Iritsi da LibreOffice 6.0, beste urrats bat gure dokumentuak askatzeko

Bulegorako gure aplikazio multzo gogokoenaren zazpigarren urteurrena bete da, eta hori ospatzeko, bertsio berria argitaratu dute The Document Foundation fundaziokoek.

Asko dira 6.0 bertsioak dakartzan berritasunak, hemen irakur daitezke denak. Nabarmenenak honakoak dira:

  • Oraindik aurrera, dokumentuak OpenPGP erabilita zifratu eta sinatu daitezke. Are gehiago, zifratzea paragrafo-mailan aplikatu daiteke, dokumentu baten barruan nahi diren zatiak soilik babesteko.
  • Interfazeari dagokionez, MS Office suitearen Ribbon interfazearen antzekoa den koaderno-barraren garapenak aurrera darrai. Aldaera berriak ditu orain: “multzo-barra osoa” deitu duguna (ingelesez “Grouped Bar Full”) eta “fitxadun barra konpaktua” (“Tabbed Compact”). Ribbon horren zaleak bazarete, ez galdu aukera eta probatu modu horiek.
  • Karaktere bereziak txertatzeko elkarrizketa-koadroa eta menuak pertsonalizatzekoa osorik berregin dira.
  • Posta-konbinazioko koadroan orain Writerreko taula bateko datuak edo XLSX batekoak erabil daitezke helbideak eskuratzeko.
  • Lineako laguntza-sistema osorik berregin da, gailu mugikorretara hobeto molda dadin. Euskarazko bertsioari dagokionez, kontuan izan orain oso-osorik daukagula laguntza euskaratuta. Honako helbidean kontsulta daiteke: http://helponline.libreoffice.org/
  • Idazkeraren zuzentasunari lotutako hobekuntza bat dakar LibreOfficek: gramatika-eredua izeneko eginbide berria du. Horri esker, hiztegietan hitz berriak sartzen direnean, hitzon deklinazioa, atzizkiak, aurrizkiak… nolakoak izan daitezkeen esan diezaiokegu LibreOfficeri, lehendik hiztegian dagoen beste hitz bat eredutzat hartuta.
  • Bateragarritasuna gero eta hobea da MS Office dokumentuekin, eta formatu gehiago irakurri eta idatzi ahal ditu orain LibreOfficek. Besteak beste, hobekuntzak egon dira EMF, Freehand, Visio, Publisher, Pagemaker, Keynote, Abiword eta beste zenbait formatu ulertzeko moduan.
  • Ikono multzo berri bat gehitu zaio LibreOfficeri: Elementary izenekoa.
  • Lineako LibreOfficek eta Androiderakoak ere hobekuntza asko izan dituzte.

Multzo-barra osoa Writerren.

LibreOffice 6.0 deskargatzeko:

https://www.libreoffice.org/download/download

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>