GIMP 2.8 bertsioak ekarriko dituen berritasun nagusiak
Abuztuaren 22an irudiak maneiatzeko GIMP aplikazioaren 2.7.3 garapen-bertsioa argitaratu zuten. Bertsio honetan urtearen amaierarako espero den 2.8 bertsio egonkorrak ekarriko duen ezaugarri nagusietako bat, leiho bakarreko modua, egonkortu dute. Aukera ona, beraz, GIMP berria probatzeko eta izango dituen berritasun nagusiak ezagutzeko.
Hasteko, ikus dezagun nondik instala daitekeen GIMP 2.7.3. Aurretiaz GIMP 2.6 desinstalatzea gomendagarria da. Ubuntu erabiltzen dutenek PPA hau balia dezakete. Fedorarako biltegi hau erabil daiteke. Ausartentzat, iturburu-kodea hemen dago. Garapen-bertsio honetan menu eta aukera asko ez dira euskaraz agertzen, ingelesez baizik, nahiz eta EuskalGNUk dena edo ia dena euskaratuta eduki. Espero daiteke behin-betiko bertsioan euskaraz egongo dela osorik.
Beti bezala, GIMPen bertsio berria argitaratzen denean polemikatxoa pizten da izenaren inguruan ingeles hiztunen artean (“gimp” hitzak “herrena” esan nahi omen du ingelesez). Oraingoan beste polemika tentel bat gehitu behar zaio, agian Estatu Batuak bezalako herrialdeetan zentzu gehiago duena: abioko irudiaren egokitasunaren ingurukoa ([1], [2]). Ikusi zuek:
Batzuek ez omen dituzte “ahuntz dominatrixak” gustuko. Kontuan izanda garapen-bertsiorako soilik sortutako irudia dela, ez dauka zentzu handiegirik horren inguruan gehiago esaterik. Larriagoa da nire ustez norbaitek garapen-bertsio bat instalatzea eguneroko lanerako, eta gero abioko irudia desegokia delako kexatzea.
Berritasun nagusiak
Ondoren, garatzaileek sortu dituzten berritasun nagusiak azalduko dira.
Leiho bakarreko modua
Bai, iritsi da GIMPen sorreratik ika-mika gehien eragin duen ezaugarrietako bat, edo hobeto esanda, ezaugarri horren falta.
Nahiz eta modu lehenetsian aktibatuta ez egon, leiho bakarreko modua ez edukitzea zen jende askok GIMP ez erabiltzeko jartzen zuen aitzakia. Egia esan, apur bat bitxia da tresnen barrak leiho nagusitik aparte egotea, eta bakoitzak bere ikonoa edukitzea leihoen barran. Aukera hau aktibatzeko, “Leihoak -> Leiho bakarraren modua” sakatu behar da.
Modu hau aktibatuta egon arren, oraindik ere leihoak eta barrak nahierara koka daitezke, baita modu flotagarrian ere.
Geruza-taldeak
Geruza-taldeak oso erabilgarriak dira geruza-multzo oso bati eragiten dioten ekintzak egin nahi direnean, batez ere lekuz aldatzea edo ikusezin/ikusgai jartzea.
Geruza-taldeak oso erraz erabiltzen dira, arrastatu eta jaregin besterik ez da egin behar haiek antolatu eta geruzen zutabean gora edo behera mugitzeko.
Fitxak
Leiho bakarreko moduan argazki bat baino gehiago irekita dagoenean, argazkien goialdean fitxen zerrenda bat agertuko da, Firefoxen daukanaren modukoa.
Fitxa hauek erabiliz, irudi batetik bestera mugi daiteke modu errazean. Oraindik 2.7.3 bertsioan agertzen ez bada ere, 2.7.4tik aurrera ikonotxo bat edukiko dituzte fitxok irudiak itxi ahal izateko.
Testuak mihisean (“text on canvas”)
GIMPen aurreko bertsioetan, testuzkoa zen geruza bat sortzen zenean, testua aparteko leiho batean idatzi eta moldatu behar zen. Garapen berri honekin, orain testua zuzenean irudiaren gainean idatzi eta moldatu ahal da, eta horrela errazago ikus daiteke testuaren letra-tipoa, tamaina eta kolorea aldatzeak duen eragina.
Kaiola tresna
Tresna berri honek irudiaren forma nahierara bihurritzea ahalbidetzen du. Zer egiten duen hobeto jakiteko, begiratu bideo hau:
Informazio gehiago
Aldaketa eta konponketa gehiago ere baditu GIMP berriak. Informazio sakonagoa nahi izanez gero, jo GIMPen webgunera.