Librezalek komunikazio kanal libre berria du: Matrix

Librezaleok diglosia teknologikoan bizi gara bai, baina begirada atzera botatzea besterik ez dago egunez egun hobera goazela baieztatzeko.

Web-foroak kendu genituenean, ordezko komunikazio kanalaren bilaketan, ez genuen aurkitu erosotasun maila baliokidea zuen beste kanalik eta Telegramen talde bat sortu genuen. Zerbitzariak ez, baina Telegramen bezeroak eta protokoloa libreak dira. Baina denbora aurrera doa eta ez dirudi Telegramen zerbitzaria librea izango denik eta gainera, software libreak erosotasun bertsuko aukera berriak eskaintzen dizkigu.

Posta zerrendan hasi eta Telegram taldean jarraitutako komunikazio kanalen inguruko hausnarketaren lehen ondorio praktikoa hemen dugu: Librezale gela Matrixen

LibrezaleMatrix.png

Goiko irudian ikusten duzuna, Riot web bezeroa da. Riot erreferentziazko Matrix bezeroa da. Riotek Web, Android (F-Droid, Google Play) eta iOS bezeroak ditu, eta Matrix bezero gehiago ere badaude.

Telegram taldearen eta Matrix gelaren arteko zubi bat ezarri dugu, eta batean zein bestean daudenak, kanal desberdinetan egon arren, elkarrizketa berean parte hartzen dute, batean esaten dena momentuan ikusgai baitago bestean, eta alderantziz. Era honetan, Telegramen jarraitu nahi dutenek, hori egiteko aukera dute, baina Matrixera pasatu nahi dutenek, hori egin dezakete eta denok elkarren artean mintzatzen jarraitzen dugu.

Zer da Matrix?

Matrix komunikazio sare federatu libre bat da, eta software librearen apustua bihurtzen hasi da.

Egin dezagun memoria: ICQ errege izan zen bapateko mezularitzan eta desagertu, MSN berdin, eta gauza bera gertatu daiteke WhatsApp edo Telegramekin. Bestalde e-posta, IRC eta XMPP bizirik diraute eta hala iraungo dute zerbitzariak martxan mantentzeko prest dauden pertsonak dauden bitartean. Lehenak sare zentralizatuak dira. Bigarrenak berriz sare libre eta federatuak dira.

Matrix bigarren taldekoa da, eta IRC edo XMPP baino aurreratuagoa izan nahi du, bai erabiltzaileari eskaintzen dion funtzionaltasun mailan, bai sarearen funtzionamenduan.

Bere erabilera ulertzeko modurik onena, probatzea da: Librezale gela Matrixen

Bideo honetan Matrix sarea nola dabilen azaltzen da: FOSDEM 2017: Encrypting Matrix

Bonus: Nola ezarri Telegram talde baten eta Matrixeko gela baten arteko zubia?

  1. Gonbidatu tchncs_bot bota zure Telegram taldera.
  2. Idatzi /alias Telegram taldean. Botak taldearen aliasarekin erantzungo du.
  3. tchncs.de zerbitzariko Matrix erabiltzaile bat erabilita, Matrix gelaren ezarpenetan gehitu alias hori gelaren helbide gisa.
  4. Probatu, sare batetik bidaltzen duzuna bestean agertzen da? Dirudienez, oraingoz, zubiak Telegrameko zein Matrixeko testuak, irudiak eta bideoak transmititzen ditu. Telegrameko eranskailuak ere heltzen dira Matrixera irudi modura.

Iruzkin bat