Interfazea
Estilo-liburua |
---|
Arau orokorrak - Interfazea - Laguntza eta tutorialak - Terminologia - Hizkuntzak eta herrialdeak |
Softwarearen lokalizazioan batez ere erabiltzaile-interfazea (EI, edo ingelesez UI, User Interface) itzultzen da, hau baita aplikazioen funtsa hein handi batean. EIa botoiek, azalpen- eta errore-mezuek, laster-teklek, menuek, kontrol-laukiek... osatzen dute.
Interfazeko itzulpenak burutzean hainbat gauzaz arduratu behar da, hala nola botoi eta azalpenen arteko koherentzia mantentzeaz (Amaitu izeneko botoia badago, azalpena Egin klik Amaitu botoian izango da eta ez Egin klik Bukatu botoian), aldagaiei trataera egokia emateaz, laster-teklak ahal den heinean ez errepikatzeaz...
Zenbait aplikaziok, EIaz gain, dokumentazioa, laguntza-fitxategiak eta webguneak ere izaten dituzte lokalizatzeko. Atal honetan interfazeari helduko diogu soilik.
Edukiak
Aditz-modua
Aplikazio informatikoetan erabiltzaileak komandoak erabiltzen ditu ordenagailuari aginduak emateko. Ingelesez agintera (inperatiboa) erabiltzen da komandoak idaztean. Gaztelaniaz, berriz, infinitiboa erabiltzen da. Euskarak ingelesaren bideari jarraitu dio eta agintera erabiltzen du. Izatez, komandoa adierazteko beste euskal ordaina "agindu" hitza da.
Praktikan, honek esan nahi du komandoetako lehen hitza aditza izatea (komandoak aditza duen kasuetan). Esaterako:
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Save Page As... | Gorde orria honela... |
Find Again | Bilatu berriro |
Maiuskulak eta minuskulak
Ingelesezko interfazeetan ohikoa da letra larria erabiltzea komandoetako hitz garrantzitsu guztietan. Euskaraz lehen hitza soilik idazten da maiuskula erabiliz.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Bookmark This Page | Egin orriaren laster-marka |
Subscribe to This Page... | Harpidetu orri honetara... |
Laster-teklak
Laster-teklak komandoetara teklatu bidez iristeko bideak dira. Normalean Alt teklarekin konbinatuz erabiltzen dira. Interfaze grafikoko menuetan komandoaren letra baten azpian ageri den marratxo baten bidez adierazten dira.
Lokalizatzeko prest dauden ingelesezko testuetan laster-teklak ampersand ikurraren bidez adierazten dira.
&OK | &Cancel | Con&tents |
Komenigarria da komandoen maila bakoitzean laster-teklak ez errepikatzea, errepikapenak zaildu egiten baitu laster-teklak erabiltzea. Kontuan izan itzulpena egitean zaila dela jakitea komando bakoitza zein mailatan dagoen, eta horregatik arreta berezia jarri behar da lokalizazioaren alderdi honi ekiterakoan.
Aldagaiak
Software-lokalizazioetan itzuli beharreko testuen ezaugarri bat (nabarmenena beharbada) aldagaien erabilera da. Maiz erabiltzen dira aldagaiak. Euskaratzen den testuan aldagaiak azaltzen dira, eta gero erabiltzaileak ikusten duen mezuan edo bestelako testuan (komandoetan eta titulu-barretan ere erabiltzen dira aldagaiak inoiz) aldagaiaren ordez balio bat (zenbakia edo testua) azalduko da.
Aldagaiaren formatua ez da berdina kasu guztietan.
- Lokalizazioetarako nagusi den PO formatuko fitxategietan % karakterea izaten da. Hurrengo karaktereak adierazten du aldagaia zein motatakoa den: %d (osoko zenbakia), %s (kate alfanumerikoa), %ld (osoko luzea), %u (zeinu gabea) eta abar.
- Chromium-en itzulpenerako, berriz, %{} formatuko aldagaiak daude, esaterako %{SEARCH_ENGINE} edo %{CLOUD_PRINT_NAME}.
- Java aplikazioetan {} motako aldagaiak aurkituko dira, adibidez Unexpected char {0} ({1})! esaldian.
Batzuetan zenbakia edo testua den ziur jakin daiteke, beste batzuetan ez.
Elkarrizketa-koadroak
Zehaztasunak behar dituzten komandoak exekutatzeko aginduak ematen direnean azaltzen diren koadroak dira elkarrizketa-koadroak. Adibidez, fitxategi bat irekitzeko agindua ematen denean, ireki nahi den fitxategia zehaztu behar da; dokumentuak inprimatzeko, zein orrialde, zenbat kopia, zein inprimagailutatik... zehaztu behar da.
Menu-komandoak bukaeran eten-puntuak dituenean, elkarrizketa-koadro bat irekiko dela adierazi nahi du.
Elkarrizketa-koadroen osagaiak ondorengoak izan daitezke:
- Titulua
- Kontrol-laukiak
- Aukera-botoiak
- Eremuak eta eremu-izenak
- Goitibeherak
- Fitxak
- Azalpen-testuak
Tituluak
Elkarrizketa-koadroaren titulua, koadro horretara joateko hautatu den komando-izenaren berdina (edo kasik berdina) izaten da. Komandoaren eta elkarrizketa-koadroaren arteko koherentzia mantendu egin behar da.
Multzoak
Elkarrizketa-koadroko multzoen izenburuek estilo bera jarraitu behar dute, koherentzia manten dadin multzoa osatzen duten elementuekin eta gainerako multzoekin.
Botoiak
Botoietan agertzen diren testuak aginduak izaten dira askotan, baina badira bestelakoak ere: Aukerak… ; Propietateak…
Botoietako testua laburra izan dadin komeni da. Leku gutxi izaten dute, eta pixka bat zabaltzeko aukera eduki arren, hobe da zuhurtziaz jokatzea. Beharrezkoa ez denean hitz bat ken daiteke (Print file -> Inprimatu).
Komandoetan bezala, botoiak hitz bat baino gehiago duenean, lehen hitzaren lehen letra soilik doa maiuskulaz eta, agindua bada, aditza aurrean: Berrabiarazi orain.
Botoietan ere, bukaeran eten-puntuak daudenean, elkarrizketa-koadro bat irekiko dela esan nahi du.
Hiru botoi klasiko: OK, Cancel eta Help. Euskaraz, Ados, Utzi eta Laguntza. Gaztelaniaren eraginez (OK=Aceptar), Onartu ere ikusten da, baina kontuan izan behar da Accept botoia ere klasikoa dela baimena emateko, eta horretarako erabiltzen dela Onartu. Allow esateko, berriz, Baimendu erabil daiteke.
Aukera-botoiak
Elkarrizketa-koadroetan, borobil txiki baten bidez aurkezten diren aukerak dira. Multzo bakoitzeko aukera bakarra hauta daiteke.
Aukera-botoi guztien arteko estilo-berdintasuna zaindu behar da, eta kontuan izan testuingurua zein den.
Kontrol-laukiak
Elkarrizketa-koadroetan eskaintzen diren aukerak dira. Aukera-botoietan ez bezala, kontrol-lauki bat baino gehiago hauta daitezke.
Aurrekoetan bezala, estilo bateratua mantendu behar da eta luzerarekin kontuz ibili.
Testu finkoa
Interfazearen zenbait tokitan erabiltzailearentzako azalpenak eman ohi dira. Testu hauek esaldi luzeak edo hainbat esaldiz osatutako paragrafoak izan daitezke.
Kasu hauetan estilo zuzena eta laburra erabiltzea komeni da. Normalean leku gutxi egoten da batetik, eta mezua azkar ulertzea komeni da bestetik. Kendu alferrikako perifrasiak. Agindua bada, aditza hasieran eta laguntzailerik gabe: Hautatu fitxategia, eta sakatu Inprimatu botoia edo Hautatu fitxategia, eta sakatu Inprimatu (eta ez, Hauta ezazu fitxategia eta saka ezazu Inprimatu botoia). Leku gutxi egoten denez, You should restart the computer bezalakoak emateko aukerak aztertu behar dira: Berrabiarazi ordenagailua.
Aginduak eta azalpenak argi eta labur emateko kontuan izan beharreko puntu batzuk:
- Botoiak sakatu egiten dira eta botoietan klik egiten da
- Teklak sakatu egiten dira
- Aukera-botoiak hautatu egiten dira; aukera bat hartu ere egin daiteke.
- Kontrol-laukiak hautatu edo markatu egiten dira (eta desautatu egiten dira edo marka kendu egiten zaie).
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Click the .... button | Egin klik ... botoian ; Sakatu ... botoia |
Click here | Egin klik hemen |
Click Finish, then click Close. | Sakatu Amaitu, eta Itxi. |
Select this option | Hautatu aukera hau |
Gauza bat egiteko zer egin behar den azaltzen denean (adibidez, hurrengo pantailara joateko botoi bat sakatu behar dela), zer egin behar den adierazten da lehenik ingelesez (botoia sakatu) eta ekintza horrekin zer lortuko den gero (hurrengo pantailara joan). Euskaraz, gehienetan hobeto geratzen da lehenik zertarako egin behar den esatea (hurrengo pantailara joateko), eta ondoren zer (botoia sakatu). Hala ere, kasu bakoitzean erantzun egokiena zein den ikusi behar da.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Click and drag to select audio | Audioa hautatzeko, egin klik eta arrastatu |
Click Forward to proceed to the Identity window. | Identitatearen leihoarekin jarraitzeko, sakatu Aurrera. |
Select one of the following options from the drop-down list box to specify what the applet displays in the panel: | Applet-ak panelean zer erakutsiko duen zehazteko, hautatu aukera hauetako bat goitibeherako zerrenda-koadroan: |
Please click Next to continue. | Jarraitzeko, egin klik 'Hurrengoa'n. |
The profile '%1' requires a password. Enter your password to continue. | '%1' profilak pasahitza behar du. Jarraitzeko, idatzi pasahitza. |
Click 'Forward' to finish | Amaitzeko, egin klik 'Aurrera' botoian |
Hala ere, kasu bakoitzean erantzun egokiena zein den ikusi behar da:
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Select a phone number, and then click OK to continue. | Hautatu telefono-zenbaki bat, eta egin klik 'Ados'en aurrera jarraitzeko. |
When you are finished, click Next to continue. | Amaitutakoan, egin klik 'Hurrengoa'n aurrera jarraitzeko. |
Nahasgarri gertatzen diren bi puntu: different eta subjektuaren gehiegizko erabilera.
- Different
different ez da ezberdina edo desberdina izaten gehienetan:
Ingelesez | Euskaraz (i) | Euskaraz (ii) |
---|---|---|
Setup will install %app% in the following folder. To install in a different folder, click Browse and select another folder. | Instalatzaileak %app% ondorengo karpetan instalatuko du. Karpeta ezberdin batean instalatzeko, egin klik Arakatu botoian eta aukeratu beste karpeta bat. | %app% behean zehaztutako karpetan instalatuko da. Beste karpeta batean instalatu nahi baduzu, egin klik Arakatu botoian eta hautatu karpeta bat. |
Sync different folders on different Computers | Sinkronizatu zenbait karpeta hainbat ordenagailutan |
- Subjektuaren gehiegizko erabilera
Elkarrizketa-koadroetako testuetan eta errore-mezuetan bereziki azaldu ohi den beste kontu bat subjektuarena da. Ingelesez subjektua nahitaez adierazi behar da esaldian, edo pasibora jo behar da bestela. Horregatik, askotan aplikazioaren izena sartzen dute esaldian (Setup cannot continue.; Setup will now close.; Setup is searching for installed components..).; Aplikazioaren izena ez da beharrezkoa izaten euskaraz. Erabiltzaileari aparteko informaziorik ematen ez badio, lasai ken daiteke.
Ingelesez | Euskaraz (i) | Euskaraz (ii) |
---|---|---|
Setup will install the following components: | Instalatzaileak ondorengo osagaiak instalatuko ditu: | Osagai hauek instalatuko dira: |
Setup is searching for installed components... | Instalazioa osagai instalatuak bilatzen ari da... | Instalatutako osagaien bila... |
Word is searching... | Word bilatzen ari da... | Bilatzen... |
%S will now always block images from %S. | %S(e)k beti blokeatuko ditu %S(e)ko irudiak | Hemendik aurrera beti blokeatuko dira %2$S(e)ko irudiak. |
Do you want %S to save your tabs for the next time it starts? | Nahi duzu %S(e)k hurrengo abiarazterako fitxak gordetzea? | Fitxak gordetzea nahi duzu hurrengoan sartzen zarenerako? |
Goitibeherak
Zerrendako sarrera guztiak estilo berean eman behar dira. Esate baterako, denak azalpen moduan edo denak agindu moduan (aditza aurrean dela).
Fitxak
Elkarrizketa-koadroaren barruko menu moduko bat dira. Fitxa bakoitzak elkarrizketa-koadro bat irekitzen du. Menuetan ez bezala, fitxetako testua bi hitzekoa izaten da batzuetan (File locations). Hala ere, ez da ahaztu behar lekua mugatua dela eta ahalik eta laburren eman behar dela itzulpena.
Tresna-barrak
Aplikazioan eskuarki erabiltzen diren komandoen botoiak eskaintzen dituzten barrak dira tresna-barrak. Normalean menu-barraren azpian egoten dira baina pantailako beste leku batean ere azal daitezke.
Tresna-barretan botoiak eta goitibeherak egon ohi dira. Botoien ikonoa, izena edo biak ikus daitezke tresna-barran eta botoi bakoitzaren argibidea ikusten da sagua gainean pausatzen denean:
Beraz, lokalizazioaren aldetik kontrolatu beharrekoak, botoi-izenak (komando-izenen berdinak), goitibeherak (goitibeherei buruz goian esandakoaren arabera) eta argibideak dira.
Argibideak bi eratara uler daitezke: botoiaren izen luzea (=agindua) edo botoia sakatutakoan egingo den ekintza (=azalpena). Interpretazio bat edo bestea eman, aditza hasieran jarriko da edo ez. Adibidez, irekitzeko botoiaren argibidea Open file bada, uler daiteke hori dela aginduaren izena (Ireki fitxategia) edo hori dela botoia sakatutakoan egingo dena (Fitxategia ireki).
Itzulpenean erosoagoa izaten da agindu modua mantentzea, batez ere, zaila izaten delako itzuli beharreko katea noiz den argibidea eta noiz ez jakitea.
Egoera-barra
Aplikazio-leihoaren behealdeko barra da egoera-barra. Hor azaltzen da aplikazioa zertan ari den, hautatutako aginduak zer egiten duen eta abar.
Elkarrizketa-koadroetako testu finkoen eta tresna-barretako botoien argibideen estilo bereko testuak izaten dira. Luzera-kontuetan ez da botoiak eta horrelakoak bezain estua, baina hala ere ez da komeni gehiegi luzatzerik. Bestela, gainerako elementuetan bezala jokatu behar da. Zalantza sor liteke, argibideetan bezala, komandoaren azalpena denean. Beheko ingelesezko adibidean, egoera-barran ikusten dena Merge project... komandoaren azalpena da, komandoak zer egiten duen esaten du. Beraz, aukera ematen du esplikazio moduan euskaratzeko (Existitzen den proiektu fitxategi bat uneko proiektuarekin batzen du) edo Batu proiektua... komandoaren forma luze moduan interpretatzeko (Batu existitzen den proiektu fitxategi bat uneko proiektuarekin). Bigarren aukera hau erosoagoa izaten da itzultzailearentzat.
Errore-mezuak eta abisuak
Mezuetan funtsezkoa da zehatza, argia eta laburra izatea (zakarra izatera iritsi gabe). Ahal dela, esaldi-amaierara iritsi aurretik ulertu behar du mezua erabiltzaileak (fitxategi-izena gaizki idatzi duela, eman duen balioa ez dela egokia, diskoa bete egin dela...). Horrek esan nahi du estilo oso zuzena erabili behar dela, eman behar den mezua ongi ulertu behar dela literaltasunetik ihes egiteko eta sobera egon litezkeen elementuak ezabatu egin behar direla (ingelesak behartutako subjektuak...). Ez dago esan beharrik, mezuko testuaren eta dagokion gaiaren arteko koherentzia mantendu behar dela: mezuan komando, botoi, aplikazio edo horrelakoren baten izena aipatzen bada, jatorrizko izena errespetatu behar da.
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
The site at %S has been reported as an attack site and has been blocked based on your security preferences. | %S gunea gune erasotzaile bezala salatua dago eta blokeatu egin da zure segurtasun-ezarpenetan oinarrituta. |
The page you are trying to view cannot be shown because it uses an invalid or unsupported form of compression. Please contact the website owners to inform them of this problem. | Ikusten saiatzen ari zaren orria ezin da ikusi baliogabeko edo onartzen ez den konpresio mota bat erabiltzen duelako. Mesedez harremanetan jarri webgune arduradunarekin honen berri emateko. |
Check the address for typing errors such as ww.example.com instead of www.example.com. If you are unable to load any pages, check your computer's network connection. If your computer or network is protected by a firewall or proxy, make sure that &brandShortName; is permitted to access the Web | Helbidea ondo begiratu mota honetako erroreak ekiditeko: ww.adibidea.net www.adibidea.net-en ordez. Ezin baduzu inolako orririk kargatu, begiratu zure ordenagailuaren sareko konexioa. Zure ordenagailua edo sarea firewall edo proxy baten bitartez babestuta badago, ziurtatu &brandShortName;k weba nabigatzeko baimenik daukan. |
Ohiko egiturak
cannot = ezin da
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Cannot find this file. | Ezin da fitxategia aurkitu. |
cannot be undone | ezin da desegin |
This message cannot be moved | Mezua ezin da lekuz aldatu |
Cannot create directory because a file or directory of that name already exists | Ezin da direktorioa sortu, badagoelako izen horretako direktorio edo fitxategi bat. |
You cannot view another directory. | Ezin duzu beste direktoriorik ikusi |
This message cannot be sent | Mezua ezin da bidali |
Your password cannot be recovered | Pasahitza ezin da berreskuratu |
unable = ezin da
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Unable to read from %1, it is opened by someone else. | Ezin da %1 irakurri, beste batek dauka irekita. |
Unable to load mail system support. | Ezin da posta-sistemaren euskarria kargatu. |
Unable to contact mail server to check for new messages. | Ezin da posta-zerbitzariarekin kontaktatu mezu berririk dagoen begiratzeko. |
Unable to run Netscape Mail %s. | Ezin da ireki Netscape Mail %s. |
Unable to complete operation because the file NSMAILUI.DLL could not be found. | Ezin da eragiketa osatu ezin izan delako NSMAILUI.DLL fitxategia aurkitu. |
Unable to copy %s: | Ezin da kopiatu %s: |
Unknown character, unable to identify. | Karaktere ezezaguna, ezin da identifikatu. |
Unable to download the requested file; please check that address %1 is correct. | Ezin da deskargatu eskatutako fitxategia; ziurtatu %1 helbidea ondo dagoela. |
We were unable to open this addressbook. Please check that the path exists and that you have permission to access it. | Ezin izan da helbide-liburu hori ireki. Egiaztatu bide-izena ondo dagoela eta sarbidea baduzula. |
could not = ezin izan da
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Could not load: | Ezin izan da kargatu: |
Could not create directory. | Direktorioa ezin izan da sortu. |
Could not open '/proc/meminfo' for reading ('%m'). Make sure the proc filesystem is mounted. | Ezin izan da '/proc/meminfo' ireki irakurtzeko ('%m'). Ziurtatu proc fitxategi-sistema muntatuta dagoela. |
Could not delete file '%s' in folder '%s'. | Ezin izan da '%s' fitxategia ezabatu '%s' karpetatik. |
Could not reset camera. | Ezin izan da kamera berrezarri. |
%S could not be saved, because an unknown error occurred. | %S ezin izan da gorde errore ezezagun bat gertatu delako. |
%S could not be found. Please check the name and try again. | %S ezin izan da aurkitu. Egiaztatu izena eta saiatu berriro. |
%i pictures could not be deleted because they are protected. | %i irudi ezin izan dira ezabatu, babestuta daudelako. |
please verify, check = egiaztatu, begiratu, ziurtatu...
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Please verify that the correct path and file name are given. | Egiaztatu bide-izena eta fitxategi-izena zuzenak direla. |
There doesn't seem to be any wireless devices configured on your system. Please verify your configuration if you think this is incorrect. | Ez dirudi kablerik gabeko gailurik daukazunik sisteman instalatuta. Baldin badaukazu, begiratu ongi konfiguratuta dagoen. |
Please verify that the information below are correct. | Egiaztatu ondorengo datuak zuzenak direla. |
Please verify that your Proxy preferences are correct and try again, or contact the server's administrator. | Ziurtatu Proxy hobespenak ondo daudela eta saiatu berriro, edo galdetu zerbitzariaren administratzaileari. |
Please verify that your Advanced Preferences are set correctly and try again. | Ziurtatu Hobespen aurreratuak behar bezala ezarrita daudela eta saiatu berriro. |
Please check the MSN ID. | Begiratu MSN IDa ondo dagoen. |
Please check your password and try again. | Begiratu pasahitza ondo dagoen, eta saiatu berriro. |
Please check your internet connection | Begiratu Interneteko konexioa ondo dagoen |
Check to see if there is an existing Type that is appropriate | Begiratu lehendik dagoen motaren bat egokia den |
check for broken package(s) | begiratu pakete hondaturik dagoen |
exists / doesn't exist = badago / ez dago
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
File already exists. Use it? | Fitxategia badago lehendik ere. Erabili? |
A printer named \%s\ already exists under %s. | \%s\ izeneko inprimagailu bat badago %s(e)n. |
%s exists, delete? | %s badago. Ezabatu? |
PCMCIA support no longer exists for 2.2 kernels. Please use a 2.4 kernel. | 2.2 nukleoentzako PCMCIA euskarririk ez dago orain. Erabili 2.4 nukleoa. |
There already exists a file name '%s'. Do you wish to overwrite this file? | Lehendik ere badago '%s' fitxategi-izena. Lehendik dagoena gainidatzi nahi duzu? |
%s exists, please move it out of the way. | %s badago, kendu hortik. |
A bookmark titled %s already exists for this page. | Orri honek badu %s izeneko laster-marka bat. |
%s already exists Do you want to overwrite it? | %s badago lehendik. Gainidatzi nahi duzu? |
The name or email address of this contact already exists in this folder. Would you like to add it anyway? | Kontaktu honen izena edo helbide elektronikoa lehendik ere badago karpeta honetan. Hala ere gehitu nahi duzu? |
File exists, overwrite? | Fitxategia badago; gainidatzi? |
Download directory does not exist | Deskargatzeko direktorioa ez dago |
The specified file does not exist. | Zehaztutako fitxategia ez dago. |
The specified path does not exist. | Zehaztutako bide-izena ez dago. |
Addressbook does not exist | Helbide-liburu hori ez dago |
Folder `%s' does not exist. | `%s' karpeta ez dago. |
Trying to edit a vfolder '%s' which doesn't exist. | '%s' karpeta birtuala editatu nahian dabil, baina ez dago. |
doesn't exist or isn't executable | ez dago edo ez da exekutagarria |
no name found, key doesn't exist in rpm keyring! | ez da izenik aurkitu, gako hori ez dago rpm gako-sortan! |
Server was to be spawned by uid %d but that user doesn't exist | Zerbitzaria %d uid-ak abiarazi behar zuen, baina erabiltzaile hori ez dago |
The subdirectory %dir% doesn't exist on this site or the filename %file% "is already in use by another subdirectory. | %dir% azpidirektorioa ez dago gune honetan, edo %file% fitxategi izena beste azpidirektorio batek erabiltzen du. |
Destination directory doesn't exist | Helburu-direktorioa ez dago |
an error occurred = errorea gertatu/izan da
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
There was an error during packages installation: %s | Errorea izan da paketeak instalatzean: %s |
There was an error downloading data | Errorea izan da datuak deskargatzean |
error ... -ing = errorea ...-tzean
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
Error saving file: %s | Errorea fitxategia gordetzean: %s |
Error loading file: %s | Errorea fitxategia kargatzean: %s |
Error accessing file: %s | Errorea fitxategia atzitzean: %s |
Beste batzuk
Ingelesez | Euskaraz |
---|---|
failed | huts egin du |
try again later | saiatu berriro geroago |
anyway | hala ere |
Out of memory | Memoriarik ez ; Ez dago nahikoa memoria |
Invalid | Baliogabea ; Ez da baliozkoa |
Insufficient disk space! | Ez dago nahikoa leku diskoan! |
Please free up %s MB of disk space and then press O.K. | Libratu %s MB diskoan eta sakatu 'Ados'. |