Fedora, Firebug, Xnoise, Razor-qt, Cryptocat eta eXeLearning euskaraz

Librezalekideen lanak ez du etenik. Azken hilabeetan oso aktibo egon dira kide batzuk mota guztietako softwareak euskaratzen.

Bestalde, Librezale erreferentzia bilakatu da jende askorentzat euskarazko softwarearen esparruan, eta eskaerak jasotzen ari gara gure taldetik kanpo euskaratu diren aplikazioen deskribapen orria edukitzeko gure wikian. Horren adibide da lehen tokian aipatuko dugun eXeLearning aplikazioa.

eXeLearning

eXeLearning irakasleentzat web edukiak sortu eta argitaratzeko egiletasun tresna erabilterraza da. Orain dela urte batzuk Zeelanda Berrian sortutako maketazio tresna bat da eta ikasketa edukiak sortzeko balio du. Azken bertsioa euskaratu dutenek euskarazko bertsio hori mantenduko norbaiten bila dabiltza.

Fedora

Librezalekide bat Fedora euskaratzeko lan itzelean sartu da, eta ongi etorriko litzaioke laguntza apur bat edukitzea, Fedora bera euskaratzeaz gain hari lotutako webgunea ere euskaratzen ari baita, beheko irudian ikus daitekeen bezala. Fedora software librez osaturiko erabilpen orokorrerako GNU/Linux banaketa bat da. Komunitateak garatu eta mantentzen du eta Red Hat enpresaren babesa du.

Fedora proiektuaren webgunea euskaraz

Cryptocat

Cryptocat elkarrizketa pribatuak mantentzea ahalbidetzen duen nabigatzaileetarako (Mozilla Firefox, Google Chrome eta Safarirako dago eskuragarri) gehigarria da. Gaur egun erabiltzen diren berehalako-mezularitza tresna jabedunen kode irekiko ordezkoa izatea du helburu.

Razor-qt

Razor-qt GNU/Linux sistemetarako mahaigain ingurune arin bat da, errekurtso gutxiko ordenagailu zaharretarako egokia. Qt liburutegiak erabiliz sortutako aplikazioak gustoko badituzu baina KDE mahaigain ingurunea pisuegia iruditzen bazaizu Razor-qt zuretzako egokia izan daiteke.

Xnoise

Xnoise GNU/Linuxerako multimedia-erreproduzitzailea da; interfaze erabilerrazekoa, bizkorra eta ezaugarriz betea. Xnoise erabiliz musika entzun eta bideoak ikus ditzakezu oso era intuitiboan: liburutegia arakatu eta artista, album edo pista bat era errazean gehitu dezakezu pista-zerrendara, nahi duzun posizioan kokatuz.

Xnoise euskaraz

Firebug

Firebug web garapenerako tresna bat da, nabigatzailean bertan denbora errealean web orrien HTML, CSS eta DOM zuhaitza ikuskatu eta editatzeko aukera ematen duena, JavaScript kodea araztu eta exekuzio-denborak analizatu, sareko aktibitatea aztertu, cookie-ak ikusi eta kudeatu…

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>