[Librezale] Nextcloud itzulpenerako kontratu eskaintza

mikelgs a bildua ni.eus mikelgs a bildua ni.eus
Or, Abe 9, 17:59:47, CET 2022


Kaixo guztioi,

     Jaso dugun mezua:

Atzo Librezale txat gelan Galiziatik idatzi zuen Miguel A. Bouzada 
itzultzaileak. Nextcloud galizierara itzultzeko arduraduna da eta 
aholkularitza eman ohi dio Librebit enpresari 
(https://www.librebit.com/es/). Enpresa hori da, antza denez, 
Nextcloudek ofizialki Espainian errekonozitzen duen bakarra instalazio 
handiak egiteko. Dirudienez, Eusko Jaurlaritza harremanetan jarri da 
beraiekin eta kontratu bat dago edo egongo da. Diruen zati bat 
euskarazko itzulpenarentzat izango omen da.

Miguelek esan dit Galizian lau bat instalazio daudela eginda 
(administrazioarentzat, ulertu badiot) eta berak kobratu egiten duela 
itzulpenagatik (Trasno elkartearen bidez, iruditu zait esan didala: 
http://trasno.gal/quen-somos/). Itzulpena %100era eramateko konpromisoa 
hartu eta urte betez mantenua bermatzen duela, baina gero mantenua 
egiteko berriro tratua egitea dela ohitura. Itzulpena enpresari 
fakturatuko genioke eta enpresak gastu gisa txertatuko luke 
jaurlaritzarekin duen kontratuan.

     Nextclouden euskarazko itzulpena:

Enpresatik galdetu diote ea nola dagoen une honetan itzulpena, balorazio 
bat egiteko, eta esan die nahiko ondo dagoela (badaki tope itzulita egon 
izan dela). Errebisioak (behin-betikotzat emandako lerroak) oso gutxi 
ditugula ere ikusi duela.

Nextclouden itzulpenean dozena bat pertsona aritu izan da. Azken 
urteetan Thadah, MakeIP eta ni ibili gara. Badugu matrix gelatxo bat 
koordinatzeko, norbaitek lagundu nahi badu esan eta sartuko dugu bertan.

Itzulpena oso kontrolatuta eduki izan dugu, baina (zoritxarrez edo 
zorionez) oraintxe bertan hau da egoera:

      * 2,271 kate itzuli gabe
      * 21,987 kate errebisatzeke edo baieztatzeke
      * (25.000 kate dira guztira)

     Zer egin?

Erantzun bat emateko aste bat behintzat beharko dugula esan diot. Beraz, 
ahal duzuenean erantzun email honi, mesedez. Esan dit ordaintzeko 
beraiek ez dutela inolako baldintzarik (enpresa bat, pertsona bat, 
elkarte bat...), baina fakturazioa zeukan buruan, noski. Aipatu dituen 
moduak:

      - Librezalek kobratzea (esan diot ez daukala estatuturik etab).
      - Trasno moduko elkarte bat sortzea dirulaguntzak jasotzeko (esan 
diot seguru aski Librezale ez dela orain horretan sartuko).
      - Pertsona batek kobratzea eta elkarteak bazkari bat antolatu eta 
ardotxo batzuk edateko erabiltzea (sic).

     Nire iritzia:

Uste dut oso pozgarria dela EAEko Eusko Jaurlaritzak horrelako 
mugimenduak egitea. Susmoa dut hezkuntzara bideratutako proba piloturen 
bat egiteko dela (Hezkuntzan Librezale taldetik presio pixka bat egin 
izan dugulako), baina susmoa besterik ez da eta ez dio axola norako den, 
egia esan.

1.- Kobratu egin behar genukeela uste dut. Administrazio publikoak 
software librea erabili behar lukeela defendatzen dut eta diru 
publikoarekin software librea indartu behar da, ez software pribatiboa. 
Berdin-berdin euskaratzeko asmoa geneukan, baina diru bat ematen badute 
uste dut konplexurik gabe hartu behar genukeela. Software librea 
dohainik da dirurik ez daukanarentzat, baina dirua daukanak erabiltzen 
duen hori babestu egin behar du (nik egiten dut). Eta administrazioa 
subjektu paregabea da paper hori betetzeko, guztion diruarekin, gainera. 
Oso ederra litzateke jakitea nire zergekin hori egiten dela.

2.- Zenbat kobratu: ez diot galdetu, baina galizieragatik kobratzen 
duten berbera esatea iruditzen zait errazena.

3.- Nork: beste soluziorik ez bada, ni prest nago nire izenean fakturatu 
eta gero Librezaleren kontu korrontera [1] donazio gisa transferentzia 
egiteko (norbaitek ohitura baldin badu kantitate "txikiak" fakturatzen 
eta baldin badaki ea arazorik emango lidakeen errenta aitorpenean, esan 
mesedez).

Gero ikusiko genuke diru horrekin zer egin, baina hori eztabaida 
honetatik kanpo utziko nuke, aurrerago zehazteko ea Librezale taldearen 
kohesioa handitzeko ardotxotan gastatu nahi den, edo gastuak beregain 
hartzen ari diren pertsona batzuk konpentsatzeko, edo donazioa egin 
beste norabait, edo gorde...

Ea posible den erabakitzea 1-bai/ez kobratu, 2-zenbat eta 3-nork.

Eskerrik asko,

Mikel Gartzia Santamaria

Links:
------
[1] https://librezale.eus/wiki/Botea
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <http://librezale.eus/pipermail/librezale/attachments/20221209/91ee52b7/attachment.htm>


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago