eta saiatu berriro beranduago. |
Error: please type a comment. | Errorea: idatzi iruzkina. |
This comment is in the Trash. Please move it out of the Trash if you want to edit it. | Iruzkin hau zakarrontzian dago. Editatu nahi baduzu, atera zakarrontzitik. |
Normalean, beraz, euskaraz ez da mesedez jartzen (Sartu diskoa; Zehaztu balio bat; Egiaztatu ezarpenak; Itxaron apur bat) erabiltzaileari mesede bat eskatzeko ez bada, esate baterako, programatzaileak erabiltzailearen iritzia edo oharrak jaso nahi baditu edo webgune batera bidali nahi badu.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
If you have found a bug in one of GNOME applications, please report it! | GNOMEren aplikazioren batean akatsik aurkitzen baduzu, jakinarazi mesedez! |
Please send all comments and suggestions regarding this manual to the GNOME Documentation Project by sending an email to docs@gnome.org | Eskuliburu honi buruzko ohar edo iradokizunik baduzu, bidal ezazu mesedez GNOMEren dokumentazio-proiektura, docs@gnome.org helbidera mezu bat bidaliz |
Please take a few seconds to fill a short questionnaire. | Mesedez, har ezazu tartetxo bat gure galdeketari erantzuteko. |
Should
Ingelesez askotan erabiltzen den hitza da, erabiltzaileari zerbait egin behar duela modu adeitsuan eskatzeko. Euskaraz normalean baldintzarik gabe eta zuzenean eskatzen dira ekintzak.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
The value should belong to the interval [0.00, 30.0]. | Balioak [0,00 - 30,0] bitartekoa izan behar du ( |
Hala ere, ez du beti horrela izan beharrik. Bestalde, badaude should hitza euskaraz emateko beste modu batzuk ere.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
How many days should the calendar display at once?. | Zenbat egun bistaratu behar ditu batera egutegiak?. |
The speed in which panel animations should occur. | Panelaren animazioaren abiadura. |
The help window has been started, it should appear shortly on your desktop. | Laguntza-leihoa ireki duzu, laster zure mahaigainean agertu beharko luke. |
Specify a gconf location in which the applet preferences should be stored | Zehaztu applet-aren hobespenak biltegiratzeko gconf kokaleku bat. |
Esamolde estandarrak
Lokalizazioetan badira askotan errepikatzen diren esamolde kasik estandarrak eta praktikoki beti modu berean ematen dira.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Important | Garrantzitsua |
Warning | Abisua |
Caution | Kontuz |
Select | Hautatu |
Choose | Aukeratu |
Make sure | Ziurtatu |
successfully | ondo |
Note (iz.) | Oharra |
Sasi-lagunak
False friend edo sasi-lagunak direnak ere agertu ohi dira lokalizazioetan. Hona hemen ezagunenak:
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
actual | benetako |
actually | benetan |
advice | aholku |
current | uneko |
data | datuak |
font | letra-tipo |
large | handi |
move | lekuz aldatu; eraman |
resume | berrekin; jarraitu |
summary | laburpen |
Sinboloak eta karaktere bereziak
Itzulpenak egiterakoan sarritan egiten da topo ikur edo karaktere bereziekin. Zertarako diren ulertuta, hobeto bermatzen da itzulpena ondo egitea.
& ikurra
Batzuetan & ikurra "eta" moduan itzuli beharko da, baina badu beste erabilera bat kontuan hartu beharrekoa.
Batzuetan, interfazean azpimarratuta agertuko den hizkiaren aurrean & jartzen da, gero erabiltzaileak teklatuan Kontrol + hizki hori sakatuz eragiketa hori abiarazteko. Hauek euskaratzean kontu handiz egin behar da, katez kate egiteaz gain interfazeko zein lekutan agertzen den oso presente izan behar delako, leku horretan beste aukerak zeintzuk diren begiratuz (ez errepikatzeko). Interfazeko lekuren batean hizki bera eragiketa bitan aukeratu bada, teklatuarekin Kontrol + hizkiak sakatzean eragiketa ez da egingarria izango euskaraz (teklatuarekin behintzat ez, saguarekin bai). Demagun menu hau itzuli behar dugula:
Menuaren lerro originalak_________ | Euskaratu nahi duguna_________ | Ikurra honela jar daiteke |
---|---|---|
&First | Lehenengoa | &Lehenengoa |
&Previous | Aurrekoa | &Aurrekoa |
&Next | Hurrengoa | &Hurrengoa |
&Last | Azkena | A&zkena |
& sinboloak bere lana ondo egin ahal izateko, interfazeko txoko horretan zeintzu aukera aldi berean bistaratzen diren identifikatu behar da, nola euskaratuko den pentsatu eta orduan & zein hizkiren aurrean jarriko den erabaki, errepikapenak saihestuz. Adibideari jarraituz, "&Azkena" euskaratuko balitz, Kontrol + A teklak sakatzean ziurrenik aplikazioak ez du ezer egingo, aldi berean bistaratzen den "&Aurrekoa" katea ere hor dagoelako.