Firefox 4rako plangintza aurkeztu du Mozillak
Web nabigatzaileen arteko konpetentzia egunetik egunera bistakoagoa den garaiotan, Mozillakoak buru-belarri dabiltza Firefoxen 4. bertsioan lanean. Produktuaren zuzendari nagusi den Mike Beltznerek bere blogean azaldu berri du urte amaieran kaleratzekoa den bertsio honetarako daukaten plangintza. Firefox azkartzea eta garatzaile eta erabiltzaileei web teknologien eta nabigatzailearen beraren gaineko kontrol osoa ematea daukate helburu nagusi.
Firefox 4ren aurretik Firefox 3.7 etortzekoa bazen ere, planak aldatu egin dira.
Firefox 3.7ren motibazio nagusia plugin-ak nabigatzailearen prozesutik kanpo exekutatzea zen, baina ezaugarri hau azkenean Firefox 3.6.4 gisa kaleratuko da, segurtasun-eguneraketa balitz bezala. Era berean, itxurak ere zenbait aldaketa izatea espero zen 3.7rako, baina diseinatzaileek denbora gehiago eskatu dutenez, bertsio hau bertan behera laga eta zuzenean Firefox 4 izango denean zentratu dituzte esfortzuak.
Firefox 4rako planak aztertzerakoan, erabiltzaile eta garatzaileei begira eta plataformari berari egingo zaizkion aldaketen arteko bereizketa egin daiteke.
Erabiltzailearentzat itxura nagusia eraberrituko da, bai interfaze nagusian (fitxak goian jarriko dira, menu-barra desagertuko da, …) eta baita bestelako osagaietan ere (gehigarrien kudeatzailea, adibidez). Nabigatzea trabatzen duten leiho modalak kendu eta jakinarazpenengatik ordezkatzea ere pentsatuta dago.Erabiltzaile eta webguneen arteko elkarrekintza hobetzeko, klik bakarrean saioa hasteko aukera aztertzen dabiltza. Nabigatzailea hainbat lekutan erabiltzea errazteko, gainera, laster-markak, nabigazio-historia, gordetako pasahitzak eta uneko saioa sinkronizatzeko aukera emango da Firefox Sync izeneko zerbitzuaren bitartez (gaur egun Weave Browser Sync gehigarriarekin egiten den antzera).
Garatzaileei begira, web teknologia berrienak integratuko dira, hala nola WebSocket-ak, CSS3, HTML5en parser berria erabiliko da, … Era berean, nabigatzailearen multimedia gaitasunak hobetuko dira, Windows plataformetan Direct2D erabilita, adibidez. Garatzaile-tresna boteretsuenak integratzea ere plangintzaren barruan dago.
Plataformari dagokionez, batez ere errendimenduan eta abiaduraren hobekuntzan zentratuko da lana. JaegerMonkey JavaScript motorrean dagoeneko lanean dabiltza (Googleren V8 eta Appleren Nitro-tik urrun xamar, momentuz). 64 bitetako plataformetarako pakete ofizialak izatea ere aurreikusita dago.Lehenengo beta bertsioak ekainaren amaiera aldean agertzea espero da eta hiru astetik behin berritzen joateko asmoa dago, RCak agertu aurretik, urriaren amaiera aldera. Gauzak ondo bidean, Firefox 4 urte amaieran kaleratuko da.
Iruzkin bat
-
#1 Twitter azken astea 2010-05-16 — 2010/05/16 @ 2:21
[…] 4rako plangintza aurkeztu du Mozillak http://librezale.org/2010/05/12/firefox-4rako-plangintza-aurkeztu-du-mozillak/ […]