Mozilla Summit 2010eko kronika

Hilaren 6tik 10era bitartean Whistler-en (Kanada) izan da Librezaleko Julen, 2010eko Mozilla Summit-ean, Mozillak gonbidatuta eta bertan bizitakoen kontaketa pertsonala jasotzen da ondorengo lerroetan.


Hasteko, duela bi urte baino egun gutxiago izan ditu Summit-ak (hiru egun oso) baina aldi berean partaide kopurua igo egin da; 600 gonbidatu egon dira, aurreko 400en aldean.

Ongietorri koktela

Ongietorri koktelean jendea lehenengo kontuak kontatzen.

Ongietorri festa informal batekin hasi zen nire estantzia han (6ko iluntzean), baina Summit-aren mamia ondorengo goizean goiz hasi zen Keynote nagusiekin. Egindako aurkezpenetan, Mozillak fundazio gisa web irekiarekiko duen konpromiso filosofiko sendoa azpimarratzeaz gain, datorren Firefox 4 bertsioak izango dituen nobedade nagusiak erakutsi zizkiguten bertatik bertara pantaila handian. Esan behar da Summit-ak izenean Mozilla daraman arren, produktu aldetik diferentziaz Firefoxen zentratu zirela.

Ez zen dudarik geratu datorren Firefox 4 bertsioak aldaketa handiak ekarriko dituela eta argitaratze hau oso garrantzitsua izango dela, Firefox 3ren pareko zerbait edo agian gehiago. Defektuzko itxuretan egingo diren aldaketak Erabiltzaile Interfaze nagusian eragiteaz gain (gehienbat Windows sistematan), batez ere punta-puntako web teknologiak txertatuz egingo du ekarpenik handiena nabigatzaileak: HTML5eko ezaugarri mordoa gehituko dira (WebSocket-ak, WebGL, bideoa WebM codec-aren bitartez, …) eta CSS3ko azken berrikuntzak ere ekarriko ditu (animazioak, errotazioak, …).

Errendimenduan ere arreta berezia jartzen ari dira, bai interfazearen erantzun-denbora eta abiarazte-denboraren aldetik eta baita JavaScript motorraren bizkortasunaren aldetik ere (JaƫgerMonkey motorrean dabiltza lanean). Era berean, nabigatzailea berrabiaraztea behar ez duten JetPack gehigarriak ere integratuko direla aurreratu zuten. Hauek ez datoz gehigarri tradizionalak ordezkatzera, osagarri izatera baizik.

Laborategitik nabigatzailera eramango diren pieza bezala bi nabarmen daitezke: webguneek identitateak kudeatu behar dituztenean nabigatzaileak rol garrantzitsua jokatzeko aukera (kontu-kudeatzaile eta protokolo jakin baten bidez) eta norbere erabiltzaile-profileko datuak modu seguruan hainbat makinen artean partekatzeko aukera (Firefox Sync).

Aipatutako guztiak demo ikusgarriekin lagunduta aurkeztu zitzaizkigun. Ez galdu WebGLren gaitasunak erakusteko erakutsi ziguten oldschool erako demoa: dena HTML5 + CSS + JavaScript da.

Keynote aretoa jendez lepo

Keynote aretoa jendez lepo

Keynote-ak kenduta, ohiko 45 minutuko saioak eta Lightning Session deituriko 5 minutuko saio azkarrak zeuden. Lightning saioak oso bizi eta freskoak ziren eta era guztietako gaiak jorratzen zituzten labur-labur. Ohiko saioek aldiz gaiak sakonago lantzen zituzten eta eztabaidarako tarte zabala geratzen zen.

Batez ere lokalizazio eta garapeneko saioetan egon nintzen ni eta zerbaitek atentzioa deitu bazidan, l20n-ri (l10n 2.0, nolabait) buruzko saioa izan zen hori. l20n-en asmoa da egungo lokalizazio-formatuek dituzten mugak gainditu eta interfazeko hizkuntza naturalago bat lortzeko bideak ematea. Aukeran lokalizazioak “programatu” ahal izango dira halako beharrak dituzten hizkuntzentzat.

Adibide gisa jarri zuten polonieraz izen baten jeneroaren arabera esaldia erabat alda zitekeela. Horregatik, formatuak jeneroaren informazioaren arabera jokatzeko aukerak emango lituzke.
Geurera etorriz, makro orokor moduko bat erabil litekeela okurritzen zait ohiko “XXX(r)en” esaldietako parentesia kentzeko “XXX” balioaren bukaeraren arabera.
Hala ere hau guztia nahiko berde dago oraindik eta itxaron egin beharko da prototipo funtzionalak ikusteko. Edonola ere, egindako lana bestelako entitateei (GNU gettext, gehienbat) erakutsi eta proposatzeko asmoa azaldu zen.

Baina saioez aparte hizketaldiak ere egon dira pila bat mundu guztiko jendearekin. Aurreko edizioan ezagututako jendeaz gain (Hegoafrika, Espainia, Frantzia, Kurdistan, Katalunia, Argentina, Irlanda, …) gonbidatu gehiago zegoenez, jende gehiagorekin jarduteko aukera egon da (Bangladesh, Hego Korea, Kolonbia, Txile, …).

Demo ikusgarria HTML5 + JavaScript + CSS erabilita

Demo ikusgarria HTML5 + JavaScript + CSS erabilita

Indiako jende dezente zegoen (22 hizkuntza ofizial daude Indian eta ofizialak ez diren beste ehundaka), Kannada, Telugu, Malayalam, … lokalizatzen jarduten direnak. Hauen kasua kuriosoa da, gehienak ere RedHat/Fedora-k lanaldi osorako hartutako langile gisa baitabiltza euren lokalizazioetan lanean. Bangladesh eta Sri-Lankako jendea ere bazen tartean. Hauetako gehienak, Mozillako produktuez gain bestelako softwarea ere lokalizatzen dute, guk bezala, alegia.

Ilusioa egin zidan era berean, Uruguaiko mutil batek, zeinak Esperantoko (eo) lokalizazioa lantzen duen, euskaraz hitz egin zidanean. Antza Bilbo aldetik ibili zen hilabete batzutan eta Lehendakariak baino hobeto hitz egitea ere lortu zuen.

Jendearekin oraindik eta interakzio gehiago izateko, World Expo delakoa antolatu zuten ostegun iluntzerako. Hau da, mundu osoko jendeak tokian tokiko ezaugarri kulturalak erakusteko gauzak (edariak, objektuak, musika, …) eraman zitzakeen eta mahai batean pantaila batekin lagunduta guztioi erakutsi.
Tamalez nik ezin izan nuen Euskal Herriko mahairik jarri, azkenaldian oso lanpetuta ibili naizelako batez ere, baina mahaiz mahai joatean guztiei kontatzen nien nondik nentorren eta gure egoeraren berri ematen nien.

Frisierazko (fy) lokalizazioaren arduradunarekin hizketan, komentatu zidan haiek gutxi gorabehera Firefoxen 500 bat erabiltzaile aktibo dituztela. Gurearekin alderatuta gutxi da (~9.000) eta hain zuzen jendeak Herbehereetako bertsiora jotzeko duen joera azpimarratu zidan; gutxi gorabehera hemen bertsio espainiar edo frantziarrekin gertatzen den bezala, euskal erabiltzaileak erdal nabigatzaileak darabiltzala, alegia.

Hau “konpontzeko” es-ES eta fr bertsioetan eu hizkuntza ere gehitzeko aukeraz mintzatu ginen. Berdin webguneetan, nabigazio-hizkuntzaren arabera erabiltzaileak zuzenean es-ES eta fr bertsioetara zuzenduko baitira, kasurik gehienetan (Windows + IE instalatu berriak).
Beharbada fronte honetan zerbait egiten saia gaitezke euskal erabiltzaile gehiago lortze aldera (bide batez: kezkagarria da zer-nolako aldea dagoen hegoaldetik iparraldera Firefox-eu-ren erabilpen-datuetan).

600 lagun Blackcomb-en festarako prest

600 lagun Blackcomb-en festarako prest

SUMO gunea (Firefoxen laguntza) koordinatzen dabilen Kadir Topal-ekin ere hitz egin nuen. Dakizuen moduan, euskarazko SUMO praktikoki ez da existitzen. Garai batean offline zegoen laguntza itzuli zen baina egun online ez dago ezer. Esaten zidanaren arabera ordea, SUMOko artikulu nagusienek atzitze-tasa handia dute eta gainera ez dira itzultzeko oso luzeak. Horregatik oso komenigarria izan daiteke artikulu klabe batzuk itzulita izatea. Bertsiotik bertsiora gainera apenas aldatzen direla ere komentatu zidan.

Guztiak zerrendatzea ezinezkoa denez horiek gogora ditzaket nabarmenen bezala. Baina saio eta berriketez gain festarako tartea ere izan zen azken egunean despedida moduan: duela bi urte bezala Blackcomb mendira eraman gintuzten afaldu eta musika artean festa-giroan hiru egunetako jardunari amaiera ematera. Burua lehertzeko zorian lagatzerainoko hiru egun intenso baina beti bezain aberasgarri eta interesgarriak.

Besterik ez, nik gauzak ikasi ditudan bezala, zuek ere laburpen xume honekin zerbait ikasi eta ideia orokor bat izango duzuen esperantzarekin geratzen naiz. Galdera konkretu edo bestelako komentariorik baduzue, ez egin duda ta bota lasai!

Interneten moz10 etiketapean aurki ditzakezue ekitaldiaren inguruko argazkiak eta bestelakoak.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>