Laguntza eta tutorialak
Estilo-liburua |
---|
Arau orokorrak - Interfazea - Laguntza eta tutorialak - Terminologia - Hizkuntzak eta herrialdeak |
Laguntza-fitxategiek aplikazioak nola funtzionatzen duen erakusten dute, aplikazioa erabiltzen ikasten laguntzen diote erabiltzaileari, zalantzak argitzen laguntzen diote. Beraz, lehen lehenik, ezinbestekoa da erabiltzaile-interfazean erabiltzen diren izendapen berberak erabiltzea: menu, komando, aukera, eginbide eta gainerakoen izenak zorrotz mantendu behar dira.
Hizkerari dagokionez, argia, zuzena eta laburra izan behar du. Argia, helburua erabiltzaileari ulertaraztea delako. Zuzena, alferrikako perifrasiekin ulermena zaildu besterik ez delako egiten. Laburra, erabiltzaileak behar duen informazioa bereganatzeko ahalik eta denbora gutxien behar izan dezan. Kontuan izan behar da laguntza-fitxategien xedea zerbait egiteko (esate baterako dokumentuaren zati bat neurri edo formatu berezi batekin inprimatzeko) informazioa ematea dela.
Horregatik, laguntzaren helburua erabiltzailea azkar eta erraz jabetzea da, denborarik ez galtzea egin nahi duen hori (irudiaren atzeko planoko kolorea aldatu; funtzio bat txertatu; orrialde-zenbakia gehitu...) nola egiten den ikusteko.
Erabiltzaile-interfazean testuak eta mezuak labur ematen saiatu behar da, pantailan leku gutxi egon ohi delako. Laguntza-fitxategietan horrelako leku-mugarik izaten ez den arren, laburra izatea komeni da erabiltzaileari denborarik ez galarazteko baina, hori bai, argitasuna galdu gabe: laburtasuna, argitasuna eta zehaztasunaren arteko oreka bilatu behar da, erabiltzaileari erakustea helburu hartuta.