Transmission, Simple Scan eta Déjà Dup euskaraz

Transmission BitTorrent bezeroa da, Simple Scan eskanerrak manejatzeko aplikazioa eta Déjà Dup babeskopiak egiteko aplikazioa.

Transmission P2P bezero lehenetsia da Ubuntun eta Fedoran. BitTorrent sareetatik fitxategiak deskargatzeko aplikazio sinplea baina eraginkorra da eta hemendik aurrera euskaraz ere egongo da.

Simple Scan aplikazioa, berriz, eskanerrak manejatzeko aplikazio txikia da. Canonical-ek garatutako aplikazioa da, eta Ubunturen 10.04 bertsiotik aurrera XSane ordeztera etorri da. Fedora 13n ere huraxe da eskaneatzeko aplikazio lehenetsia. XSane-k zein Simple Scan-ek SANE APIa erabiltzen dute atzetik, beraz eskaner bat batekin bateragarria bada, bestearekin ere funtzionatuko du. XSane-k interfaze osatuagoa baina konplexuagoa du, baina badirudi bere garapena nahiko motelduta dabilela. Simple Scan, izenak dioen bezala, tresna sinplea da, baina bere lana betetzen du.

Azkenik, Déjà Dup ere euskaraz dago orain. Aplikazio hau babeskopiak egiteko erabiltzen da, bai lokalean zein urruneko zerbitzari batean. Datuak konprimitu eta zifratzen ditu, eta babeskopia inkrementalak egiten ditu. Gainera, babeskopia automatikoak programatzea ahalbidetzen du denbora-tarte finkoetan.

Déjà Dup

Hiru aplikazio hauek Launchpad-en itzuli dira; beraz, norbaitek berehala euskarazko bertsioa erabili nahi badu, handik deskarga ditzake MO fitxategiak eta ondoren ordenagailuaren /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES direktorioan kopiatu (Launchpad-en izena emanda egon behar da fitxategi hauek deskargatzeko). Presarik ez badaukazue, itxaron zuen banaketen hurrengo kaleratzeetara eta bertan edukiko dituzue euskaraz.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>