LibreOffice 6.2, interfaze aldetik aldaketa aipagarriak dakartzan bertsio berria

Sei hilabetetik behin argitaratzen du The Document Foundation fundazioak LibreOffice aplikazio multzoaren bertsio berria, eta oraingoan 6.2 zenbakiduna argitaratu dute. Berritasun nagusia da dagoeneko argi berdea eman diotela interfaze berriei, azken bi urteetako bertsioetan proba modura izan ondoren.

Modu lehenetsian LibreOfficek betiko itxura izango badu ere, beste mota bateko interfazeak probatu nahi dituenak horretarako aukera izango du. Microsoft Officek ezagun bihurtu zituen ribbon motakoak dira, eta momentuz bi daude erabilgarri: fitxadun barra eta multzo-barra konpaktua. Joan ‘Ikusi -> Erabiltzaile-interfazea’ atalera eta aukeratu bat, nola dabiltzan ikusteko.

Writer multzo-barra konpaktuarekin.

Impress fitxadun barrarekin.

Itxurarekin jarraituz, SVG formatuko ikonoen multzo berriak datoz LibreOfficekin, baina oraindik modu esperimentalean soilik argitaratu dituzte. SVG formatua bektoriala da eta, beraz, printzipioz hobeto funtzionatu beharko lukete edozein tamainatako pantailetan. Ikono multzo berriak probatzeko, joan ‘Tresnak -> Aukerak -> LibreOffice -> Ikusi’ atalera.

Beste formatu batzuk ulertzeko bidean ere hobekuntzak egiten jarraitzen dute garatzaileek. Batez ere PPTX eta EMF formatuak hobeto ulertzeko eta maneiatzeko ahaleginak egin dira bertsio honetarako.

Bestalde, aplikazio bakoitzean egindako hobekuntza nagusiak honakoak dira:

Writer

  • Kalkulu-orri bateko gelaxkak Writerreko taula batera kopiatzen direnean, orain taula modura txertatuko dira.
  • Goiburukoak eta orri-oinak lantzeko elkarrizketa-koadro berriak sortu dira.

Calc

  • Aldagai anitzeko erregresioak egiteko aukera sortu da.
  • Sinadura-lerroak erabiltzeko aukera gaitu da.

Impress eta Draw

  • Animazioei eta erabiltzaile-interfazeari lotutako zenbait hobekuntza egin dira.

Base

  • Firebird datu-baseak Basen integratzeko hasierako urratsak egin dira.
  • MariaDB onartzeko lanak egin dira.

LibreOffice 6.2 euskaraz dator osorik, bai interfazea bai laguntza. Akatsen bat ikusten baduzue edo euskarazko bertsioa mantentzen lagundu nahi baduzue, jarri harremanetan gurekin gure komunikazio-kanalen bidez.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>