Hemen dira Firefox 7 eta Thunderbird 7

Sei asteko argitaratze-zikloekin jarraituz, ez dira 24 ordu ere pasatu Firefox 7 eta Thunderbird 7 kalean daudenetik.

Firefox 7

Firefoxek hobekuntza nabarmenak izan ditu memoriaren erabilerari dagokionez, azken hilabeteotan martxan izan den MemShrink esfortzuaren lehen emaitzak orain baitaude erabiltzailearen esku.

Hobekuntza hauek kuantifikatzea oso zaila da, izan ere, erabiltzaile bakoitzak nabigatzeko oso ohitura desberdinak baititu. Dena den, errendimenduaren hobekuntzan lanean dabilen Nicholas Nethercote Mozillako ingeniariaren arabera, estimatzen da %20-%30 inguru memoria gutxiago erabiltzen dela eta zenbait kasutan %50ekoa ere izan daiteke murriztea.

Errendimenduaren hobekuntzetan laguntzeko, gainera, Telemetry izeneko tresna gehitu zaio nabigatzaileari. Tresna honek gure nabigatzailearen errendimenduaren gaineko informazioa (memoria-erabilera, abioak hartzen duen denbora…) bidaltzen dio Mozillari. Funtzionaltasun hau erabat aukerazkoa da eta erabiltzailearen pribatutasuna babesteko, besterik ezean desgaituta dago.

Bestalde, Windows sistematan canvas elementua errendatzeko Direct 2D Azure APIa erabiliko da, abiadura azkarragoan marrazteko aukera emanez.

Erabiltzaileari begira aldaketa nabarmen handirik ez dagoen arren, hemendik aurrera helbide-barran ez da http:// zatia bistaratuko. Orrialde seguruetan https:// bistaratuko da oraindik.

Web garatzaileek aukera berriak ere badituzte; tartean CSSko text-overflow: ellipsis propietatea. WebSocket-en protokoloa ere eguneratu da.

Bertsio honen nobedadeei buruzko argibide gehiago topa daitezke bertsio-oharretan.

Deskargatu Firefox 7 euskaraz:

Thunderbird 7

Thunderbirdek ere eguneraketa berria izan du, oraingo honetan plataforma eguneratuz, segurtasun-arazoak eta bestelako erroreak konponduz. Bertsio-oharretan argibide gehiago aurki daitezke.

Deskargatu Thunderbird 7 euskaraz:

Iruzkin bat