Auzolan digitala abian da

Librezale.eustik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Auzolan digitala abian da!

(apirilaren 1ean 12:00etan librezaleko blogean argitaratzeko)

Euskararen aldeko maratoirik ezagunena eta handiena hastear dago, Korrika! Apirilaren 4tik 14ra euskararen herria zeharkatu du eta Librezaleko kideok ere, nola ez, kirol zapatilak jantzi eta beste milaka lagun euskaltzalerekin batera korrika egingo dugu. Horretaz gain, euskal hiztunen laguntza behar duen beste maratoi berri batean ere parte hartuko dugu. Ekimen berri hau apirilaren 9an hasiko da ofizialki, dagoeneko hainbat pertsona laguntzen hasiak badira ere. Maratoi honetan parte hartzeko baina, etxeko txapinak soinean dituzula parte har dezakezu!

Milaka euskaldunen laguntza behar duen auzolan digital honen helburua, euskaldunok modu boluntarioan, datozen hilabeteetan euskarazko ahotsez osatutako 10.000 ordu grabatzea da. Parte hartzeko Interneteko nabigatzaile bat eskura izatea nahikoa da, oso erraza!


Lagundu nahi?

Lagundu nahi baduzu, egin ondokoa:

  1. https://voice.mozilla.org/eu ireki nabigatzaile batekin.
  2. "Hitz egin" aukera sakatu.
  3. Irakurri ozen agertzen zaizkizun esaldiak, jarraibideei jarraituz.

Dagoeneko egin diren grabaketak balioztatzen ere lagun dezakezu. Horretarako, sakatu "Entzun" eta jarraitu argibideei. Oso erraza da eta ordenagailu batetik zein zure sakelako telefonotik egin dezakezu. Hori bai, leku isil batean grabatzea gomendatzen dizugu, grabaketek kalitate ona izan dezaten.

CommonVoice sakelakoan.png

Pertsona mota askotarikoak behar ditugu, genero, adin eta zonalde desberdinetakoak, lortuko dugun motorra ahots-mota desberdinak ulertzeko gai izan dadin. Edozein ordutan eta edozein lekutik har dezakezu parte, hobeto datorkizun gailutik. Anima zaitez eta anima itzazu ere zure ikaskide, lankide eta lagunak. Grabaketa asko eta asko bildu behar dira hizkuntza baten ezagutza egiten duen sistema bat garatzeko, baina ez dago beste biderik gure gailuei soilik erdaraz hitz egiten bukatu nahi ez badugu.

Euskarak behar zaitu! Egin klik goiko estekan!

Edonolako zalantzarik baduzu edo laguntza behar baduzu, galdetu lasai Librezalen edo animatu datozen hilabeteetan antolatuko ditugun maratoietara hurbiltzen. Lehenengoa, apirilaren 9an 18:00etatik 20:00etara Hirikilabs-en, Donostiako Tabakaleran. Prozedura argi eta garbi azalduko dizute bertaratzen zareten guztioi eta ziur barre batzuk ere botako ditugula esaldiak grabatzen. Animatu!

(argiaren bideoa hemen kapsulatuko dugu publiko egiten denean (gutxi gorabehera honela):>

<iframe width="1280" height="728" src="https://www.youtube.com/embed/StGXIdxj6W8" frameborder="0" allow="accelerometer; autoplay; encrypted-media; gyroscope; picture-in-picture" allowfullscreen></iframe>

Proiektuaren xehetasunak

Zertarako behar dira, bada, euskarazko hainbeste grabaketa? Gure gailuak euskara ulertzeko gai izan daitezen: sakelako telefonoek, ordenagailuek, telebistek, laguntzaileek... Teknologia hau gurean da dagoeneko eta hain erosoa izanik, hemendik aurrera gailuak hizketaren bidez erabiltzea oso arrunta bihurtuko da. Baina kontuz, euskaldunok, gailuei erdaraz hitz egin beharko baitiegu: frantsesez, gaztelaniaz eta ausartenek baita ingelesez ere. Hizkuntza txikiak mintzatzen dituzten ehunka milioi pertsonek arazo bera pairatuko dute mundu osoan eta erosotasunaren tranpan jausita, beraien ama hizkuntzak bazter usteko arrazoi bat gehiago izango dute. Hizkuntza teknologiak ingelesez aurreratuago daude eta anglosaxoiak konturatzen hasiak dira dagoeneko guzti hau dialektoentzat arrisku berri bat dela.

Teknologia enpresa erraldoiek, hizketaren ezagutzarako motorrak sortu dituzte: Google Assistant, Apple Siri, Microsoft Cortana, Amazon Alexa... Sistema hauek enpresa horien kontrolpean daudenez, etekin ekonomikoak lehenesten dituzte eta ondorioz, ahalik dialekto eta hizkuntza gutxien ezagutzeko prestatzen dira; lurralde batean zabaltzeko ezinbestekoak direnak besterik ez. Gainera, beste software batzuk ez bezala, hizketaren ezagutza sistemak garatzea bereziki zaila da eta euskara, munduko beste hizkuntza txiki asko bezala, ez da inoren plan ekonomikoetan sartzen. Beraz, laster telebista, sakelako telefono eta beste tramankulu batzuk hizketaren bidez erabiltzea gauzarik erosoena eta arruntena bihurtuko dela badirudi ere, euskaldunok gailuei erdaraz mintzatu beharko diegu. Testu-interfazeak euskarara itzultzea lan asko ez bada ere, oso enpresa gutxik egiten dute eta hori da, besteak beste, Librezalek hainbat aplikazio libre euskaratzearen arrazoia. Ahots-interfazeek eskatzen duten lana askoz handiagoa da eta ezin gara kanpoko inortxok euskararen alde egitearen zain egon.

Mars hizketan.png

Zorionez, Mozilla fundazioak egoera honi aurre egiteko software librean oinarritutako ekimen bat jarri du martxan, Common Voice izenekoa. Besteak beste Firefox nabigatzaile librea garatzen duen fundazio indartsu honek, hizketaren ezagutzarako motor libre bat garatuko du ikasketa automatikoa baliatuz (adimen artifizial mota bat). Korporazioek bazter uzten dituzten gero eta hiztun komunitate gehiago, ekimen honetara hurbiltzen hasiak dira eta denok batera, mundu mailako proiektu eleaniztun hau aurrera aterako dugu. Euskararekin batera, beste 20 hizkuntza ari dira ahots grabaketak biltzen (ingelesa, alemana, frantsesa, gaztelania, katalana, pertsiera...) eta 70 hizkuntza gehiago grabaketak egin ahal izateko prestaketetan dabiltza (txinera, georgiera, japoniera, suomiera, maldivera, telugua...). Euskara hizkuntza txikia izango da baina euskaldunok auzolanerako dugun gaitasuna erraldoia da eta horregatik, partaide guztion artean, 10.000 ahots ordu horietara heltzea espero dugu.

CommonVoiceOrokorra-600px.jpg

Gainera, ekimen hau aurrera ateratzen badugu, hiztunon pribatutasunari lehentasuna emango dion motor librea lortuko dugu. Izan ere, gorago aipatutako korporazioek, doako zerbitzuak eskaintzen dizkigute herritar guztioi gero gure datu pribatuekin mozkinak ateratzeko. Horregatik, hain zuzen, aipatutako ahotsaren ezagutzarako sistema horiek esaten diegun guztia grabatu eta beraien ostalarietan gordetzen dute, gure datu pribatu horiekin ere dirua ateratzeko. Common Voice proiektuko motorra gure gailuan bertan exekutatuko da eta beraz, gure ahotsa ez du inora bidaltzen. Gure hitzak gailuan bertan prozesatuko dira eta kito. Ohi bezala, herritarren beharrak eta eskubideak benetan helburu bezala eta ez aitzakia bezala dituzten software libreko proiektuek, teknologiak beste era batera sortzeko modua dagoela erakusten digute.

Librezaleok, eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Mozilla fundazioari, software eta eduki libreen komunitateari eta auzolan digital honetan parte hartzen ari zareten eta parte hartuko duzuen lagun guztioi. Mila esker guztioi!