Gitlabeko proiektu batean merge request bat nola egin
Proiektu askok sareko zerbitzuak erabiltzen dituzte itzultzaileen lana errazteko asmoz: Weblate.org, Launchpad Translations, Transifex.com, Crowdin.com..., baina kasu batzuetan Gitlab, Github edo beste zerbitzu bateko kode gordailuan aldaketak integratzeko eskatzea beste erremediorik ez da izaten, horixe da Merge Request bat egitea. (Github-en Pull Request deitzen dira, tutorial honetan ikus dezakezu nola egin bat).
Benetako bi adibide erabiliko ditugu:
- Gitlab IDEa erabiliz merge request bat nola egin azaltzeko, Inkscape proiektuan euskarazko itzulpena eguneratzeko prozesua ikusiko dugu pausoz pauso. Proiektuaren iturburu-kodea Gitlab.com-en dago: [1].
- Git erabiliz iturburu-kodea klonatu eta merge request bat nola egin ikusteko berriz, android-audio-recorder izeneko proiektuan euskarazko itzulpena gehitzeko egindakoa ikusiko dugu urratsez urrats. Proiektuaren iturburu-kodea Gitlab.com-en dago: https://gitlab.com/axet/android-audio-recorder/.
Itzulpenarekin hasi aurretik, itzultzaileentzako gidarik edo antzekorik badagoen begiratzea komeni izaten da. android-audio-recorder proiektuaren kasuan, "How to translate" jartzen duen orri bat dago. Bertan ze fitxategi itzuli behar ditugun zehazten da, eta itzulpena amaitzean issue berri bat sortu edo dev adarrera (branch) Merge Request bat egiteko esaten da.
Edukiak
Hasi saioa
Pauso hauek jarraitzeko Gitlab.com-eko kontu bat erabili behar da. Kontua baduzu, hasi saioa, bestela sortu kontu bat (doan da eta software librea da).
Itzulpena egin
Bi aukera daude:
- Egin nahi ditugun aldaketak txikiak badira GitLab-en Web IDEa erabili dezakegu fitxategiak nabigatzailean bertan editatzeko. Aukera hau errazagoa da git erabiltzeko ohiturarik ez duenarentzat.
- Aldaketak konplexuagoak badira gordailua git erabiliz gure ordenagailura klonatu, aldaketak egin eta GitLab-era kargatu dezakegu.
Nabigatzailean bertan editatu GitLab IDEa erabiliz
- Joan editatu nahi duzun fitxategira (normalean, eu.po izango da) eta sakatu Edit botoia.
- Editatu fitxategia zuzenean.
- Bidali fitxategia garatzaileei, onartu dezaten, orriaren behealdeko Commit changes botoia sakatuta. Botoi hori sakatu ondoren irekiko den orri berrian, aktibatu beheko irudian ageri diren hiru aukerak, eta amaitzeko, sakatu Submit merge request
Ordenagailuan editatu Git erabiliz klonatu ondoren
- Hasteko proiektuaren fork bat egin behar da, hau da, gure aldaketak egin ahal izateko proiektuaren kopia bat sortuko dugu. Horretarako proiektuaren orriaren goiko aldean dagoen "Fork" botoian klik egingo dugu.
- Fork-a ze konturekin egin nahi dugun galdetuko digu, aukeratu zurea. Segundo batzuk igaro ondoren proiektuaren kopia erabilgarri izango dugu gure kontuan.
- Gure kopiaren iturburu-kodea gure ordenagailura klonatu behar dugu. Horretarako Clone botoia sakatuko dugu. Clone with HTTPS aukeran agertzen den testua kopiatu behar dugu, horrelako zerbait izaten da: https://gitlab.com/aldatsa/android-audio-recorder.git
- Proiektuaren kodea gure ordenagailura klonatu ahal izateko git izeneko bertsio kontrolerako tresna instalatu behar dugu. https://git-scm.com/downloads orrian azaltzen da GNU/Linux eta Unix zapore desberdinetan nola instalatu, eta Windows eta Mac OS X-rako exekutagarriak ere eskuragarri daude bertan.
- git erabiltzen dugun lehen aldia bada, guk egindako aldaketetan ze izen eta helbide elektroniko agertzea nahi dugun esan behar diogu. Horretarako, ireki terminal bat eta zure datuak jarri ondoren, exekutatu bi komando hauek:
git config --global user.name "Zure izena"
git config --global user.email zure-izena@adibidea.eus
- cd erabiliz nahi duzun karpetara joan. Proiektuaren "git clone" gehi 4. pausoko kopiatutako testua erabiliko dugu, adibidez:
git clone https://gitlab.com/aldatsa/android-audio-recorder.git
- Dena prest daukagu itzulpenarekin hasteko. Egin beharrekoak egin, hurrengo pausoarekin jarraitu aurretik. Adibide bezala erabiltzen ari garen proiektuan, How to translate orrian jartzen du itzuli beharreko fitxategiak zein diren.
git status
komandoa erabiliz gehitu, aldatu edo ezabatutako fitxategi eta karpeten zerrenda ikus dezakegu.git diff
komandoarekin iturburu-kodean edo bestelako testu arrunteko fitxategietan egindako aldaketak ikus ditzakegu.- Egindako aldaketekin konforme gaudenean
git add .
(amaieran puntuarekin) komandoa exekutatuko dugu, git-i aldatutako fitxategi guztiak hurrengo commit-ean sartu nahi ditugula esateko. - Commit bat egingo dugu, hau da, egindako aldaketak gordeko ditugu,
git commit -m "Egindako aldaketen azalpena"
komandoa erabiliz. Nazioarteko parte-hartzaileak dituzten proiektuak direnean commit mezuak ingelesez idatzi ohi dira. Adibidez:git commit -m "Added Basque translation"
- Egindako aldaketak gure Gitlab-eko fork-era bidaliko ditugu
git push origin master
komandoa erabiliz. Zure Gitlab-eko erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatuko dizkizu. - Jatorrizko proiektuaren Gitlab-eko orrira joango gara (ez gure fork-arenera) eta ezkerreko zutabeko Merge Requests aukeran klik egingo dugu.
- New merge request botoian klik egingo dugu.
- Merge request-aren iturburuko eta helburuko adarrak (branch) aukeratu behar ditugu. Iturburua guk egin dugun fork-a da, bertan daude jatorrizko proiektuan integratu nahi ditugun aldaketak. Bertan master adarra aukeratuko dugu, aldaketak bertan egin baititugu. Helburua jatorrizko proiektua da. Kasu batzuetan master adarrera egin daitezke Merge Request-ak, baina oraingoan esplizituki dev adarrera egiteko esan digutenez horixe egingo dugu.
- Compare branches and continue botoia sakatzean formulario bat agertuko zaigu. Bertan Title eta Description eremuak beteko ditugu. Lehenengoan egin ditugun aldaketen azalpen labur bat egingo dugu eta bigarrenean behar izanez gero azalpen luzeago bat. Nazioarteko parte-hartzaileak dituzten proiektuak direnean eremu hauek ingelesez idatzi ohi dira. Adibide bezala erabiltzen ari garen kasuan proiektuan erabiltzen diren 2 liburutegitako fitxategiak itzultzeko eskatzen da eta horiek laster bidaliko dizkiodala jarri diot deskribapenean.
- Merge Request-a egin dugu. Orain proiektuaren arduradunaren esku dago gure aldaketak onartzea edo ukatzea. Zuzendu beharreko edo aldatu beharreko zerbait dagoela ikusten badu mezu bat bidaliko digu eta guk erantzuteko aukera izango dugu. Iruzkin gehiagarriak ere egin ditzakegu behar izanez gero.
Oharrak
Proiektu bakoitzak bere arau eta berezitasunak izaten ditu. Ulertzen ez duzun edo nola egin ez dakizun zerbait egiteko eskatzen badizute, galdetu Librezaleren posta zerrendan edo Matrix sareko Librezale gelan edo Telegrameko taldean.
Hemen ikus dezakezue adibide bezala egindako Merge Request-aren orria: https://gitlab.com/axet/android-audio-recorder/-/merge_requests/46