Legeek diotena

Librezale.eustik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Aldez aurreko oharrak:

HeL txatean sarritan galdetzen dute gurasoek legeei buruz. Ea legezkoa den eskolak umeari gmail kontu bat sortzea... eta abar. Horregatik sortu dugu testu hau, baina kontuan izan, irakurri aurretik, honakoak:

Legeek diotena neurri batean bakarrik axola zaigu. Hezkuntzan Librezale taldeak guraso, irakasle eta herritar asko biltzen ditu eta enpresa teknologiko handiak hezkuntza sistemetan izaten ari diren intrusismo beldurgarriak elkartu gaitu. Ez gara diskurtso legalista soilean geldituko, gaizki iruditzen zaiguna salatuko dugu, alternatibak garatuko ditugu gure baitan eta exijitu egingo diegu hezkuntza sistemei, bereziki publikoari, dauden aukera egokiak erabiltzeko.

Hemen prestatu dugun testua legelari ez diren pertsonek osatua da, boluntarioki, zalantzek jota dauden guraso eta irakasleei lehen orientabide batzuk emateko.

Hegoaldeko legeak hartu dira kontuan gehien bat. Iparraldeko egoerari buruzko lanketa falta dela ohartzen gara. Norbaitek honekin laguntzerik balu, asko eskertuko genuke harremanetan jartzea.

Legeei buruzko dokumentu txiki hau Sare Sozialen eta Online Jolasen ingurukoa da. Ez dira kontuan hartuko adinez nagusiak direnentzako aplikazioak edo zerbitzuak, hala nola: apustuak, kirol apustuak eta sexuarekin zer ikusia dutenak. Hori bai, zerbitzu hauei eragiten dieten legeak berberak dira zentzu orokorrean. Eta hemen agertzen ez diren beste batzuek ere eragiten diete.

Saiatuko gara argi azaltzen zein legek eragiten diguten eta horretarako adibide argigarriak erabiltzen :-)

Zein lege eta arau izan behar ditugu, behintzat, kontuan?

Hainbat dira. Batzuk, berdinak edo oso antzekoak dira bi estatuetan, Europar Batasunaren barruan bizi garen heinean. Beste batzuk, ezberdinak dira, politikoki kokatuta gauden estatuaren arabera.

  • 1. Espainiako konstituzioa
  • 2. Datu Pertsonalen Babeserako legeak

2.1 - Europako Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra - DBEO (Espainolez, RGPD Reglamento General de Protección de Datos. Frantzesez, RGPD Règlement Général sur la Protection des Données)

2.2 - Espainiako DPBEDBLO - Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa (Espainolez, Ley Orgánica de Protección de Datos Personales y Garantía de Derechos Digitales LOPD-GDD)

2.3 - Frantziako Informatikaren eta Askatasunen Legea (Frantzesez, Loi Informatique et Libertés)

  • 3. Zigor kodeak: Espainiakoa eta Frantziakoa

Legeak

Espainiako konstituzioa

Lege gorenetatik hasi beharra dago: Espainiako konstituzioa. Bertan, 18.1 artikuluan, “[...] eta bakoitzaren irudi eskubidea garantizatzen da.” Eta oinarrizko eskubide hau bermatzeko Maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoa, “Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzkoa” garatu zen. Honen 7. artikuluaren arabera “bidegabeko esku-sartzeak izango dira: 5. Norbaiten irudiak jasotzea, erreproduzitzea edo argitaratzea, argazki, film edo beste edozein prozeduraren bidez, pertsona horren bizitza pribatuko toki zein uneetan, edo horietatik kanpo [...]”.

[Adibidea] Demagun espazio publiko batean nagoela (parkea, jatetxea, liburutegia...), eta norbaitek, ezer esan gabe, argazki bat atara dit, baina konturatu egin naiz. Eskatu diezaioket argazkia ezabatzeko? Bai, eskubide osoa dut, eta gainera pertsona horrek ezabatu egin beharko luke. Ez dugu itxaron behar pertsona horrek blog, web orri edo sare sozial batetara igotzea gure eskubideak bete daitezen erreklamatzeko.

Datu Pertsonalen Babeserako legeak

Kontuan izan behar den hurrengo legea Europako Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra da. Erregelamendu horretan, 2016koa, norberaren irudia babesteaz haratago hitz egiten da, bizi garen garaiei jaramon eginda. Definizioak atalean “datu pertsonalak” zer diren azaltzen da: “pertsona fisiko identifikatu edo identifikagarri («interesdun») bati buruzko informazio guztia; pertsona fisiko identifikagarria da zuzenean edo zeharka, eta batez ere identifikatzaile baten bitartez, identifika daitekeen pertsona oro; identifikatzaile hori izen bat izan daiteke, identifikazio-zenbaki bat, kokapen-datuak, online identifikatzaile bat edo pertsona horren nortasun fisikoari, fisiologikoari, genetikoari, psikikoari, ekonomikoari, kulturalari edo sozialari buruzko elementu bat edo gehiago.” Bai. Horixe dio: “informazio guztia”, “identifikagarria da zuzenean edo zeharka”.

[Adibidea] Nire ibilgailua cadillac arrosa bat bada, eta cadillac arrosa bakarra edo bakarrenetakoa Euskal Herrian, kotxearen argazkian matrikula ikusten ez bada ere, nire datu pertsonal bezala hartu daiteke, eta beraz, kotxearen argazkia sare sozial batetik ezabatzeko eska dezaket.

Erregelamendu horrek, gainera, beste gai bat zehazten du: zein adinetatik aurrera diren nire datu pertsonalak “nireak”. Beste modu batean esanda, zein adinetatik aurrera eman dezakedan izena, online edo offline, zerbitzuetan. Adierazitako adina 16 urte da (DBEOren 8. artikulua -Haurren adostasunari aplikagarriak zaizkion baldintzak, informazioaren gizarteko zerbitzuak direla eta).

Baina hau da Estatu bakoitzak alda ditzakeen erregelamenduaren zatietako bat: “Estatu kideek adin txikiago bat ezar dezakete helburu horiei begira, betiere adin hori 13 urtez azpikoa ez bada.” Espainiako estatuan 14 urte jarri da muga bezala eta 15 Frantziako errepublikan.

Puntu hori Espainiako Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren 7.1 artikuluan zehazten da: “7. artikulua. Adingabeen adostasun-ematea. 1. Adingabe baten datuen tratamendua berak emandako adostasunean oinarritu ahalko da hamalau urte baino gehiago baditu, ez bestela.” Eta Frantziako Informatikaren eta Askatasunen Legearen 45. artikuluan: “2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 erregelamenduko 8.1 bat artikulua aplikatuz, adingabeko batek datu pertsonalen trataera baimendu dezake [...] hamabost urteko adinetik aurrera” (OHARRA: frantsesetik guk euskaratua).

[Adibidea] Guraso batek eska diezaioke TikTok-i alaba edo semearen kontua ezabatzeko honek hamalau edo hamabost urte baino gehiago baditu? Ez. Eta egitekotan, eskaerari ezezko erantzuna eman beharko dio TikTok-ek, legeak nerabearen eskubideak bermatzen baititu. Eta nerabeak ziberjazarpena jasaten badu sare Sozial horretan? Ez dauka erantzun erraza. Batzuek esango dute ezetz, DBOE aplikatzen baita. Beste batzuek baietz, gurasoek haurren babesa ez dutela galtzen adinez nagusi izan arte. Gure proposamena: ahaztu legeekin, babestu alaba-semea eta jarraitu “Haur Eta Nerabeen Arretarako Telefonoa – Zeuk Esan – 116111” telefono eta zerbitzuaren ziberjazarpenaren aurkako gomendioei.

[Adibidea] Azken urteetan gertatu den eta jada ohikoa dan gertaera. Ikastolek eta ikastetxeek Google-n (edo Apple-n edo Microsoft-en) kontua zabaltzen diete adingabekoei. Are larriagoa, kontua zabaltzen diete 14 edo 15 urte azpikoei. Beharrezkoa da kontua sortzeko baimena gurasoek ematea? Bai. Legeen arabera, 14 edo 15 urte dituztenek eurek erabaki dezakete. Adin horien azpitik, Espainiako legeak argi uzten du 7.2 artikuluan: “Hamalau urtetik beherako adingabeen adostasunean oinarritutako datuen tratamendua bakarrik izango da zilegi guraso-ahalaren edo tutoretzaren titularrarena badago, eta guraso-ahal edo tutoretzaren titular horiek zehazten duten helmena izango du.” Frantzian, 45. artikuluaren bukaeran adierazitakoaren arabera “Lorsque le mineur est âgé de moins de quinze ans, le traitement n'est licite que si le consentement est donné conjointement par le mineur concerné et le ou les titulaires de l'autorité parentale à l'égard de ce mineur”. Hots, gurasoen baimena ere beharrezkoa da.

[Adibidea] Ikastetxeek antolatzen dituzten ekitaldietan (Ihauteriak, antzerkiak, kirol partidak, ikastetxeko jaia, neguko festa) oso ohikoa da gurasook alaba-semeen eta berauen klasekide eta ikastetxe-kideen argazki eta bideoak ataratzea. Eta askotan, material hori Sare Sozialetara igotzea. Guraso horiek galdetuta “alabaren (edo semearen) argazkia/bideoa lortu dut. Zer egingo diot inguruan irakasle, klase-, kurtso-, ikastetxe-kideak baldin badaude?” erantzuten dute. Ez diote arazorik ikusten beste pertsona, heldu eta adingabe, batzuen argazkiak hartzeari eta gero nahi duten Sare Sozialetan eta nahi dutenekin banatzeari. Bai, salagarria da.

Horrelako arazoak ekiditearren, ikastetxe batzuetan honako konponbidea jarri dute martxan: talde bakoitzeko, gurasoen artean bizpahiru arduradun aukeratzen dira, eta haiek bakarrik ateratzen dituzte argazki eta bideoak. Gero, argazki eta bideoak modu pribatuan (ikastetxeak jarritako online zerbitzu baten bidez edo diska gogor birtualen bidez, Nextcloud, Deego, Dropbox, Google Drive, Microsoft One edo Apple Cloud) banatzen zaizkie beste gurasoei. Ez dira Whatsapp edo bestelako aplikazio edo sare sozialak erabiltzen, eta hori aurrerapauso bat da.

Ez da konponbide perfektua. Izan ere, zein da erabilitako zerbitzuaren pribatutasun politika? Baina behintzat, eta ez da gutxi, Facebook eta Whatsapp bezalakoak ekiditen dira.

[Adibidea] Kasu hau taldeko guraso baten seme nagusiari gertatu zitzaion hamabi urte zituenean. Barakaldoko BEC-era joan ziren ikastolarekin. Egun hartan bertan, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko agintariak ere Asiako herrialde batetik etorritako agintari batzuekin joan ziren BEC-era baita ere. Agintari haiek Idiazabal gaztaren stand-ean, gazta-pintxo bete azpila izan zuten. Azken pintxoa geratzen zala, semea ondotik pasa eta eskatu egin zuen. Semeak eskerrak emanda pintxoa hartu eta jan egin zuen. Hurrengo egunean, tirada handiko egunkari bateko azalean, semea pintxoa hartzera zihoaneko argazkia agertu zan. Semearen aurpegia arazo barik ikusten zen, inolako ezabaketa barik. Egunkariarekin harremanetan jarri, eta “informazio-eskubidea”ren aitzakian, ez zutela ezer egingo erantzun zuten, nahiz eta haurrak 12 urte izan eta gurasoak egunkarian haren argazkia ataratzeko baimenik ez eman. Gehienez ere, bertsio digitalean argazkiari ikutua ematea eskaini zuten, baina ez zituztela erretiratuko paperean argitaratutako egunkariak. Bertsio digitalean oraindik umearen argazkia inongo aldaketa barik dago.

Zelan izan daiteke hori? Ez daude gure datu pertsonalak babestuta? Ez daude adin gabekoak bereziki babestuta? Legeak esaten duena zera da: barriaren erdigunea ez bada argazkian agertzen den pertsona, informazio-eskubidearen legeak baimendu egiten du datu pertsonalak, irudiak edo bestelakoak, baimenik eskatu barik argitaratzea. Hots, komunikabide batek gure irudia partekatzen badu barri baten agertuz, ezer gitxi egin dezakegu horren kontra. Informazio-eskubidearen legeak komunikabideei eragiten die, eta baita kaletik goazen pertsonoi ere.

Zigor kodeak: Espainiakoa eta Frantziakoa

Ez gara zigor kodeek esaten dutena sakontasunean aztertzen hasiko. Pare bat gauza baino ez ditugu adierazi nahi. Bai Espainian, bai Frantzian zigor kodeek datu pribatuekin zer ikusia duten delituen inguruko zigorrak arautzen dituzte.

Frantziako legeen kasuan, CNIL web orrian zehazten dira, “Textes Officiels” ataleko “Les sanctions pénales” azpi atalean aurki ditzakezue.

Frantzian adinez nagusitasuna 18 urte betetzean lortzen da. Eta adin penala 13 urtean dago jarrita. Adin honetatik behera, gurasoengan dago erantzukizuna.

Espainiako zigor kodea 2015ean aldatu zen, eta ordutik aurrera datu pribatuen aurkako egitateen kontrako zigorrak jasota daude. Eta datu esanguratsu bezala “zigorra goiko erdian ezarriko da egitateak ezkontideak egin dituenean, edo antzeko maitasun-harremanen bidez loturik dagoen edo egon den pertsona batek, elkarrekin bizi ez arren, edota biktima adingabea edo babes berezia behar duen desgaitua denean, bai eta egitateak irabaziak lortzeko asmoz egin direnean ere”.

Adin txikikoak baldin badira legea urratzen dutenak, ez zaie Zigor Kodea beste barik aplikatzen. Kasu horietan, 14 urte beteta eta 18 urte bete gabekoak, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzeko Lege Organikoaren bidez izango dira epaituak. Erantzukizun zibila, alegia isuna, gurasoengan jausiko da. Eta hamalau urte bete ez dutenen ekintzen erantzukizun osoa gurasoena da. Hori bai, kasu guztietan, zigorrak epaitegietan ezartzen dira.



Laburtuz

- Datu pertsonalen erabilera legez babestua dago edozein ingurutan.

- Datu pertsonala da, edozein pertsona edozein momentutan zehazki identifikatzeko balio dezakeen edozein datu.

- Informazio-eskubidea askotan (gehiegitan) dago pribatutasunaren gainetik. Baita adinez txikiak diren edo eta legeak bereziki babesten dituen pertsonen gainetik.

- Datu pertsonalak hartzeko ere, are gehiago banatzeko edo sareratzeko, baimen kontzientea ematea derrigorrezkoa da. “Jarraitzen baduzu, onartzen duzu” bezalako oharrak legez kanpo daude.

- Hegoaldean 14 urte arte eta iparraldean 15 urte arte, ezin da izenik eman inongo zerbitzutan (ez online ezta offline ere) gurasoen izenean edo sinadurarekin ez bada.

- Hegoaldean 14 urtetik aurrera eta iparraldean 15 urtetik aurrera, norberaren datu pertsonalak norberak kudeatzen ditu (oro har).

- Sare Sozialek eta aplikazioek (enpresek) ezin dituzte herrialdeetako legeek ezartzen dituzten adinen mugak jaitsi. Ezin dira legeen kontra joan. Igo, aldiz, bai. Hori “Erabilera-baldintzetan” argi zehaztuta agertu behar da.

- Gurea ez den edozein datu pertsonal hartzeko, banatzeko edo/eta eraldatzeko, jabearen baimena beharrezkoa dugu.

- Lege ezberdinak, edo moldatuak, aplikatzen dira adinaren arabera.

- Legeek argi bereizten dituzte adin tarteak: 13 urte: adin penala Frantzian 14 urte: norberaren datu pertsonalak kudeatzekoa Espainian 14 urte: adin penala Espainian 15 urte: norberaren datu pertsonalak kudeatzekoa Frantzian 18 urte: legez adinez nagusia, bai Frantzian, bai Espainian

- Delitua denentz eta zein zigor dagokion epaileak erabakiko du, legeak interpretatu ostean.


Bibliografia

Auzia Euskaraz http://www.auziaeuskaraz.eus

Justizia ataria https://www.justizia.eus/albisteak/datuen-babeserako-europako-lege-berria-4

DBEA - Datuak Babesteko Euskal Ataria

https://www.avpd.euskadi.eus/informazioa/datuak-babesteko-erregelamendu-orokorrak/s04-5273/eu/

Espainiako AEPD - Agencia Española de Protección de Datos https://aepd.es

Frantziako CNIL - Commission Nationale de l'Informatique et des Libertés https://www.cnil.fr/fr

Frantziako Légifrance https://www.legifrance.gouv.fr

Europako Parlamentua https://www.europarl.europa.eu

EUR-Lex https://eur-lex.europa.eu

Wikipedia https://wikipedia.org

Espainiako Boletín Oficial del Estado https://www.boe.es

Google-ren Play Store https://play.google.com

Apple Store https://apps.apple.com



Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0)