Deia Ortzadar gehigarri kulturala
Librezale.org proiektua ineteresgarria iruditzen zaigu eta gunearen berri eman nahi dugu Deia egunkariko Ortzadar gehigarri kulturalean... Gunean bertan proiektuaren gaineko informazio apur bat badago, baina erantzungo zenituzkete pare bat galdera...
- Noiz, nork, zergatik abiatu zenuten librezale.eus?
2003 urteko udaran, Mozilla Suite Internet aplikazio bilduma euskaratzeko deialdi baten inguruan hasi ginen gai honetan interesa genuen zenbait. Aurretik, Eusko Jaurlaritzak Netscape Navigator deritzon Interneteko nabigatzaile zaharraren euskaraketa (bertsio berriak egiteko asmorik ez zutela baieztatu ondoren) hasiera puntu bezala hartu genuen.
Geroago, elkartu, harremanetan ipini eta egindakoaren berri emateko asmoarekin foro bat sortu genuen, euskara hutsean ez bait zegoen horrelako bat ere. Hortik gutxira, taldera jende gehiago hurbildu eta ideia berriak sortzen hasi ziren, ideia hauek denen artean sakondu eta partekatzeko asmoarekin bilkura fisiko bat egin genuen (2003 urteko irailan) eta orduan sortu zen Librezale taldea.
Gehienok informatika munduan murgildutako euskaldunak ginen, filologorik eta lanbide desberdinak zituztenik bazegoen ere. Denok kaleko bizitza eta laneko bizitza euskaraz egiteko lanean genbiltzan, baina ordenagailuetan ia ezinezkoa zen ezer euskaraz erabiltzea. Gure bizitzako atal hau euskalduntzeko elkarlanean aritzeko bildu ginen eta horretan dihardugu oraindik.
Librezale talde guztiz irekia da. Lan egiteko gogoa duen edonori ateak guztiz irekiak mantentzen ditugu. Batzutan guk hasten ditugu proiektuak eta beste batzutan programaren bat jada euskaratu duen baten bat gerturatzen zaigu laguntza eske. Euskaraketan aritzeko gogoarekin baina proiektu zehatzik gabe laguntza eskaintzen etortzen direnak ere asko dira. Denon artean, gure ahalmenaren arabera, elkarri laguntzen diogu eta informatika euskalduna bultzatzeko gure esku dagoen guztia egiten dugu.
Mozilla Suit, Firefox, Debian Instaler eta beste hainbat eta hainbat programa euskaratu ditugu eta euskaratuta mantentzen ditugu (softwarea etengabe aldatzen bait da eta denboran zehar proiektuen jarraipena egiten duen Librezale bezalako ekimenak beharrezkoak bait dira).
- Euskara informatikaren munduan bultzatzea da librezale.org-ren helburu nagusia, ezta?
Bai eta horretarako software librea bultzatzea gure helburuak lortzeko biderik egokiena dela uste dugu.
Jende askok jabedun softwarea bakarrik ezagutzen du, hau da, normalean estatubatuarra den enpresaren batek saltzen dituen programak (Windows, Word, WinZIP, Norton Comander, etab.) Software mota honek ez dio erabiltzaileari daukanaren kontrola izaten usten eta horregatik ikuspegi kapitalistatik merezi ez duten hobekuntzak eta moldaketak ez dira egiten. Eusko Jaurlaritzak inbertitutako dirutzei esker, erabilienak diren programa batzuk euskaratzea lortu zen (Windows eta Word), baina bertsio berriak etengabe ateratzen dira eta taloi bidez egindako bide honek epe luzera inora eramaten ez gaituela argi geratu da. Euskara hizkuntza murriztua denez, jabedun softwarearen ezaugarri hau euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko benetako oztopoa bihurtzen da.
Baina badago beste software mota bat librea deritzona. Filosofia honekin garatutako programek software librearen lau askatasunak deritzatenak bermatzen dituzte: edozertarako erabilera librea, programak nola funtzionatzen duen ikasteko aukera librea, banaketa librea eta softwarea hobetzeko aukera librea. Azken urteotan, mundu mailan arrakasta harrigarria eta hedapen gero eta handiagoa izan du software libreak. Epe ertainera, munduan erabiliko den software gehiena jabeduna izan beharrean librea izatera pasatzea espero da. Eta eboluzio horren arrazoia, zalantzarik gabe, software libreak ematen dituen askatasunengatik da.
Euskarari bakarrik dagokionez, software librearen abantailak argi daude: softwarea edonork aldatu eta banatu dezake, eta horregatik oso erraza da programak euskaratzea eta gero nahi duen edonori zabaltzea (software librea gehienetan dohain zabaltzen baita). Beraz, jabedun softwareak euskaraketak egiteko oztopo mordoa jartzen duen lekuan, software libreak erraztasunak jartzen ditu. Efektu hau eremu askotan gertatzen da, baina Librezalek informatika euskalduna bultzatzeko erabiltzen du. Eusko Jaurlaritza eta euskal enpresa batzuk ere honetaz jabetu eta denon artean euskaldunok ordenagailuen inguruko bizitza normaltasunez jarduteko lanean ari gara: OpenOffice bulegotikako programak, Firefox nabigatzailea, Gimp argazkiak moldatzeko programa eta gero eta programa, baliabide eta zerbitzu gehiago euskaraz erabil daitezke.
Software librea bultzatzeak, gainera, eragin bikoitza dauka; aplikazio onak edonoren eskura jartzeaz gain, ordaindu beharreko aplikazioei konpetentzia egiten hasi dira, eta ondorioz, beste aplikazio horiek ere zerbitzu gehiago eman beharrean aurkitzen dira. Microsoftek gaur egun berak ordaintzen du bere aplikazioen euskaratzea, baina OpenOffice ezaguna ez zenean Jaurlaritzak egundoko dirutza gastatu behar izan zuen.
- Zer eskaintzen du librezale.org-ek informatikaren munduan ari den euskaldunari?
Webguneak euskarazko programa eta dokumentu batzuk eskaintzen ditu, baita informatika erabiltzaile euskaldunok erabiltzen ditugun foro batzuk ere. Bertan, albisteak, gai desberdinei buruzko galderak eta erantzunak egin eta ematen dizkiogu elkarri. Ordenagailuak erabiltzen duen edozein euskaldunek bere txokoa aurki dezake foroetan.
Software euskaraketari dagokionez, programa askok beraien biltokiak dauzkate eta Librezaleko kideok egindako euskaraketak biltoki orokor horietan aurkitu daitezke.
Guk gure komunitate txiki baina indartsu honi denbora eta lana eskaintzen diogun bezala, informatikaren munduan ari diren euskaldun guztiei komunitatean parte hartzera gonbidatzen ditugu: foroetan parte hartuz, programak euskaratzen lagunduz, etab. Maila eta izaera desberdinetako lanak daudenez, euskara maite duen edonork lagun dezake Librezalen. Laguntzeko grina da behar dena, ez ezagutza berezirik.
- Aurrera begira, ze proiektu daukazue?
Librezale talde irekia dela kontutan izanda eta partaideok ekarpenak aisialdietan bakarrik egiten ditugula kontutan izanda, gure etorkizunerako ikuspegia egiten ari garena egiten jarraitzea besterik ez da. Hau da, jada euskaratzen ditugun softwareak euskaratzen jarraitzea eta gutxi-gutxika, partaide kopurua hazten den heinean, euskaldunontzako tresna gehiago eskaintzea (gai gehiagotara zuzendutako foroak, programa zehatzentzako komunitateak, laguntza gida eta abarren euskaraketak, software gehiagoren euskaraketa mantentzea, etab.) Egiten dugunaren lehen bezeroak geu gara, Librezaleok informatika euskaraz bizitzea nahi bait dugu.
Horregatik, aspalditik ideia polit baten atzetik gabiltza: erabiltzaile euskaldunok garatutako euskarazko GNU/Linux banaketa bat. Hori egin aurretik, software mordoa euskaratu beharra zegoela ikusi genuen eta horretan dihardugu urteetan zehar. Guk egindako euskaraketa asko (beste enpresa eta erakunderen artean) Debian bezalako banaketetan eskuragai daude eta, gutxi-gutxika baina gelditu gabe, euskaldun informatika erabiltzaileok gure eguneroko beharrak euskara hutsean egin ahal izatea gero eta gertuago daukagu.
- Oharra: hemos traducido estas respuestas al castellano a petición de unos compañeros de Sotfcatalá que van a escribir un artÃculo sobre librezale: Deia Ortzadar gehigarri kulturala es