Strict Open XML
Edukiak
Strict Open XML
Aurrekariak
OpenOffice / LibreOffice aplikazio sorten OpenDocument formatuak ISO estandarra bihurtu zirenean eta munduko hainbat administraziok fitxategi formatu estandarrak legez ezartzeko mugimenduak egiten hasi zirenean Microsoftek Office Open XML formatuak estandarizatu zituen, lehenbizi ECMA bitartez eta gero ISO erakundearen bitartez ere.
Baina Microsoftek paperean zehaztutako Office Open XML formatuak (edo OOXML) ez zetozen bat benetan erabiltzen zituzten horiekin, eta praktikan ez zen posiblea beste inorentzat Microsoft Officerekin bateragarria zen aplikazio bat sortzea OOXML estandarra jarraituz. Tranpa hau agerian geratzean administrazioak berriro hasi ziren egiazko formatu libreei lehentasuna ematen.
Hortaz bi bertsio zeudela erabaki zuten: OOXML Transizionala, benetan erabilitakoa, eta Strict edo zorrotza, lege desberdinen arabera onargarria litzatekeena. Ofizialki Microsoft Office 2016 bertsioa da Strict OOXML formatuak ireki eta idazteko gaitasun osoa duen lehena, nahiz eta lehenetsia Transitional den eta Microsoftek berak ez duen betetzen Strict estandarra.
Transitional eta Strict bereiztea
Zaila da erabiltzailearentzat fitxategi batek Transitional OOXML ala Strict OOXML formatua duen jakitea, hasteko biek dutelako .docx luzapena eta ez dagoelako tresnarik biak bereizteko.
Baina saiatu gaitezke, .docx edukiontzi bat besterik ez da, bideorako Matroska edo avi formatuak bezala. Barruan dagoena zer den jakiteko .docx hori deskonprimitu behar da (benetan zip bat da).
Barruan besteak beste word izeneko karpeta bat dago eta hor document.xml izeneko fitxategi bat. Ireki eta xmlns:w= bilatu:
- Transitional -> xmlns:w="http://schemas.openxmlformats.org/wordprocessingml/2006/main"
- Strict -> xmlns:w="http://purl.oclc.org/ooxml/wordprocessingml/main"
Beraz Strict estandartzat hartu daiteke?
Paperean Strict OOXML estandarrak formatu libre eta bateragarri bat sortzeko oinarriak jartzen ditu, baina hurbilagotik begiratuta egoera ez da asko aldatu, fraktal bat da, eta estandar baten helburua bateragarritasuna den heinean, ezin daiteke esan Microsoft estandar bat sortzeko ahalegina egiten dagoela, bi arrazoiengatik:
1. Microsoftek ez du jarraitzen estandarra eta Microsoft Officerekin bateragarria izan nahi duen aplikazio orok Microsoften bugak ingeniaritza inbertsoa erabiliz deskubritu eta erreproduzitu behar ditu. Adibide bat: https://gerrit.libreoffice.org/#/c/39168/
2. OOXML estandarrak ez du erabat zehazten zein den onartutako edukia, eta bai Transitional-ek bai Strict-ek, onartutako estandar libreak ez diren bestelako formatuei atea irekitzen diete, eta Microsoftek bereak erabiltzen ditu onartutako estandar libreak eskuragarri daudenean ere. Adibidez, irudietarako W3Ck onartutako SVG erabili ordez, etxean garatutako eta W3C-k onartu gabeko VML erabiltzen du, antzera notazio matematikorako, eta testua bera zehazteko aukeratu duena ere propioa da.
Laburbilduz, onartutako estandar libreak erabiliz baliozko Strict OOXML fitxategiak sortzen dituen aplikazio bat ez litzateke bateragarria Microsoft Office 2016rekin.