Nabigatzaileen abiadura eta ahalmenak: Firefox 9.0.1 vs Chrome 16.0 vs Opera 11.60

Aurreko artikuluan nabigatzaileek zenbat RAM memoria behar duten erakutsi zen. Oraingoan hainbat test erabiliko ditut nabigatzaile bakoitzak zenbait lan egiteko duen ahalmena neurtzeko.

Probak Fedora 16 sistema batean egin dira, 1GB RAM dituen Compaq Presario V5000 batean. Txartel grafikoa ATI Radeon 200m da, nahiko zaharra. Ez da hardware bidezko azelerazio grafikorik erabili.

Hurrengo nabigatzaileak erabili ditut:

  •   Firefox 9.0.1
  •   Chrome 16.0
  •   Opera 11.60

Firefox modu lehenetsian Fedora 16k azterketaren unean biltegietan eskaintzen duena da. Gehigarririk gabe erabili dut, profil berri batekin, baina gehigarriekin eta nire betiko profilarekin probatuta oso antzeko emaitzak eman ditu. Chrome eta Opera, berriz, haien webguneetan modu lehenetsian deskargarako eskaini dizkidatenak dira.

Bi ezaugarri neurtu dira: HTML5 formatu estandarra zenbateraino onartzen duten nabigatzaileek, eta nabigatzaileen JavaScript motorrek zein abiadura duten.

HTML5 oraindik garapen-fasean dago, eta bere helburua HTML formatua modernizatzea da, gaur egungo webguneek behar dituzten elementuentzako euskarria eskainiz. Bertsioz bertsio, nabigatzaileak HTML5en gero eta elementu gehiago ari dira barneratzen, eta espero daiteke azkenerako ezaugarri gehienak hartuko dituztela.

JavaScript, bestalde, webguneak sortzeko erabiltzen den programazio-lengoaia da, batez ere animazioak, menuak, formularioak, etab. sortzeko.

Disklaimerra: proba honek ez dauka inolako balio zientifikorik, nahi duenak egin ditzala proba berak beren nabigatzaileetan.

HTML5Test

Proba honi esker, nabigatzaileek HTML5 noraino onartzen duten ikus daiteke.

http://html5test.com/

Emaitzak (HMTL5 estandarraren ezaugarriak + estandarretik haratago doazen ezaugarriak) (puntuazio altuagoa, hobea da):

  • Firefox: 330 + 9 puntu
  • Chrome: 358 + 13 puntu
  • Opera: 329 + 9 puntu

Smashcat

HTML5 espezifikazioaren <canvas> ezaugarria neurtzen da test honetan. <canvas> elementu hau, <video> eta <audio> elementuekin batera, Flash formatuaren ordezkoa izatera deitua dago.

http://www.smashcat.org/av/canvas_test/

Emaitzak (puntuazio altuagoa, hobea da):

  • Firefox: 57-59 fps (frame segundoko)
  • Chrome: 21-22 fps
  • Opera: 25-26 fps

Chromek emaitzarik txarrena atera arren, hala ere, itxura batean proba honetako animazioa askoz modu leunagoan erakusten zuen proban zehar, beste bi nabigatzaileekin alderatuta.

HWACCEL

Hau Mozillak hardware bidezko azelerazioa neurtzeko duen testa da. Nahiz eta ez dudan hardware bidezko azeleraziorik erabili, test honek nabigatzaile bakoitzaren fps neurtzeko balio du.

http://demos.hacks.mozilla.org/openweb/HWACCEL/

Emaitzak (fps gehiago, hobea da):

  • Firefox: 3 fps
  • Chrome: 11 fps
  • Opera: 13 fps

FishIETank

Microsoften probetako bat fps neurtzeko, beste hainbat ditu (http://ie.microsoft.com/testdrive/mobile/Default.html).

http://ie.microsoft.com/testdrive/mobile/Performance/FishIETank/Default.html

Emaitzak:

  • Firefox: 18-22 fps
  • Chrome: 44-46 fps
  • Opera: 34-36 fps

Peacekeeper

Test honek Javascript abiadura neurtzen du gehien bat, (http://peacekeeper.futuremark.com/faq.action), baina HTML5aren bideo etiketan onartutako formatuak ere esaten ditu.

http://peacekeeper.futuremark.com/

Emaitzak (puntuazio altuagoa, hobea da):

  • Firefox: 580 (HTML5: 6/7)
  • Chrome: 1.103 (HTML5: 6/7)
  • Opera: 743 (HTML5: 5/7)

Kraken

Kraken Mozilla fundazioak Firefoxen Javascript motorra hobetzeko erabiltzen duen testa da.

http://krakenbenchmark.mozilla.org/index.html

Emaitzak (milisegundo gutxiago, hobea da):

  • Firefox: 10.918,3ms
  • Chrome: 9.950,7ms
  • Opera: 26.717,5ms

V8

V8 testak Krakenen helburu bera dauka, baina kasu honetan Googlek sortutakoa da. Kontuan izan Javascript test hauetako bakoitzak abiadura modu batera neurtzen dela, eta beraz ez dutela zertan emaitza bera eman behar.

http://v8.googlecode.com/svn/data/benchmarks/v6/run.html

Emaitzak (puntuazio altuagoa, hobea da):

  • Firefox: 2.220
  • Chrome: 3.407
  • Opera: 1.585

Sunspider hobetua

JavaScript abiadura neurtzeko beste benchmark bat.

http://sunspider-mod.googlecode.com/svn/data/hosted/sunspider.html

Emaitzak (milisegundo gutxiago, hobea da):

  • Firefox: 421,5ms
  • Chrome: 565,5ms
  • Opera: 644,6ms

Ondorioak

Egindako proben arabera, HTML5i dagokionez, momentu honetan Chromek betetzen du ondoen espezifikazioa. <canvas> elementuari dagokionez, Firefoxek abiadura (fps) hobea erdiesten du. Hala ere, performantzia neurtzeko beste probetan, hobeto dabil Chrome, eta okerrago Firefox.

JavaScript probei dagokienez, nahiko parean dabiltza hirurak: Chromek lortu ditu emaitzarik onenak test batzuetan, eta Firefoxek besteetan. Emaitza hauek bat datoz Mozillak berak JavaScript abiaduraren inguruan dituen probetan ateratakoekin.

Esperientzia pertsonal subjektiboa:

  • JavaScriptari dagokionez, milisegundoko ezberdintasuna dagoenez nabigatzaileen artean, ez dut abiadura-desberdintasunik somatzen JavaScript kodea darabiltzen orriak kargatzean.
  • HTML5i dagokionez, oso nabarmen ikusi dut Firefox saltoka dabilela Smashcat proban, nahiz eta emaitzarik onena atera fps modura neurtuta. Chromek, berriz, askoz leunago erakutsi dit animazioa. Hau bat dator HWACCEL eta FishIETank probetan ikusitako emaitzekin.

Bonus: Firefox Aurora bertsioa

Aurora Mozillak Firefoxen datozen bertsioak probatzeko erabiltzen dituen argitaratze-kanaletako bat da. Bestea Beta kanala da, eta hirugarren bat “nightly” (“gauerokoak”) deritzenak. Aurora alpha bertsioen kanal baten antzeko zerbait da.

Emaitzak:

  • HTML5Test: 335 + 9
  • Smashcat: 51 fps
  • HWACCEL: 4 fps
  • FishIETank: 20-22 fps
  • Peacekeeper: 807 (HTML5: 6/7)
  • Kraken: 9.928,3ms
  • V8: 2.699
  • Sunspider: 401,8ms

Itxura batean, Firefoxen bertsio berrietarako JavaScript performatzia hobetu dute. Hala ere, oraindik hobetzeko asko dauka HTML5 alorrean.

5 iruzkin

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>