Euskarazko lokalizazio bat instalatzea

Librezale.eustik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Aplikazio bat euskaratu ondoren, askotan berehala erabili nahi izaten dugu euskarazko bertsioa. Itzultzaileak berak ere itzulpena nola geratu den ikusteko beharra du, akatsak zuzentzeko.

Tutorial honetan euskarazko bertsioa momentuan erabili ahal izateko urratsak azaltzen dira, PO fitxategien bidez euskaratzen diren aplikazioetarako eta GNU/Linux sistemen kasurako. PO fitxategia zer den ikasteko, begiratu hemen.

PO fitxategia eskuratu

Aplikazio bakoitzaren garatzaileek itzulpena nola bideratu duten ikusi behar da hasteko. Gaur egun softwarea garatzeko toki asko daude, eta bakoitzean modu batera edo bestera eskura daiteke PO fitxategia. Itzulpenak eskuratzeko toki batzuk hauek dira:

Launchpad-en kasuan, izena eman behar da fitxategiak deskargatu ahal izateko. Gainerako tokietan ez da beharrezkoa.

PO fitxategia MO fitxategi bihurtu

PO fitxategiak gure sisteman erabili ahal izateko, MO formatura bihurtu behar ditugu. Hori egiteko, gettext tresna instalatu behar dugu (administratzaile modura edo sudo erabiliz):

apt-get install gettext

Ondoren, msgfmt agindua erabiliko dugu PO fitxategitik MO fitxategi bat sortzeko, honela:

msgfmt aplikazioa.po -o aplikazioa.mo

Launchpad-ek zuzenean MO fitxategiak deskargatzeko aukera ematen du.

MO fitxategia dagokion lekuan kopiatu

Normalean GNU/Linux sistemetan aplikazioaren hizkuntza-fitxategiak /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES karpetan egon ohi dira.

Aplikazio bakoitzaren fitxategia nola deitu behar den jakiteko, begiratu beste hizkuntza bateko karpetan, adibidez hemen: /usr/share/locale/en_GB/LC_MESSAGES.

Adibidez, Transmission aplikazioaren fitxategia transmission-gtk.mo deitzen da. Orduan, aski da cp komandoa erabiltzea administratzaile-baimenekin fitxategia bere lekura kopiatzeko. Adibidez:

sudo cp /home/erabiltzailea/Mahaigaina/transmission.mo /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES/transmission-gtk.mo

Oharra: aldatu "erabiltzailea" zure erabiltzaile-izenarekin.

Adibide praktikoa

Demagun GNOMEren gedit aplikazioaren euskaratzean aldaketak egon direla eta azken eguneko euskaratze hori erabili nahi dugula.

Hasteko, deskargatu PO fitxategia dagokion lekutik eta gorde mahaigainean:

http://l10n.gnome.org/POT/gedit.master/gedit.master.eu.po

Ondoren, bihurtu MO formatura eta gedit.mo izena eman:

msgfmt /home/erabiltzailea/Mahaigaina/gedit.master.eu.po -o /home/erabiltzailea/Mahaigaina/gedit.mo

Amaitzeko, kopiatu fitxategia bere lekura:

cp /home/erabiltzailea/Mahaigaina/gedit.mo /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES/gedit.mo

Azken bi urrats hauek urrats bakarrean egin daitezke:

msgfmt /home/erabiltzailea/Mahaigaina/gedit.master.eu.po -o /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES/gedit.mo

Nola erabili aplikazio bat euskaraz, sistema eragilearen hizkuntza beste bat denean

Aplikazio batek euskarazko bertsioa duenean, sistemaren hizkuntza beste bat izan arren aplikazioa euskaraz erabil daiteke komando-lerrotik LANG aldagaia ezarrita. Euskararako bi aukera daude, biak berdin funtzionatzen dutenak, eu_ES edo eu_FR adieraztea (eu ez dabil). Adibidez Shotwell euskaraz ireki nahi badugu, honela egin behar da:

LANG=eu_ES.utf8 shotwell

edo

LANG=eu_FR.utf8 shotwell