Deia - Ortzadar - 2007-01-12
Paperean nola geratu den ikusteko, hemen dago PDFa.
librezale
Euskara informatikaren munduan bultzatzeko asmoarekin sortu zen Librezale.org 2003ko irailean. Helburu hori lortzeko biderik egokiena gainera software librea sustatzea zela argi ikusi zuen taldeak. Mozilla Suit, Firefox, Debian Installer eta beste hainbat programa euskaratu dituzte, eta euskaratuta mantentzen dituzte, ordutik.
Librezale taldea osatzen duten gehienak informatika munduan murgildutako euskaldunak dira, filologoak eta bestelako lanbideak dituztenak ere badira tartean. «Denok kaleko bizitza eta laneko bizitza euskaraz egiteko lanean genbiltzan –gogoratzen dute taldeko kideek– , baina ordenagailuetan ia ezinezkoa zen ezer euskaraz erabiltzea. Gure bizitzako atal hau euskalduntzeko elkarlanean aritzeko bildu ginen eta horretan dihardugu oraindik».
Jende gehienak jabedun softwarea bakarrik ezagutzen du, hau da, orohar AEBetako enpresaren batek saltzen dituen programak. Windows, Word, WinZip, Norton Comander... programak dira ohikoenak. Software mota honek ez dio uzten erabiltzaileari daukanaren kontrola izaten, horregatik, Librezale taldearen aburuz, «ikuspegi kapitalistatik merezi ez duten hobekuntzak eta moldaketak» ez dira egiten. «Eusko Jaurlaritzak inbertitutako dirutzei esker, erabilienak diren programa batzuk euskaratzea lortu zen (Windows eta Word) –azaltzen dute–, baina bertsio berriak etengabe ateratzen dira eta taloi bidez egindako bide honek epe luzera inora eramaten ez gaituela argi geratu da. Euskara hizkuntza murriztua denez, jabedun softwarearen ezaugarri hau euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko oztopoa da».
Jabedun softwarearen alternatiba da Librezalek proposatzen duena, software librea alegia. Filosofia honekin garatutako programek software librearen lau askatasunak deiritzatenak bermatzen dituzte: edozertarako erabilera librea, programak nola funtzionatzen duen ikasteko aukera librea, banaketa librea eta softwarea hobetzeko aukera librea. Ezaugarri horiek guztiz onuragarriak dira euskararentzat, softwarea edonork aldatu eta bana baitezake. Oso erraza da programak euskaratzea eta gero nahi duen edonori zabaltzea. «Jabedun softwareak euskaraketak egiteko oztopo mordoa jartzen duen lekuan, software libreak erraztasunak jartzen ditu», nabarmentzen dute.
talde irekia
Librezale talde «guztiz irekia» dela azpimarratzen dute bere kideeek. «Lan egiteko gogoa duen edonori ateak guztiz irekiak mantentzen ditugu», gaineratzen dute. Batzutan Librezalek abiatu ditu proiektuak, eta beste batzutan programaren bat euskaratua duen norbait hurreratzen zaie laguntza eske. Alor horretan lan egiteko gogarekin, baina egitasmo zehatz barik gehitu den jendea ere badago.
Aurrera begira orain arteko martxarekin jarraitzearekin nahikoa izango dutela irizten diote Librezaleko kideek. Aspalditik ideia baten atzetik omen dabiltza: erabiltzaile euskaldunok garatutako euskarazko GNU/Linux banaketa bat. «Hori egin aurretik, software mordoa euskaratu beharra dago, eta horretan dihardugu. Gutxi-gutxika baina gelditu gabe, euskaldun informatika erabiltzaileok gure eguneroko beharrak euskara hutsean egin ahal izatea gero eta gertuago daukagu».