Izan ahobizi digital

200.000 lagun inguru ibili dira, ibili gara, aurtengo Euskaraldian. Euskararekin jarrera (pro)aktiboa erakutsi nahi dutenak ez dira gutxi. Baina horietako batzuek, Interneten nabigatzerakoan, askotan ez diote euskarari beraiek nahi haina lehentasun ematen. Gailua konfiguratzea zaila iruditzen zaizu? Nola konfiguratu ez dakizu? Bada, Euskaraldia izan daiteke urrats hori emateko behar duzun bultzada eta teknologia alorrean ere zure ohiturak aldatzen hasteko.

Aurkibidea

1. Konfiguratu nabigatzailea euskaraz

Interneten aurkitu ditugu Chrome erabiltzaileentzako aholkurik: “Chromek oraindik ez du ematen aukerarik euskara hautatzeko edukien hizkuntza definitzean (…) Xuxen instalatu eta gero, euskarazko zuzentzaile gisa konfiguratu beharrean, suedierazko zuzentzaile bat dela esan behar zaio Chromeri. Oraingoz, hori da euskarazko testuak Chromen zuzentzeko modu bakarra”.

Librezaletik, baina, behin baino gehiagotan gomendatu dugu, Xenpelarrek berak egingo lukeen legez, nabigatzailea hautatzerakoan Android sistema eragileak lehenetsita eskaintzen duen Chrome hori alboratzeko eta Mozilla Firefoxen alde egiteko. Firefox euskaraz dago eta Xuxen, Euskalbar, Datraolat eta Labur.eus bezalako euskaldunontzako gehigarri ezinbestekoak erraz instala daitezke.

2. Konfiguratu Android euskaraz

Telefono edo tableta berri bat erosterakoan, hobetsi euskaraz konfiguratu daitekeen bat. Marka batzuek euskara kontutan dute baina beste batzuek ez. Egindako azterketa batek, merkatuko telefonoen % 65a euskaraz erraz konfigura zitekeela erakutsi zuen. Gailua erosi baino lehen ondo begiratuz gero, ezin izango duzu, agian, zeure herriko azpieuskalkia hautatu, baina gutxienez, euskara estandarra hautatu ahal izango duzu.

Android Euskaraz 4 urratsetan

Ezarpenak > Hizkuntza eta idazketa > Hizkuntzak > Euskara




Eta erosi dudan Android horrek ez badu euskararik eskaintzen?

Ordenagailuekin erraza da sistema eragile osoa euskaraz instalatzea; Linux banaketa egokia bilatu eta kito ;-). Telefonoen kasuan ez da hain erraza, baina telefono batzuek LineageOS Android ROM librea onartzen dute. Etorkizun oparoa opa diogu, baina oraingoz erabiltzaile arruntek berau instalatzeko zailtasunak izan ditzakete.

Eta euskaraz jar ezin daitekeen sakelako telefono bat baduzu, ez larritu, euskaraz dauden hainbat aukera eta aplikazio dituzu. Gutxienez telefonoko teklatua euskaraz jarri ahal izango duzu, zuzentzaile automatiko eta guzti gainera! Android gailu guztietan AnySoftKeyboard teklatu librea erabilgarri dago eta Librezaletik biziki gomendatzen dizugu.

Eta iOS?

Kontuan izan ezazu Apple enpresak euskara ia erabat baztertuta daukala. iPad edo iPhone bat erosten baduzu, erdaraz erabili beharko duzu. Ezagutzen dugun zirrikitu bakarra Librezaleko kide batek egindako itzulpena da.

Eta Chromebookak?

Ikastetxe askotan erabiltzen diren Chromebookekin, oraingoz, jai dugu. Sistema eragilea erdaraz, ezinbestean, eta ez dute Firefox euskaraz instalatzeko aukerarik ere ematen.

3. Sare sozialetan, izan libre, izan euskaldun

Librezale taldean beti hobetsi dira zerbitzua euskaraz ere eskaintzen zuten sare sozialak, eta horien artean software librean oinarritutakoak, deszentralizatuak, eta pribatutasuna eta segurtasuna lehenesten dutenak. Librezale taldeko baten bat animatzen bada eta zerbitzua euskaratzen badu, horra, behar genuen guztia.

Facebook, Youtube edo Instagram bezalako guneen alternatibak bilatzen baldin bazaude, gu ere bai. Hobeto esateko, guk topatu ditugu batzukĀ ;-). Alternatiba libreagoak, deszentralizatuak, euskaratuak. Horrela, Librezale taldeko kide askok hasieratik jo dute Mastodon sare sozialera. Gure arteko bat-bateko mezularitza sistemarik erabiliena Matrix protokoloan oinarrituta dago, eta PeerTube (YouTube antzekoa, librea, federatua) euskarara ekarri dugu ere, etorkizuna sare libre eta federatuetan dagoela uste dugulako.

4. Konfiguratu zure webgunea

Garatzailea bazara, edo webgune bat baduzu (zure elkartearena, udalarena…) jakin ezazu garrantzitsua dela zure webguneak ere lehen hitza euskaraz ematea. Garatzaile euskaltzale baina hasiberria bazara eta kontu hauetan laguntza behar baduzu, batzuek eskaintzen dute.

Informazio gehiago

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>