Gogoeta Firefox OSen inguruan
Mozillako lagunak telefonoetarako sistema eragile bat prestatzen ari dira eta Firefox OS izen komertziala izango du. Baina… zergatik?
Librezalekide den Julen Ruizek horren inguruko gogoeta interesgarria egin du Librezaleren posta-zerrendan, eta hona ekartzea egokia dela iritzi diogu.
Firefox OSen inguruan
Firefox OSren jatorrizko izena Boot-2-Gecko (B2G)izan zen, helburua hori baita: gailutik (telefonoa, tableta) zuzenean webera abiatzea.
Honetarako telefono-konpainien laguntza ere badu Mozillak (nagusiki Telefónica) eta ez bakarrik zabalkunderako, hau da, telefonoak kontsumitzaileen eskura ipintzeko, garapenerako ere bai.
Baina hau guztia… zergatik?
Mozilla ez da kapritxoz ari.
Inondik inora ez du helburu telefonoen salmentaz bizitzea, Apple etxea bezala, adibidez. Inondik inora ez du helburu jendeak bere zerbitzuak erabiliz webguneetako iragarkiak kontsumitzea (halakorik balego!), Googlen modura, esate baterako.
Duela gutxi euskaratu dugun Mozilla Manifestua irakurri baduzue, hor zehaztutako konpromisoak aurrera eramatea eta sustatzea du helburu Mozillak proiektu gisa. Eta Mozilla Fundazioak hori betearazteko ardura du. “Irekitasuna, berrikuntza eta aukera-berdintasuna” dira ardatz.
Gailu mugikorren eremuan mundu mailan duopolio bat bizi dugula esan liteke eta testuinguru horretan webak bizi duen egoera ez da ona. Osasungarria ere ez dela pentsatzeko arrazoiak badaude:
1. Web bidez kontsultatu ahal izango genukeen edukia aplikazioen atzean ezkutatzen ari da.
Honek ekosistema jakinetarako menpekotasuna sortzeaz gain, edukia gailu+sistema konbinazio jakin batzuetarako soilik geratzen da erabilgarri. Hauek dira “walled garden” edo “lorategi hesitu” modura ezagutzen direnak.
Aplikazio asko daude (asko, ez denak), gailuaren eginbide bereziak erabiltzera iristen ez direnak (geolokalizazioa, azelerometroa, kontaktuak, kamera…). Orduan, zergatik garatu erabiltzailearen ikuspegitik eta ikuspegi teknikotik aparteko ezer gehitzen ez duten aplikazioak?
Bestalde, merkatuan dauden sistema guztietarako aplikazioak sortzea ez da eskalagarria garatzaileen ikuspegitik. Sistema berri bakoitzak lengoaia, tresna, ezagutza eta prozesu desberdinak eskatzen ditu (neurri batean hau saihesteko badaude PhoneGap tresnaren tankerako aukerak).
Dena den, ohikoa da aplikazio askok eta askok sistema bat edo bi hartzea kontuan soilik; gainontzekoak, hor konpon. Garatzaileen formazioa eta lana ordaindu egin behar da, ez da debaldekoa.
Marketin-ikuspegitik agian egokia izan liteke aplikazio bat sortzea (edozeren gainetik modan egon beharra dago), baina edukia bada eskaintzen dena, zabalkundea oztopatzea besterik ez da, informaziorako sarbidea zailtzea.
2. Mugikorretarako erabiltzen diren web nabigatzaileen gehiengoak WebKit bakarrik hitz egiten du.
Ondorioz, dagoeneko web garatzaile asko hasi dira mugikorretarako webak WebKiterako soilik prestatzen. Garatzaileak ez badira estandarretara atxikitzen, enpresa jakin batzuen eskutan uzten da teknologiak hartuko duen norabidea. Gogoratu ze ederrak ziren IE6ren garaiak!
Gainera, bestelako ondorioak ere izan ditzake: zer pasatuko da WebKiterako garatu diren webgune horiekin Chrome Blink motorra erabiltzen hasten denean?
Honek ezin du ona izan pluraltasunerako, aukera-berdintasunerako ez eta berrikuntza sustatzeko.
Telefono-konpainiek ere badituzte proiektu honetan interesa izateko arrazoiak, azken urteotan ikusi baitute nola zerbitzuen alorrean ezin duten lehiatu Android eta iOSen modurako sistemekin.
Ahots- eta datu-tarifen hornitzaile soil izatera pasa dira eta Firefox OS zerbait ezberdina eskaintzeko aukera modura ikusi dute.
Honetan ez dut sakonduko, konpainien arrazoi komertzialak baitira azken batean, ez Mozillarenak. Edonola ere puntu honek zalantzarik gabe lagunduko du Firefox OSen zabalkundean.
Zer egingo du Mozillak hau guztia aldatzeko?
Weba lehen mailako hiritar bihurtu nahi du, plataforma weba bera izan dadin. Honekin batera, eta webaren izaerarekin bat, ekosistema libre eta banatua osatuko du.
Baina gaur egun ezagutzen dugun weba ez dago horretarako prestatua.
Horregatik, B2G proiektuaren ezinbesteko zati gisa web teknologiak hedatzeari ekin diote Mozillan, WebAPIak sortuz aukera berriak eskaintzeko garatzaileei.
WebAPI hauek definitu eta inplementatzearekin batera, estandarizatzeko prozesuan ere jarri dituzte, gainontzeko nabigatzaileek ere inplementatzeko modua izan dezaten (izatez, WebKiten dagoeneko inplementatu dira API batzuk).
Arrakastarik izango du?
Mozillak planteatzen duen kontzeptua ez da berria.
Lehenengo iPhonetan ez zegoen SDKrik eta Steve Jobs delako batek aplikazioak web teknologiekin garatuko zirela esan zuen. 2007a zen orduan eta webak ez zeukan gaur egun daukan garapenik.
webOS sistema eragileak ere web teknologiak izan ditu ardatz betidanik. Telefonoaren eginbide aurreratuak erabiltzeko bere SDK erabili behar da ordea.
Aurrez aipatu bezala telefono-konpainien bultzada garrantzitsua izango da. Are garrantzitsuagoa izango da garatzaileen lana ordea, hauen esku baitago teknologiari merezi duen garrantzia ematea.
Baina Mozillaren arrakasta ezin da neurtu merkatu-kuoten testuinguruan. Arrakasta ez dira zenbakiak. Etorkizunean Firefox OS produktu gisa desagertuko balitz ere, proposatutako teknologiak beste ekosistemetan erabilgarri badaude, orduan arrakasta izan du.
Lokalizazioaren inguruan
Firefox OSen erabiltzaile-interfazea (Gaia) euskaratuta dago.
Kate asko Firefoxetik berrerabilita, bi arratsaldeko kontua.
Honek ordea ez du esan nahi merkaturatzen den edozein telefono euskaraz egongo denik, telefonoan erabilgarri dauden hizkuntzak telefono-konpainiek edo fabrikatzaileek erabakiko baitute. Horrez gain, bakoitzak bere pertsonalizazioak gehitzeko aukera izango du.
Hau horrela da muga teknikoak daudelako. Kasurik onenean hizkuntza guztiak eskaini nahi dira, zerrenda batetik aukera egin eta automatikoki deskargatzen den hizkuntza-pakete modura, adibidez.
Baina une honetan hori teknikoki posible ez denez, telefono-konpainien edo fabrikatzaileen esku egongo da aukera.
Gainera, mozilla.dev-l10n posta-zerrendan matraka handia egon da honen inguruan.
Batzuek telefono-konpainiei erabilpen-datuak eskaintzea proposatu zuten hizkuntzen aukera egitea errazteko. Noski, gurea bezalako hizkuntzentzat hori zentzugabekeria hutsa da eta horregatik eta denboran zehar gehitzen joan diren bestelako arrazoiengatik (Androiderako Firefoxen kasua tartean da), pertsona dexente gaude haserre.
Ekainetik aurrera, Firefox OS darabilten telefonoak Brasil, Kolonbia, Venezuela eta Espainian egongo dira erabilgarri lehenik. Honek guri ere eragiten digu beraz.
Panorama ikusita, katalanen arduradunak eta neuk Teléfonicako langile/arduradunekin harremanetan jartzea erabaki genuen gauzak nola zeuden ikusteko. Jasotako erantzunaren arabera:
- v1.0.1ean (ekaina) ez dira egongo (eu, ca, gl-ri buruz ari naiz, nagusiki). Dagoeneko kodea eta bestelakoak “itxita” daude.
- v1.1ean (iraila) egon litezke, baina konplikatua da. Sartu nahi dituzte baina negozio-erabakien menpe daude.
- v.next (batek daki noiz) egongo dira. Are gehiago aipatutako muga teknikoak gainditzen badira.
Edozein modutara, duela gutxi garatzaileentzako telefonoak salgai jarri dituzte eta lokalizazioa dagoeneko proba daiteke. Beste Android telefono batzuk ere erabil daitezke horretarako.
Geroz eta jende gehiagok erabili, orduan eta emaitza txukunagoa izango da. Denon laguntza ezinbestekoa da hemen eta interesa, gogoa eta denbora duenak eskua altxa dezala.
Detaile mordoa aipatu gabe utzi dut eta ziurrenik gauza inportante gehiago ere bai. Halere espero dut laburpen honek proiektua ezagutzen eta ulertzen lagundu izana.
Bide batez, datorren asteazkenean, hilak 8, IEBren barruan Firefox OSi buruzko sarreratxo bat egingo dut. Interesik baduzue, azaldu!
Azkenik, garapen kontuetan aritzen direnentzat: Bilbon hilaren 17an Firefox OSen inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, batez ere helburu praktikoarekin.
Iruzkin bat
-
#1 Teknopataren txokoa » Firefox OS probatu nahi? — 2013/05/04 @ 10:08
[…] Firefox OSek Mozillaren nabigatzaileak jarraitzen dituen printzipio berberei erantzunez pentsatuta dago, eta, zentzu horretan, arrakasta badu laguntza handia eman dezake sistema eta estandar irekiek bere horretan jarrai dezaten sakelakoen munduan ere. Horren inguruan oso gogoeta mamitsua argitaratu berri dute Librezale.org-ren blogean. […]