VLC multimedia-erreproduzigailuaren 1.1 RC bertsioa, probetarako prest

Nahiz eta bertsio-zenbaki txikia eduki, badirudi VLC aplikazio bikainaren 1.1 bertsioak berrikuntza nabarmenak ekarriko dituela.

Horietako batek lehen ere hemen aipatu dugun kontu batekin zerikusia dauka, hain zuzen VP8 codec-arekin. VLC erreproduzigailuak VP8 onartuko du oraindik aurrera, albiste ona inondik ere formatu irekien alde gaudenontzat. VCLk bere codec guztiak txertatuta daramatzanez, ez da beharrezkoa izango ezer instalatzea VP8 codec-a erabiltzen duten bideoak VLCn ikusteko.

Beste hobekuntza nabarmenetako bat GPU bidezko azelerazioaren erabilera da. Honi esker, bereizmen handiko bideoen erreprodukzioa asko hobetuko da eta PUZak egiten duen lana arinduko da. Momentuz, ezaugarri hau Windows Vista, Windows 7 eta Linux sistemetan eskainiko da; beraz, Mac OS X kanpoan geratu da oraingoz.

VLC berriak hedapenak onartuko ditu, Firefoxen arrakastaren lorratza jarraituz. LUA izeneko scripting lengoaia erabiliko da horretarako.

Ikusentzunezko fitxategien biltegiak kudeatzeko modua ere hobetuko du bertsio berriak. SQLite datu-base bat erabiliko du VLCk fitxategiak txukunago antolatuta edukitzeko.

Ez dira gutxi bertsio honek dakartzan berrikuntzak. Bitartean Videolan-ekoak ez daude geldirik eta multimedia-fitxategiak editatzeko izango den VLMC aplikazio berria ari dira prestatzen.

Azken oharra: gogoan izan Librezale VLC aplikazioa euskaratzeko lanean ari dela. Zoritxarrez, ez daukagu denerako denborarik, eta jendea behar dugu euskaratze hori bukatzeko eta zuzentzeko. Gurekin lanean aritu nahi baduzu proiektu honetan, jarri harrremanetan gure ohiko kanaletako bat erabiliz.

Iruzkin bat

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>