MatrixTelegramArtikulua
Edukiak
Komunikazio tresnei buruzko hausnarketa (Matrix eta Telegram)
Komunikazio tresnen garrantzia
2002ean sortu zen Mozilla Euskaraz proiektua, Elhuyarrek egindako itzulpenari jarraipena emateko, eta proiektu hori gardena izan zedin ezarritako foro erabat irekietan sortutako girotik jaio zen Librezale 2003an, bolondreski software librea euskaratzen genuen jendea biltzeko asmoa zuen eta duen lan-talde ireki hau.
Esperientziatik zein elkarri eta inguruko lagunei entzunez Librezalek ikasi duenetako bat gardentasunaren garrantzia da, eta erabiltzen ditugun komunikazio tresnek horretan duten eragina oso handia dela.
Librezale eta Telegram
2016ko apirilean foro zaharrak jada funtzioa ondo betetzen ez zuela ikusita, Telegram supertalde batekin proba bat egin genuen, eta proba hori gure komunikazio kanal erabiliena bihurtu zen.
Telegram erabiltzeak bazituen hiru arazo, bat ez zegoen euskaraz erabiltzerik, bi bezeroak libreak baziren ere azpiegitura ez, eta hiru segurtasuna saltzen bazuten ere zifratze algoritmoa auditatu gabe zegoela. Hala ere, orduan ez zitzaigun aukera hoberik bururatu.
Lehen arazoa konpontzea gure esku egon zen, 2014ean iragarrita zuen Arabako enpresa batek itzulpena, zoritxarrez 2016an proiektu hura blokeo egoera batean zegoen. Arduradunarekin hitz egin, euskaratzeko proiektua bizkarrera bota, eta biziberritu egin genuen. Ofizialki euskara onartzen ez bazen ere @euskaltelegram kanalaren bidez hizkuntza paketeak banatzeari ekin genion.
Bigarren arazoa esperantzari utzi genion, Telegram enpresak hasieratik zerbitzaria ere askatzeko asmoa adierazita zuelako. Baina usteak erdiak ustel eta Telegramek hartutako norabidea oso bestelakoa izan da, eta burujabetasun teknologikoaren ikuspuntutik ezin dugu Telegram defendatu.
Hirugarren arazoari dagokiola, bi urte hauetan tresna askoz hobeak sortu dira, WhatsApp bera orain askoz seguruagotzat jo daiteke, Telegramek ez du aurrera pausurik eman. Gure komunikazio kanalak erabat irekiak eta zifratu gabeak badira ere, bada gure desioa euskaldunon eskuetan pribatutasuna bermatzen duten tresna seguruak jartzea.
Librezale eta Matrix
2017ko abenduan komunikazio tresnen inguruko eztabaida publiko bat izan genuen, egunetakoa, eta horren ondorio praktikoa Matrix sarean Librezale gela irekitzea izan zen.
Erabaki hori hartzeko arrazoiak hainbat ziren, Matrix sarea librea eta federatua dela, burujabetza teknologikoaren ikuspuntutik kontuan hartzekoa, bezero nagusia (Riot.im/Element) euskaraz zegoen jada, zifratu gabeko talde ireki bat sortzea ahalbidetzen zigun eta bide batez jendearen eskuetan komunikazio pribatuak izateko ondo auditatutako tresna bat jartzen genuen, eta ezagutza tekniko handirik ez dutenentzat beste aukera seguru batzuk baino errazagoa zen ere.
Gainera, hor zegoen Telegram taldearekin lotzeko aukera ematen zigun zubia. (Beste sareekin zubiak ezartzea da Matrix sarearen ezaugarri bat), trantsiziorako behar beste denbora ematen digu horrek. Gaur egun partaide aktibo gehienak Matrix lehenesten badugu ere, jarraitzaileen gehiengoa Telegram taldean mantendu da.
Bagenekien erabaki hau hartzeko orduan abangoardian jartzen ginela, arazoak pairatuko genituela, eta bai pairatu ditugu, horiei konponbidea jartzeko gure azpiegitura propioa sortu dugu, Librezalek orain bere Matrix-Telegram zubi propioa du, Markox, iraganetik etorkizunera, itxitik librera, zentralizatutik deszentralizatura bidean guztioi bidea errazteko zubia. Badakigu denbora behar dela, eta bestaldean zain gauzkazu urratsa ematen duzunerako ongi etorria emateko prest.
Zer gertatuko da Telegram euskaratzeko proiektuarekin?
Librezalek Markox zubia ezarri eta hurrengo egunera Telegramek itzultzaileontzat jada ezaguna zen bere itzulpen plataforma zentralizatua iragarri zuen mundura.
Ez zaigu batere argi geratzen zein izango den lehen libreak ziren itzulpenetatik abiatuta sortuko diren itzulpenen lizentzia, oraingoz badirudi zerbitzari zentral horretatik esportatzerik ez dagoela.
Ez zaigu argi geratzen jada iOS bezeroa ordezkatu duen, eta ziur laster Android bezeroa ere ordezkatuko duen, Telegram X proiektuaren lizentzia, gaur egun kodea ikusgai dago baina ez da lizentziarik aipatzen, hortaz ez litzateke librea.
Hala ere badirudi euskaratzeko proiektua bere gain hartzeko grinaz dagoenik badagoela, eta Librezaletik ez litzaiguke bururatuko hori bultzatzea ez den besterik ezer egitea.
Itzulpenerako zerbitzaria ez da aldatu, itzultzeko jo hona:
https://translations.telegram.org/eu/
Eta itzulpena eztabaidatzeko Telegramek ezarri duen talde berria:
Eta zer geratuko da Matrix-ekin?
Estandar bihurtzeko bidean dago eta hazkunde handia du. Gutariko batzuk bat bateko mezularitzaren etorkizuna dela uste dugu, beste batzuk ez dugu argi, baina Telegram baino hobeto portatzen ari da orain arte, horretan ados gaude.