Firefox 5 kalean da

Firefox 4 argitaratu eta hiru hilabete eskasera dator gure artera Firefox 5, denboran oinarritutako garapen- eta argitaratze-zikloei hasiera emanez.

Bertsio berri honek erabiltzaileari begira ez dakartza aparteko nobedadeak, batez ere errendimenduaren hobekuntzan eta estandarren euskarrian egon baitira aldaketak.

Esate baterako, CSS animazioen euskarria gehitu da eta hobekuntzak burutu dira ortografia-egiaztatzaileen euskarrian.
Linuxeko mahaigainekiko integrazioa ere hobetu da eta Do Not Track (webean gure aztarnak ez uzteko goiburuaren proposamena) gaitzeko hobespena tokiz aldatu da.

Deskargatu Firefox 5 euskaraz:

Aurretik Firefox 4 instalatuta badaukazu, Firefox berrira eguneratzeko nahikoa da ‘Laguntza‘ menuan ‘Firefox(r)i buruz‘ aukeratu eta ‘Aplikatu eguneraketa‘ botoia sakatzea.

Denboran oinarritutako zikloak

Nabigatzaileen artean konpetentzia handia dagoen garaiotan, Mozilla Fundazioaren helburua garbia da: funtzionaltasun eta teknologia berrienak erabiltzaileei ahalik eta azkarren berme guztiekin helaraztea.
Horretarako denboran oinarritutako argitaratzeak planteatu dituzte, Googleren Chromek egiten duen antzera eta, aldaketa hori bertsioen zenbakitzean ere islatuko da; oraingo bertsioa 5a izango da, datorrena 6a, hurrena 7a…

Era honetako argitaratzeen kalitatea bermatu eta erabiltzaileei beti bezain nabigatzaile fidagarria eskaintzeko, garapena hiru kanaletan banatu dute: Nightly (gaueroko bertsioak, ezegonkorra), Aurora (funtzionaltasun berrienak probatzeko moduan) eta Beta (argitaratu aurreko probatze aldia). Betaren ondoren etorriko litzake Release kanal egonkorra, behin betiko bertsioak osatzen duena.

Horrela, sei astetik behin kanal batetik besterako migrazioa egiten da eta proben emaitzen arabera funtzionaltasunek aurrera edo atzera egiten dute kanaletan, behin betiko bertsioa izatera iritsi arte.