OmegaT aplikazioaren euskaratzea eguneratu da
Euskaraz zegoen OmegaT-ren azken bertsioa 2.0.5 zen, 2010eko ekainean argitaratutakoa. Momentu honetan, azken hilabeteetako garapenean zehar sortu diren kate berriak itzuli ondoren, 2.2.1 bertsioa osorik euskaraz erabil daiteke.
OLI (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpena) edo CAT (Computer Assisted Translation) izeneko aplikazioen alorrean OmegaT-k bere lekutxoa egiten jarraitzen du. OLI aplikazioen oinarrizko funtzionaltasunak jadanik eskaintzen dituelarik, azken aldian garapena bi norabidetan zuzendu da: alde batetik, fitxategi-formatu gehiago zuzenean itzultzeko aukera gehitu da, eta bestetik, itzulpen automatikoak eskaintzen dituzten zerbitzuekin zegoen integrazioa handitu da.
Azken bertsioan, betiko formatuez gain (HTML, OpenXML, OpenOffice-nak), hurrengo formatuak ere ulertzen ditu OmegaT-k:
- Typo3 LocManager formatua
- Help & Manual formatua
- Windows Resources (RC) formatua
- Mozillak erabiltzen dituen DTD eta .properties formatuak
- WiX (.wxl) formatua
- DokuWiki formatua
- SVG formatua
Bestalde, eta formatuez hitz egiten jarraituta, hobetu egin da Microsoft-en OpenXML formatua irakurtzen zuen iragazkia, OmegaT-n fitxategi horietako informazioa aurkezten zaigunean garbiago (etiketa gutxiagorekin) ager dadin.
OmegaT-k Internetetik zuzenean erabil ditzakeen tresnei dagokienez, hainbat itzultzaile automatiko erabiltzeko aukera gehitu zaio. Google Translate, Apertium eta Belazar erabil daitezke esaldien oinarrizko itzulpen bat eskuratzeko. Honez gain, hiztegiak karga daitezke leiho berri batean, lagungarri gisa. Hiztegi horiek StarDict eta Lingvo DSL motakoak izan daitezke.
Euskara bezalako hizkuntza deklinatuentzako bereziki interesgarria izan daitekeen aukera berria lematizatzaileen erabilera da hitzen lemak hobeto erauzteko. Modu horretan asko hobetzen da parekatze lausoen bilaketa eta glosarioen erabilera. Funtzionaltasun hau aparte instalatu behar da.
Bestalde, glosarioen alorrean ere zerbait aurreratu da. Orain glosarioak partekatzeko estandarra izan nahi duen TBX formatua onartzen du OmegaT-k, eta glosarioen panelean erakusten diren aukerak zuzenean itzulitako testuan txerta daitezke saguarekin. Hala ere, oraindik hutsune handia du OmegaT-k alor honetan. Zerbait itzultzen ari garenean, askotan gertatzen da hitz bat glosarioan sartu nahi dugula, geroago erabili nahi dugunean erraz gogoratu ahal izateko, baina OmegaT-k oraindik ezin ditu glosarioak aplikaziotik zuzenean osatu.
Azkenik, itzulpenaren estatistikak hobetu egin dira, informazio gehiago ematen da orain.
Ez ahaztu OmegaT zuzenean Java Web Start teknologiaren bidez ere erabil daitekeela. Horrela, zuzenean saretik deskargatu eta berehala erabiltzen has daiteke, eta eguneraketa bat dagoenean automatikoki instalatzen da. Zoritxarrez, OpenJDK bezalako Javaren inplementazio libreetan ez dut lortu OmegaT modu horretan irekitzerik.
OmegaT-ren Java Web Start bertsioa erabiltzeko, sakatu hemen (Java instalatuta eduki behar da).
Aldaketen zerrenda osoa, hemen. Amaitzeko, OmegaT-ren erabileraren bideotxoa.