[Librezale] Nextcloud itzulpenerako kontratu eskaintza

Asier Sarasua asier.sarasua a bildua gmail.com
Lar, Abe 10, 13:33:10, CET 2022


22/12/9 17:59(e)an, Mikel , Librezale-en bidez igorleak idatzi zuen:

> Kaixo guztioi,
>
> *    Nire iritzia:*
>
> Uste dut oso pozgarria dela EAEko Eusko Jaurlaritzak horrelako 
> mugimenduak egitea. Susmoa dut hezkuntzara bideratutako proba 
> piloturen bat egiteko dela (Hezkuntzan Librezale taldetik presio pixka 
> bat egin izan dugulako), baina susmoa besterik ez da eta ez dio axola 
> norako den, egia esan.
>
> 1.- Kobratu egin behar genukeela uste dut. Administrazio publikoak 
> software librea erabili behar lukeela defendatzen dut eta diru 
> publikoarekin software librea indartu behar da, ez software 
> pribatiboa. Berdin-berdin euskaratzeko asmoa geneukan, baina diru bat 
> ematen badute uste dut konplexurik gabe hartu behar genukeela. 
> Software librea dohainik da dirurik ez daukanarentzat, baina dirua 
> daukanak erabiltzen duen hori babestu egin behar du (nik egiten dut). 
> Eta administrazioa subjektu paregabea da paper hori betetzeko, guztion 
> diruarekin, gainera. Oso ederra litzateke jakitea nire zergekin hori 
> egiten dela.
>
> 2.- Zenbat kobratu: ez diot galdetu, baina galizieragatik kobratzen 
> duten berbera esatea iruditzen zait errazena.
>
> 3.- Nork: beste soluziorik ez bada, ni prest nago nire izenean 
> fakturatu eta gero Librezaleren kontu korrontera 
> <https://librezale.eus/wiki/Botea> donazio gisa transferentzia egiteko 
> (norbaitek ohitura baldin badu kantitate "txikiak" fakturatzen eta 
> baldin badaki ea arazorik emango lidakeen errenta aitorpenean, esan 
> mesedez).
>
> Gero ikusiko genuke diru horrekin zer egin, baina hori eztabaida 
> honetatik kanpo utziko nuke, aurrerago zehazteko ea Librezale 
> taldearen kohesioa handitzeko ardotxotan gastatu nahi den, edo gastuak 
> beregain hartzen ari diren pertsona batzuk konpentsatzeko, edo 
> donazioa egin beste norabait, edo gorde...
>
> Ea posible den erabakitzea 1-bai/ez kobratu, 2-zenbat eta 3-nork.
>
> Eskerrik asko,
>
> Mikel Gartzia Santamaria
>

Kaixo, egun on,

Nextcloud plataforma LibreOfficekin zeharka lotuta dagoenez, eta azken 
horren euskarazko bertsioaren ardura momentu honetan nik daukadanez eta 
zuzenean eragiten didanez, zerbait esango dut. Nexcloud itzultzen ere 
lagundu izan dut.

Lehenengo: kontuak egin ditut eta ikusi dut LibreOfficen euskarazko 
bertsioa 2014tik mantendu dudala (8 urte, ez nuen uste hainbeste denbora 
zenik!), lehen Pootlen eta orain Weblaten. Weblate 2019an hasi zen 
erabiltzen, eta ordutik, 45.441 kate itzuli ditut.[1]

Bigarren: nik, orokorrean, ez dut arazorik inork dirurik irabazten badu 
software librea itzultzeagatik. Hala ere, ni neu musu truk mantentzen 
ari naizen aplikazioren batekin lotutakoa bada lana, ba horrek zalantzak 
sortzen dizkit, batez ere nire lana gutxiesten delako horrela, eta 
jarraitzeko gogoa galtzen dudalako. Ez naiz bakarra, uste dut hori 
askori gertatzen zaiola.

Hori esanda, erreparo gutxiago daukat diru hori jasotzen duena ez bada 
enpresa bat, baizik eta Librezalen lehendik lanean ikusi dudan jendea bada.

Ordainpeko euskaratzeen kontua betiko eztabaida da Librezalen, eta 
arrazoiarekin gainera. Betidanik, Librezalek musu truk egin ditu 
euskaratzeak eta uste dut gehienok ordainpeko euskaratzeen aurkako 
nolabaiteko jarrera izan dugula. Joera horrek badu arrazoi bat: 
esperientziak erakutsi digu dirua tartean dagoenean, badaudela enpresak 
itzulpenak egiten dituztenak, baina diru hori amaitzen denean, 
abandonatu egiten dituztenak proiektuak. Kasurik argiena, hain zuzen, 
LibreOffice bera da. Eusko Jaurlaritzak urte askotan finantzatu zuen 
euskarazko bertsioa, baina EJk horretan diru gehiago ez sartzea erabaki 
zuenean, enpresa horien ekarpenak amaitu egin ziren.

Auzi honi lotutako beste kontu bat LibreOffice Online bertsioaren 
euskarazko itzulpena mantentzea da. Duela 2 urte, LibreOfficen bertsio 
espezifiko hori mantentzen duen enpresak, Collaborak, erabaki zuen hari 
lotutako garapen guztiak, itzulpenak barne, aparte egingo zituztela. 
Orain, Collabora Online deitzen da lehengo LibreOffice Online. 
Euskaratze espezifiko hori Alex Gabilondok hartu duela bere gain ikusi 
dut, behintzat azken euskaratzeak bereak dira.

Nik ulertzen dut inork Nexcloud euskaraz erabili nahi badu, LibreOfficek 
ere euskaraz egon beharko duela, ezta? Hor zalantza daukat, LibreOfficen 
euskaratzea "egintzat" ematen duten, ala ez duten horretaz pentsatu, 
ala, besterik gabe, "Nextcloud itzuliko dugu" pentsatu duten gero 
bestelako inolako urrats gehiagorik eman gabe. Badakit Nextcloud beste 
bulegotika suite batzuekin erabili daitekeela, baina badirudi aukera 
naturalena Collabora Onlinen (LibreOfficen) oinarrituta dagoen Nextcloud 
Office dela.[2]

Uste dut garrantzitsua dela EJren asmoak ezagutzea, erabakiak hobeto 
hartzeko.

Laburbilduz:
- zaila da jakitea nork eta zenbat lagundu duen Nextcloud euskaraz 
mantentzen, eta modu berean, zaila da esatea LibreOffice nork eta zenbat 
euskaratu duen; eta badaude beste proiektu batzuk, Librezale barruan, 
inor diruz ordaintzeko prest ez dagoena eta jende askok doan laguntzen 
dituena
- Eusko Jaurlaritzak erabaki badu horretarako dirua ematea, emango du 
bai ala bai; beraz, Librezalek ezetz esaten badu, itzulpen enpresa bati 
esleituko diote
- dirua tartea dagoenean, musu truk lan egiten dugunok lanerako gogo 
gutxiago izaten dugu

Nire proposamena da diru hori norbaitek jaso dezala Librezaleren 
izenean, eta Librezaleri lotutako jardueretarako erabili dadila, baina 
arazoa da ez dagoela "Librezaleri lotutako jarduerarik", eta susmoa dut 
hortik aterako den dirua bazkari baterako baino gehiagorako emango lukeela.

Beraz, inori bururatzen bazaio Librezaleko zer egin daitekeen diru 
horrekin, nire partetik ados dirua jasotzearekin.

Asier Sarasua Garmendia (Assar).

[1]https://translations.documentfoundation.org/user/asiersar/
[2]https://nextcloud.com/office/
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <http://librezale.eus/pipermail/librezale/attachments/20221210/909887d8/attachment.htm>


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago