[Librezale] Librezaleren asanblada berria
Julen Ruiz Aizpuru
julenx a bildua gmail.com
Al, Eka 15, 10:57:55, CEST 2020
Aupa Asier, aupa Librezale,
Hau idatzi du Asier Gmail (asier.sarasua at gmail.com) erabiltzaileak
(2020 eka. 14, ig. (17:35)):
>
> Aupa denoi.
>
> Matrix/Telegram kanalean eztabaida bat sortu da Librezaleren izaeraren
> inguruan, batez ere azken aldian sortu den "Hezkuntzan ere Librezale"
> taldearen sorrerari lotuta. Badirudi asanblada bat egiteko unea iritsi
> dela. Ba al dauka inork hori antolatzeko denborarik/baliabiderik?
Ni ez nago inongo txat kanaletan [1] eta eskerrik asko beraz mezua
partekatzeagatik! Matrix kanala ere begiratu dut eztabaidaren gaineko
testuinguru gehiago izateko (barkatuko didazue baina aitortzen dut
lehenengo aldiz sartu naizela bertan).
Irakurritako mezuetatik ulertzen dudana zera da:
- Librezale eta HeL lantalde ezberdinak dira.
- Librezale eta HeL taldeek azpiegitura partekatzen dute librezale.eus
aterkipean.
- Librezale eta HeL taldeek helburu eta jardun-eremu antzerakoak
dituzte baina eragiteko moduak ezberdinak dira.
- HeL taldeak dinamika propioa du eta hezkuntza arloko (are: teknikoak
ez diren) jende aktibo dezente inguratu du bi taldeetara (bide batez
esanda, ZORIONAK!).
- HeL taldeak publikoki egin ahal izandako adierazpen batzuk tarteko,
gaizki-ulertu edo desadostasunak egon dira. Batzuk minduta sentitu
dira.
- Hau guztia argitzeko asanblada egin nahi da. Eta tira, garaia ere
badelako! Batzuk esandakoaren kontrara, azken juntadizoa 2016aren
hondarrean izan zen ;) [2].
Ulertutakoak zuzenak badira, nire aldetik ondorengoa gaineratu nahi dut:
- Datozen asteotan asanbladarik egingo balitz, fisikoki ezingo dut
parte hartu eta streaming bidez ere ezezkoan nago. Denbora batez
offline egotekotan naiz [3], hasiera batean apiriletik aurrera bazen
ere... COVID-19 eta hori guztia, badakizue.
- Bere garaian posta-zerrendan galdetu zen HeL lantaldeari azpiegitura
zehatza emateko [4] eta ez nuen ezer esan ez nuelako arazorik ikusten.
Lantaldeari buruz irakurtzen nuen lehen aldia ere bazen eta izenari ez
nion garrantzia gehiegirik eman.
- Librezaleren oinarriak ulertzeko nire modua Asierrek edo Osoitzek
adierazitakoaren bidetik doaz: talde, ez elkarte, diru-laguntzarik ez,
asanblada, egin > hitz egin. 2004an taldea ezagutu nuenean hala zen
eta hala izan da beti. Aipatu den gisan, denbora horretan diruz
lagundutako beste zenbait egitasmo jaio eta hiltzen ikusi ditugu eta
bien bitartean, burugogorkeriaz bada ere, guk hemen diraugu. Hortaz,
asanbladan +1 bat eman beharko balitz, hortxe nire bozka.
- HeL taldea independentea den heinean, bere izateko eta jokatzeko
modua edota etorkizuneko asmoak ez baletoz Librezaleren oinarriekin
bat, uste dut onena bere izena aldatzea proposatzea izango
litzatekeela, 'Librezale' hitza izan ez zezan. Berdin webgunearen
helbidearekin. Honek nahasmena ekiditea eta bakoitzak bere izaera
gatazkarik gabe izan eta garatzea ahalbidetuko luke.
Hau esanda, azpiegitura partekatzen jarraitzeko ez dut inongo arazorik
ikusten; iraganean hau ere egin izan da airean.net aterkipean izaera
anitzeko taldeak batuz.
Lagungarri delakoan, ondo izan denok eta zaindu!
Julen.
[1] https://librezale.eus/pipermail/librezale/2017-December/013485.html
[2] https://librezale.eus/pipermail/librezale/2016-December/013262.html
[3] https://librezale.eus/pipermail/librezale/2020-January/013701.html
[4] https://librezale.eus/pipermail/librezale/2019-October/013668.html
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago