Itzulpen-gatazkak

Librezale.eustik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Arazoa

Software-lokalizazio batean esanahi bera duen ingelesezko mezu bera modu ezberdinetan itzuli denean gatazka bat dagoela esaten da. Itzulpenaren estiloa bateratu nahi bada, ezinbestekoa da gatazka hauek konpontzea.

Konponbidea

Gatazkak erauztea

Translate Toolkit tresnen artean badago poconflicts izeneko tresna bat, zeinak gatazkak dituzten itzulpenak erauzten dituen.

Gatazkak erauztea oso erraza da poconflicts erabilita:

$ poconflicts --accelerator='&' -I eu gatazkak
poconflicts: warning: Output directory does not exist. Attempting to create
processing 206 files...
[###########################################] 100%
231/3482 different strings have conflicts

Honekin, aurkitutako gatazka bakoitzeko PO fitxategi bana sortuko da gatazkak izeneko direktorioan. Kasu honetan Mozillako fitxategiak tratatu direnez, bizkortzailea (accelerator) ampersand (&) karakterea da. Honez gain, letra larri eta xeheak ez bereizteko adierazi da -I aukerarekin.

Jarraian PO fitxategiak editatu behar dira gatazkak konpontzeko.

Gatazkak konpontzea

Gatazkak eskuz konpondu behar dira (zer uste zenuten ba!?) eta gustokoen dugun PO fitxategi-editorea erabil dezakegu.

Adibide gisa, erauzitako PO fitxategi horietako batean ondorengoa aurki daiteke:

# (poconflicts) eu/mail/chrome/messenger/FilterEditor.dtd.po
#: ignoreThread.label
msgid "Ignore Thread"
msgstr "Haria alde batera utzi"

# (poconflicts) eu/mail/chrome/messenger/messenger.dtd.po
#: killThreadMenu.label
#: killThreadMenu.accesskey
msgid "&Ignore Thread"
msgstr "&Ezikusi haria"

Kasu honetan esaldi berdina bi modutara eman da. Komeni da beraz modu bakarra erabiltzea, jatorrizko esaldiak esanahi bera baitu bi itzulpen-unitateetan.

Zenbait kasutan, ordea, batez ere hitz solteak daudenean, zaila da jakitea benetan bi unitateek esanahi bera duten ala ez. Adibidez, Reset hitza berrabiarazi bezala itzul daiteke (ordenagailua berrabiaraztea), baina kasuren batean izan daiteke berrezarri ere (zooma berrezartzea). Horregatik, komenigarria da hitz horiek bere horretan uztea beranduago gainbegiratzeko (interfazean).

Jatorrizko egiturara bihurtzea

Dauden gatazkak konpondu eta gero, fitxategiak jatorrizko egiturara bihurtu behar dira eta hasierako fitxategiekin batu, aldaketek eragina izan dezaten. Horretarako porestructure tresna erabili behar da, hau ere Translate Toolkitekoa.

$ porestructure -i gatazkak -o gatazka-zuhaitza

porestructure: warning: Output directory does not exist. Attempting to create
processing 170 files...
[###########################################] 100%

Honekin gatazka-zuhaitza izeneko direktorioaren azpian jatorrizko direktorio-egituraren kalkoa sortuko da. Fitxategiak berriro jatorrizkoekin batzeko moduan utziko dira, alegia.

Aldaketak jatorrizkoekin batzea

Azken urratserako pomerge erabili behar da.

$ pomerge -t eu -i gatazka-zuhaitza/eu -o eu
processing 124 files...

pomerge: warning: writing to temporary output...
[###########################################] 100%

Hau guztia eginda, gatazka potoloenak konpondu dira eta beraz lokalizazioa neurri batean behintzat homogeneoagoa da.