Wikiaren erabilera
Ez da lan askorik behar Librezaleren webgunean proiektu berri bat sortzeko. MediaWikirekin sortutako wiki bat da, beraz wiki eran egin behar da lan.
Wikiaren erabilera orokorra
Wikiaren aginte-panela orri bakoitzaren behealdean dago. Behe eskuinean dagoen "Saioa hasi / kontua sortu" botoian sakatu, eta kontu berri bat sortu behar da lanean hasteko. Ondoren, bi barratan antolatutako aukera guztiak aterako dira behealde horretan:
- "orrialdea - eztabaida - aldatu - historia - mugitu - jarraitu - fitxategia igo"
- "(erabiltzaile-izena) - nire eztabaida - nire hobespenak - nire jarraipen zerrenda - nire ekarpenak - saioa itxi"
Saioa hasi ondoren, jadanik badauden orriak aldatu ahal dira eta orri berriak sortu ahal dira. Gehienetan hiru aukera hauek dira erabilienak:
- "artikulua": Orri berriak sortzeko, hau da, proiektu berriak sortzeko.
- "aldatu": Orriak aldatzeko.
- "fitxategia igo": Irudiak igotzeko (baita beste fitxategi batzuk, itzulpen-memoriak etab, igotzeko ere).
Artikulua aldatzea aukeratzen bada, informazioa aldatzeko kutxa batean irekiko da edukia, eta 4 barra berri agertuko dira, bat goian eta 3 justu kutxa horren azpian.
- Goian, edukia moldatzeko botoiak: testu beltza, etzana, barne lotura, kanpo lotura, etab.
- Behean:
- Aldaketaren laburpena sartzeko kutxatxo bat. Aukerakoa.
- Aldaketa txikia dela adierazteko edo aldaketaren jarraipena egiteko aukera. Normalean ez dugu erabiliko.
- Orrialdea gordetzeko botoia, eta beste batzuk. Botoi hori sakatu behar da aldaketak gordetzeko.
Proiektu berriak sortzea
Proiektu berria sortzeko modurik errazena beste proiektu baten orriko edukia kopiatzea da. Sartu jadanik existitzen den proiektu batean, hasi saioa, sakatu "aldatu" botoia eta kopiatu han agertuko den kodea. Testuaz gain, wiki erako kodea agertuko da. MediaWikiren formatu-marka erabilienak ezagutzeko gida: http://www.mediawiki.org/wiki/Help:Formatting
Proiektu bakoitzerako ezinbestekoak dira hauek egitea:
- Goian {{Proiektua}} txantiloia jartzea, eta hori moldatzea. Lankide bat jarri behar da proiektuaren arduradun modura, normalean orria sortu duen erabiltzailea izango da.
- Behean {{Proiektuak}} txantiloia jartzea.
- Behean kategoria jartzea [[Kategoria:]] kodearen bidez. Kategorien zerrenda orri honetan "Azpikategoriak" moduan agertzen dira. Proiektu baterako ez bada kategoria egokirik ikusten, kategoria berria sortu behar da.
- Proiektua Proiektuak orriko ataletako batean sartu. Hau kategorien parekoa da, baina modu bisualagoan jarrita.
Aldaketen jarraipena
Wikian dauden aldaketak jarraitzeko, adibidez proiektuen orrietan egin diren aldaketak ikusteko eta nork egin dituen jakiteko, aldaketen RSSa jarrai daiteke.
Orri bakoitzean egin diren aldaketen historia ikusteko, saioa hasi erabiltzaile modura eta sakatu "historia" botoia.