WordPress 3.0 itzultzeko laguntza eske

Berez gaur da argitaratzekoa WordPressen 3.0 bertsio berria eta aldaketa asko eta oso garrantzitsuak dakartza. Besteak beste, MU (Multi User) funtzionalitatea WordPressen barruan integratu da, beraz WordPress gai izango da instalazio bakarrarekin nahi adina blog sortzeko. Honez gain, lehenetsitako itxura berria dago eta pertsonalizatzeko aukerak zabalagoak eta errazagoak dira (menuak erabil daitezke, adibidez).

Honekin guztiarekin ordea interfazean aldaketa mordoa egin dira eta, ondorioz, itzultzeko kate berri mordoa dago. Azken hilabetean honekin lanean aritu garen arren, oraindik badago egitekorik eta horregatik gatoz laguntza eske. Parte hartu nahi?

Interfazean aldaketa nabarmenenak MU funtzionaltasuna gehitzearekin batera etorri dira, honekin itzultzeko kate berri asko daudelako. Gainera, praktikoki pantaila bakoitzean laguntza-testu luze samarrak integratu dira. Administrazioko botoi erabilienak eta ohiko mezuak euskaraz dauden arren, %100era heltzeko urrats bat ematea falta da.

Nola lagun dezaket?

Itzulpen-fitxategiak gure Pootle zerbitzarian dauzkagu kargatuta. Bertan konturik ez baduzu, hasteko eman izena eta hasi saioa zure erabiltzaile-izenarekin.

WordPresseko itzulpen-fitxategiak wordpress izeneko proiektuan kudeatzen ditugu, ondorengo helbidean: http://librezale.eus:8080/eu/wordpress/.

Itzuli beharreko fitxategiak hauek dira:

  • wordpress3.0.po: WordPressen ohiko kateak eta administrazio funtzionaltasunak ditu.
  • wordpress3.0-ms.po: WordPress MS (Multi Site) funtzionaltasun berriari dagozkionak daude.

Besterik ezean itzulpen-gomendioak egiteko aukera izango duzue. Inork lan asko egiteko intentzioa balu eta idazteko baimenak nahi balitu, eskatu besterik ez du.

Esan bezala WordPress 3.0 gaur argitaratzea aurreikusten da, baina, hala ez bada, ondorengo egunetan etor daiteke.

Denon laguntzarekin errazago eta azkarrago osa dezakegulakoan, mila esker.