Posta elektronikoaren kudeaketa esperientzia hobetzen GNOMEn Thunderbird eta Mailnag aplikazioekin

Posta elektronikoko helbide bat baino gehiago, eta hornitzaile desberdinetakoak gainera, edukitzen hasi ginenetik, mezuen elkartrukea modu zentralizatuan maneiatzeko aukera gero eta zailagoa da. Web bidezko maila, ISPen berezko postak, lantokikoak, etab. izan ditzakegu, bakoitza ezaugarri bereziekin.

Bestalde, posta berriak ditugula ezagutzea ahalbidetzen dizkiguten jakinarazpenen kontua ere ez da samurra. Hamaika modutara jakin daiteke posta berriak direla: nabigatzailerako gehigarrien bidez, posta-zerbitzari batzuekin funtzionatzen dituztenak, adibidez Gmailekin; mahaigain-inguruneak berak eskaintzen dituen jakinarazpenak; Thunderbird bezalako posta-bezeroek eskaintzen dituztenak; etab.

Gnome mahaigain-ingurunea erabiltzen baduzue, iturri anitzeko posta elektronikoa Thunderbird eta Mailnag aplikazioen konbinazioaren bidez kudeatu ahal izango duzue.

Thunderbirdek asko hobetu du azken aldian posta elektronikoko kontuak antzeman eta kudeatzeko modua. Lehen kontuari buruzko xehetasun asko ezagutu behar ziren posta ongi konfiguratzeko (zerbitzariaren izena, ataka, etab.), baina orain aski da posta-helbidea eta pasahitza ematea, eta Thunderbirdek berak atzituko ditu gainerako xehetasunak, posta-zerbitzari nagusienen kasurako behintzat. Gmail, Yahoo Mail eta Telefonicaren kasuetan badabil. Ondoren, kontua POP edo IMAP modura erabili nahi den aukeratu besterik ez da egin behar, eta kitto.

Thunderbirdek mezu berriak daudenean jakinarazpenak jasotzeko aukera ere eskaintzen du. Hala ere, aplikazioa irekita eduki behar da eta horrek kostu bat dauka memoria-kontsumoari dagokionez. Eragozpen txiki hori saihesteko, Mailnag bezalako aplikazioak erabil daitezke.

Mailnagek mota guztietako posta-kontuen jakinarazpenak ematen ditu, eta bikain integraturik dago Gnome Shell-en jakinarazpen-sistemarekin. Mailnag Ubunturako espresuki pentsatutako Popper izeneko aplikazioan oinarriturik dago. Ubuntu+Gnome Shell bikotean Mailnag instalatu nahi izanez gero, erabili PPA hau. Fedoran biltegi hau erabil daiteke. Mailnag konfiguratzeko, erabili Thunderbirdetik aterako dituzuen kontu-ezarpenak.

3 iruzkin