<html>
<head>
<meta http-equiv="Content-Type" content="text/html; charset=UTF-8">
</head>
<body>
<p>22/12/9 17:59(e)an, Mikel , Librezale-en bidez igorleak idatzi
zuen:<br>
</p>
<blockquote type="cite"
cite="mid:0c49a6c970eaf04ea87802bcea54c103@ni.eus">
<meta http-equiv="Content-Type" content="text/html; charset=UTF-8">
<p>Kaixo guztioi, <br>
<br>
<strong> Nire iritzia:</strong> <br>
<br>
Uste dut oso pozgarria dela EAEko Eusko Jaurlaritzak horrelako
mugimenduak egitea. Susmoa dut hezkuntzara bideratutako proba
piloturen bat egiteko dela (Hezkuntzan Librezale taldetik presio
pixka bat egin izan dugulako), baina susmoa besterik ez da eta
ez dio axola norako den, egia esan. <br>
<br>
1.- Kobratu egin behar genukeela uste dut. Administrazio
publikoak software librea erabili behar lukeela defendatzen dut
eta diru publikoarekin software librea indartu behar da, ez
software pribatiboa. Berdin-berdin euskaratzeko asmoa geneukan,
baina diru bat ematen badute uste dut konplexurik gabe hartu
behar genukeela. Software librea dohainik da dirurik ez
daukanarentzat, baina dirua daukanak erabiltzen duen hori
babestu egin behar du (nik egiten dut). Eta administrazioa
subjektu paregabea da paper hori betetzeko, guztion diruarekin,
gainera. Oso ederra litzateke jakitea nire zergekin hori egiten
dela.</p>
<p>2.- Zenbat kobratu: ez diot galdetu, baina galizieragatik
kobratzen duten berbera esatea iruditzen zait errazena.</p>
<p>3.- Nork: beste soluziorik ez bada, ni prest nago nire izenean
fakturatu eta gero Librezaleren <a
href="https://librezale.eus/wiki/Botea" moz-do-not-send="true">kontu
korrontera</a> donazio gisa transferentzia egiteko (norbaitek
ohitura baldin badu kantitate "txikiak" fakturatzen eta baldin
badaki ea arazorik emango lidakeen errenta aitorpenean, esan
mesedez).</p>
<p>Gero ikusiko genuke diru horrekin zer egin, baina hori
eztabaida honetatik kanpo utziko nuke, aurrerago zehazteko ea
Librezale taldearen kohesioa handitzeko ardotxotan gastatu nahi
den, edo gastuak beregain hartzen ari diren pertsona batzuk
konpentsatzeko, edo donazioa egin beste norabait, edo gorde... <br>
<br>
Ea posible den erabakitzea 1-bai/ez kobratu, 2-zenbat eta
3-nork. <br>
<br>
Eskerrik asko, <br>
<br>
Mikel Gartzia Santamaria</p>
</blockquote>
<p><br>
</p>
<p>Kaixo, egun on,<br>
<br>
Nextcloud plataforma LibreOfficekin zeharka lotuta dagoenez, eta
azken horren euskarazko bertsioaren ardura momentu honetan nik
daukadanez eta zuzenean eragiten didanez, zerbait esango dut.
Nexcloud itzultzen ere lagundu izan dut.<br>
<br>
Lehenengo: kontuak egin ditut eta ikusi dut LibreOfficen
euskarazko bertsioa 2014tik mantendu dudala (8 urte, ez nuen uste
hainbeste denbora zenik!), lehen Pootlen eta orain Weblaten.
Weblate 2019an hasi zen erabiltzen, eta ordutik, 45.441 kate
itzuli ditut.[1]<br>
<br>
Bigarren: nik, orokorrean, ez dut arazorik inork dirurik irabazten
badu software librea itzultzeagatik. Hala ere, ni neu musu truk
mantentzen ari naizen aplikazioren batekin lotutakoa bada lana, ba
horrek zalantzak sortzen dizkit, batez ere nire lana gutxiesten
delako horrela, eta jarraitzeko gogoa galtzen dudalako. Ez naiz
bakarra, uste dut hori askori gertatzen zaiola.<br>
<br>
Hori esanda, erreparo gutxiago daukat diru hori jasotzen duena ez
bada enpresa bat, baizik eta Librezalen lehendik lanean ikusi
dudan jendea bada.<br>
<br>
Ordainpeko euskaratzeen kontua betiko eztabaida da Librezalen, eta
arrazoiarekin gainera. Betidanik, Librezalek musu truk egin ditu
euskaratzeak eta uste dut gehienok ordainpeko euskaratzeen aurkako
nolabaiteko jarrera izan dugula. Joera horrek badu arrazoi bat:
esperientziak erakutsi digu dirua tartean dagoenean, badaudela
enpresak itzulpenak egiten dituztenak, baina diru hori amaitzen
denean, abandonatu egiten dituztenak proiektuak. Kasurik argiena,
hain zuzen, LibreOffice bera da. Eusko Jaurlaritzak urte askotan
finantzatu zuen euskarazko bertsioa, baina EJk horretan diru
gehiago ez sartzea erabaki zuenean, enpresa horien ekarpenak
amaitu egin ziren.<br>
<br>
Auzi honi lotutako beste kontu bat LibreOffice Online bertsioaren
euskarazko itzulpena mantentzea da. Duela 2 urte, LibreOfficen
bertsio espezifiko hori mantentzen duen enpresak, Collaborak,
erabaki zuen hari lotutako garapen guztiak, itzulpenak barne,
aparte egingo zituztela. Orain, Collabora Online deitzen da
lehengo LibreOffice Online. Euskaratze espezifiko hori Alex
Gabilondok hartu duela bere gain ikusi dut, behintzat azken
euskaratzeak bereak dira.<br>
<br>
Nik ulertzen dut inork Nexcloud euskaraz erabili nahi badu,
LibreOfficek ere euskaraz egon beharko duela, ezta? Hor zalantza
daukat, LibreOfficen euskaratzea "egintzat" ematen duten, ala ez
duten horretaz pentsatu, ala, besterik gabe, "Nextcloud itzuliko
dugu" pentsatu duten gero bestelako inolako urrats gehiagorik eman
gabe. Badakit Nextcloud beste bulegotika suite batzuekin erabili
daitekeela, baina badirudi aukera naturalena Collabora Onlinen
(LibreOfficen) oinarrituta dagoen Nextcloud Office dela.[2]<br>
<br>
Uste dut garrantzitsua dela EJren asmoak ezagutzea, erabakiak
hobeto hartzeko.<br>
<br>
Laburbilduz:<br>
- zaila da jakitea nork eta zenbat lagundu duen Nextcloud euskaraz
mantentzen, eta modu berean, zaila da esatea LibreOffice nork eta
zenbat euskaratu duen; eta badaude beste proiektu batzuk,
Librezale barruan, inor diruz ordaintzeko prest ez dagoena eta
jende askok doan laguntzen dituena<br>
- Eusko Jaurlaritzak erabaki badu horretarako dirua ematea, emango
du bai ala bai; beraz, Librezalek ezetz esaten badu, itzulpen
enpresa bati esleituko diote<br>
- dirua tartea dagoenean, musu truk lan egiten dugunok lanerako
gogo gutxiago izaten dugu<br>
<br>
Nire proposamena da diru hori norbaitek jaso dezala Librezaleren
izenean, eta Librezaleri lotutako jardueretarako erabili dadila,
baina arazoa da ez dagoela "Librezaleri lotutako jarduerarik", eta
susmoa dut hortik aterako den dirua bazkari baterako baino
gehiagorako emango lukeela.<br>
<br>
Beraz, inori bururatzen bazaio Librezaleko zer egin daitekeen diru
horrekin, nire partetik ados dirua jasotzearekin.<br>
<br>
Asier Sarasua Garmendia (Assar).<br>
<br>
[1]<a class="moz-txt-link-freetext" href="https://translations.documentfoundation.org/user/asiersar/">https://translations.documentfoundation.org/user/asiersar/</a><br>
[2]<a class="moz-txt-link-freetext" href="https://nextcloud.com/office/">https://nextcloud.com/office/</a></p>
</body>
</html>