Raspberry Pi​-rako NOOBS sistema eragileen instalatzailea euskaraz

Raspberry Piak kreditu txartelen tamainako plaka bakarreko ordenagailu txiki eta merkeak dira. Izen bereko fundazioak ekoizten ditu Bretainia Handian. Arrakasta itzela izan dute hezkuntzan eta hardware/softwarearekin saltseatzea gustatzen zaion jendearen artean, ikasi eta jolasteko aukera handia ematen baitute. Ohiko beste erabilera bat etxean multimedia zentro bat muntatzea izaten da. Enpresetan ere erabiltzen dira. Zoritxarrez beren hardwarea ez da librea eta abiarazteko blob jabedunak beharrezkoak dira baina orokorrean software libreko sistema eragileekin erabiltzen dira.

NOOBS (New Out Of the Box Software) Raspberry Pi-rako sistema eragileen instalatzaile ezagun bat da. Izenak dioen bezala hasiberriei zuzendua dago (noob-ek hasiberria esan nahi du ingelesez) eta asko errazten du sistema eragileak instalatzeko prozesua. Hainbat motatako sistema eragileak daude eskuragarri, gehienak GNU/Linux-en oinarrituak: erabilera orokorrekoak (Raspbian, RISC OS…), multimedia zentro bezala erabiltzekoak (LibreELEC eta OSMC), bideo-jokoetan jolastera zuzendutakoak (Recalbox eta Lakka)…

Librezalek egindako itzulpenari esker 2.2 bertsiotik aurrera euskaraz erabil daiteke NOOBS. Horretarako nahikoa da abiaraztean pantailaren beheko aldean agertzen diren hizkuntzen artean euskara hautatzea.