Mozilla Summit 2013

Open hitza mainstream bihurtu da. Hala aipatu zuen Mitchel Baker-ek 2013ko Mozilla Summitari hasiera eman zion hitzaldian. Hiru hiri (Brusela, Toronto, Santa Clara), milatik gora mozillian (mozillazale) elkarrekin bilduta hiru egunez.

Helburua Mozillako langileak eta komunitatea batzea izan da, nondik gatozen eta non gauden errepasatzearekin batera elkarrekin erabakitzeko etorkizunari begira jorratu beharreko bidea.

Bruselako Square zentroa

Bruselako Square zentroa (Martin Creutziger)

Keynote edo saio nagusietan errepasatu dira egungo proiekturik esanguratsuenak: produktu nagusiak ez ezik (Firefox OS, Firefox), webaren inguruan martxan dabilen guztia (pribatutasuna, zerbitzuak, Webmaker, Open Badges), hala nola hezkuntza teknologikoa (Appmaker) eta baloreen transmisioa (WebFWD).

Lokalizazioaren mugak gaindituz

Gure hizkuntzaren interes eta kezketara salto eginez, agerian geratu da gailu mugikorrek lokalizazioaren arloan ezartzen dituzten mugak
gainditzeko dagoen beharra. Mozillaren konpromisoaren hitza hor dago, emaitzak falta dira baina.

Androiden kasuan esate baterako, dirudienez apk fitxategien tamaina ez omen da arazo gaur egun. Ordea, telefono/tabletek gure hizkuntzaren euskarri natiboa ez izatea oztopo gaindiezina da. Googlek mugitu behar du fitxa hemen, beraz, euskara erabilgarri jarriz Play Storean eta Android gailuetan.

Firefox OSi dagokionez, egoera idealera begira dabiltza lanean, hau da, zeinahi telefonok nahi duen hizkuntza-paketea ezartzeko aukera izatea. Interfazearen hizkuntza ez ezik, nabigazio-hizkuntzaren
gaineko kezka ere azaldu da: bereizi beharra daude ingurune mugikorretan?

Edonola ere jarraitu nahi den estrategiak hizkuntzen fallback edo hobespen-zerrenda bat hartu nahi du kontuan: emaidazu edukia hizkuntza honetan eta, erabilgarri ez badago, beste honetan, bestela beste hartan etab.

Urtetan zehar sukalde-lanetan aritu ondoren, badirudi L20N lokalizaziorako formatu berria ia-ia prest dagoela eta produktu nagusietan integratzen hastea da asmoa. Ildo horretan, lokalizatzaileoi eskatu zaigu lehenengo probak egiten hasteko, ikusteko norbere hizkuntzak izan ditzakeen lokalizazio-arazoak nola gaindi daitezkeen formatu berri hau erabilita. Alde negatibo bat aipatzearren, une honetan erabiltzailearen eskura ez dago tresnarik formatu honekin lan egitea erraztuko duenik.

Firefox OS afaria (Martin Creutziger)

Firefox OS afaria (Martin Creutziger)

Mugikorretatik mahaigain beteranora etorriz, saiatu gara “zer osatzen du Firefoxen lokalizazio oso bat?” galderari erantzuten. Alegia, web edukiak (laguntza-zentroa, gehigarrien gunea, osasun-txosten orriak etab.), produktuaren zati integral modura konsidera ditzakegu?

Antzerako zerbait planteatu da garapen-tresnekin eta errore-mezuekin. Itxura batean garatzaileen intentzioa da garapen-tresnak Firefoxen *kodetik* bereiztea eta aukerazko elementu modura hartzea (gaur egun ere ez da derrigorrezkoa hauek lokalizatzea). Merezi du zenbait hizkuntzatan ingelesa ez den fallback hizkuntzak ezartzea? Adibide gisa, nabigatzailearen interfazea euskaraz izan eta garapen-tresnak frantsesez/espainolez izatea izango litzake.

Lokalizazioen kalitatearen inguruko eztabaidak ere egon dira: nola ziurtatu produktuen artean terminoen erabilpen konsistentea egiten dela? Galdera apur bat aldrebesa izan daiteke ulertzeko talde
txikientzat, baina kontua da lokalizazio-talde handietan produktu bakoitzak arduradun desberdin bat duela eta lan hori koordinatu beharra dagoela.

Estiloari begira estilo-gidak izateko/erabiltzeko deia egiteaz aparte, ideia batekin geratu naiz: gehien errepikatzen diren estilo-ezaugarriak edo akatsak labur-labur zerrendatzea orri bakarrean. Horrela, pertsona berriek ekarpenak egin nahiko balituzte, kontuan hartu beharreko puntuen erreferentzia bat izango lukete eta azkar hasteko modua izango litzateke. Xehetasunetarako estilo-liburu osora jo daiteke.

Askotariko edukiak

Benetako Summita konferentziagunetik kanporakoa da.

Benetako Summita konferentziagunetik kanporakoa da. (Martin Creutziger)

Honetaz guztiaz aparte, Summitak bestelako eduki teknikoak ere izan ditu: nola errekonozitu komunitatean eginiko lana unibertsitate
mailan, nola eraiki komunitatea milioi bat mozillian izateko, produktuen tripen inguruko saioak (DRMa, aplikazio-kudeatzailea, multiprocess
nabigatzailea…), laborategietako produktuak (Shumway, TogetherJS, 3D jokuak nabigatzailean…) etabar luze bat.

Baina noski, Summita gehienbat hortik kanpo bizi daitekeena da: pertsonak, garagardoak eta ordu txikitara arte luzatzen diren hizketaldiak. Eta lo gutxi egitea eta bueltakoan neka-neka eginda
egotea, aurrera begira jorratu nahi direnen zakua ondo beteta, hori bai.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>