Pootle:Gida

Librezale.eustik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Pootle bidez itzulpenak egiteko eman beharreko pausuak sinpleak dira.

Hasi aurretik

Ezertan hasi aurretik sisteman izena eman, saioa hasi eta gure ezarpenak zehaztu behar ditugu.

Izena ematea

Izen-emateko inprimakia bete behar duzu Pootle zerbitzarian erabiltzaile berri bat sortzeko. Zehaztu berri duzun helbidean mezua jasoko duzu kontua aktibatzeko loturarekin. Izen-ematea aktibatu ondoren, hautatutako erabiltzaile-izen eta pasahitzekin saioa hasi dezakezu zerbitzarian.

Itzulpenak egitea

Oinarri-oinarrizkoa egin ondoren prest gaude itzulpenak egiten hasteko.

Nabigatzea

Itzultzeko proiektu bat aukeratu eta ireki ondoren, fitxategi-zerrenda bat agertuko zaigu. Fitxategi-arakatzaileetan bezala direktorio-mailetan zehar nabiga daiteke itzulpen-proiektuetan.

Fitxategi-zerrendek itzulpenaren egoeraren laburpena bistaratzen dute, bai hitz kopuru osoa bai eta arreta behar duten hitzen kopurua ere. Barra-grafiko batean egoera bisualki ikus daiteke. Fitxategi-izen baten gainean klik eginda editorera egingo dugu jauzi.

Editorea

Itzulpenak egiteko editoreak testua editatzeko kutxa bistaratzen du pantailaren erdian. Jatorrizko ingelesezko testua honen goian agertuko da. Gorago, aldiz, uneko itzulpen-unitatearen inguruko informazioa bistaratuko da: oharrak, testuaren kokapena...

Eskuinaldean, aldiz, bidalketarako botoiak daude. Baimen egokiak baditugu, Bidali botoia agertuko da; hala ez bada, gomendioak egiteko aukera izango dugu soilik Gomendatu botoia erabilita.

Lana behar du kontrol-laukiak itzulpen-unitatearen egoera lausoa adierazten du: zalantzak egon litezke itzulpenaren zuzentasunaren gainean edo norbaitek berrikusteko zain dago.

Ezkerraldean terminologiaren inguruko gomendioak bistaratzen dira. Eskuinaldean, aldiz, huts egin duten kalitate-kontrolerako egiaztapenak daude. Egiaztapen hauek uneko itzulpenak izan ditzakeen erroreak automatikoki detektatzen saiatzen dira (amaierako puntuazioa, erabilitako aldagaiak ondo dauden...).

Nabigaziorako eta unean bistaratzen diren kateak iragazteko tresna-barra bat dago beheko aldean. Bilaketarako kutxak edozein testu bilatzeko balio du, eta zein eremutan (ituruburu-/helburu-testuak, iruzkinak) bilatu nahi den adieraz daiteke. Honen aldameneko goitibeherako menuak kateak hauen egoeraren arabera iragazteko balio du: itzulitakoak, itzuli gabeak, lana behar dutenak, gomendioak dituztenak... Eskuin aldean, bestalde, nabigaziorako botoiak eta kontrolak daude.

Laster-teklak

Editorea modu produktiboan erabiltzeko hainbat laster-tekla daude erabilgarri:


Laster-tekla Azalpena
Ktrl+Gora Joan aurreko katera
Ktrl+Behera Joan hurrengo katera
Ktrl+Sartu Bidali itzulpena/gomendioa
Ktrl+Zuriunea Txandakatu Lana behar du egoera
Ktrl+Shift+S Jarri fokua bilaketa-kutxan