Mekanografia euskaraz ikasi

Jende askok sentitzen du gaur egun mekanografia ikasteko beharra. Batzuek diote eskoletan kaligrafia erakusten luze ibili beharrean mekanografia ahalik eta azkarren irakatsi beharko lieketela XXI. mendeko ikasleei. Ez gara hemen debate horretan sartuko. Mekanografia euskaraz modu autonomoan ikasteko hiru aukera aurkeztuko ditugu, besterik ez. Tux Typing, KTouch eta Klavaro.

Tux Typing

Eskola 2.0 egitasmoaren baitan, milaka ordenagailu banatu dira mendebaldeko Euskal Herriko hainbat ikasleren artean. 2009-2010 ikasturtean hasi ziren banatzen. Bere garaian software librearen aldeko komunitateak presioa egin zuen ordenagailu horietan software librea egon zedin [1][2][3][4]. Azkenean sofware librea ere egotea suertatu zen. Orain, mendebaldeko ume askok eskura-eskura daukate Tux Typing aplikazioa beraien Eskola 2.0 ordenagailuetan. Gerta daiteke, baina, zabaltzerakoan ingelesez topatzea. Erraz euskara daiteke: aplikazioa zabaldu > Options > Setup Language > Euskara.

Umeentzat, ziur aski hemen aurkezten ditugun hiruretatik Tux Typing izango da erakargarriena.

KTouch

Kdeedu paketearen baitan dago. Pakete osoa edo KTouch aplikazioa bakartua erraz deskarga daitezke. Aspaldian euskaratu egin zen [5]. (Gogoratu, aplikazio hau edo besteren bat euskaraz ikusteko zailtasunak izanez gero, trikimailu erraza: Synaptic pakete-kudeatzailea zabaldu eta bertoko bilatzailean basque bilatu eta eskuineko botoiarekin falta diren paketeak erraz instalatuko ditugu).

Ingurune grafiko koloretsu eta erakargarri maite duten helduentzat hauxe izan daiteke aukerarik onena.

Klavaro

2010. urtean, duela gutxi, beraz, euskaratu egin da.  Ez bakarrik QWERTY giltzadiarekin, beste giltzadi batzuekin trebatzeko ere erabil daiteke. Klavaro diseinatu dutenen kezka nagusia, munduko hainbat hizkuntza eta giltzadietarako erabilgarri den zerbait sortzeaz gain, sistema sinple eta eraginkorra sortzea izan da. Euska Wikipediatik kopiatutako paragrafoak erabiltzen dira ariketa aurreratuetan.

Ingurune koloretsuekin-eta arreta gal dezaketela uste duten helduentzat, hauxe izan daiteke aukerarik onena.

Euskaratuta hemen goian agertzen diren 3 horietaz gain, badaude munduan beste hamaika aukera [6] guk dakigula oraingoz euskaratu gabe. Besteren berri baldin baduzu, mesedez utzi hementxe behean iruzkina.

5 iruzkin

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>