Garatzaileentzako tresna berriak Firefox 16n

Kaleratu berri da Firefoxen eguneraketa berri bat eta aldaketa handienak garatzaileen eremuan daude.

Batetik, web garapenerako tresna-barra berria dago. Bertan biltzen dira azkenaldian pixkanaka gehitzen joan diren eginbide berriak: HTML ikuskatzailea, web-kontsola, araztailea…

Bestetik, komando-lerroko interfaze berria gehitu da. Komandoak idatziz nabigatzailea eta honekin zerikusia duen ia guztia manipulatzeko modua dago orain. Komandoen artean bakarren bat aipatzearren, screenshotek atentzioa ematen du: webguneei eta hauen elementuei (DOM nodo soilak izan daitezke) pantaila-argazkiak ateratzea ahalbidetzen du.

Erabiltzaile arruntei dagokienez, JavaScripten erantzun-denbora hobetu da zabor-bilketa inkrementalaren bidez. OS X sistema eragileko VoiceOver teknologia ere gaitu da lehenespenez (pantaila-irakurgailua behar duten erabiltzaileentzat da erabilgarria).

Azkenik, estandarretan oinarritutako web aplikazioen hasiera bateko euskarria ere gehitu da. Honen bidez, estandarrak eta API jakin batzuk erabiliz garatu diren web aplikazioak mahaigainekoak balira moduan erabili ahal izango dira, Interneterako konexioaren beharrik gabe ere bai.

Bertsio berrira eguneratzeko, egin klik Laguntza menuko Firefox(i) buruz aukeran eta bistaratzen den leihoan sakatu Aplikatu eguneraketa (hori agertzen ez bada, sakatu Bilatu eguneraketak). Oraindik ez badaukazu instalatuta, deskargatu Firefox 15 euskaraz:

Android mugikor eta tabletetarako

Android mugikor eta tabletetarako Firefox bertsioak ere eguneraketa izan du. Gailu hauetan webguneak eta sareko artikuluak irakurtzeko irakurketa modua gehitu zaio. Modu honekin edozein testu modu txukun eta eroso batean irakur daitezke, artikuluaren webguneak diseinu, kolore eta tipografia baldarrak erabilita ere.

Azkenik, komentatu Androiderako Firefox bertsioak euskaraz badakiela baina batetik Android berak eta Play Store-ak jarritako mugengatik eta, bestetik, deskargak hartuko lukeen pisuagatik, momentuz ez dela posible euskarazko Firefoxik erabiltzea plataforma honetan. Edozein kasutan, gogoratu badaukazuela euskaraz nabigatzea Firefox eta Android erabiliz, hizkuntzen hobespenetan euskara hobetsiz.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>