FreeCAD da 2017ko martxoko proiektua

Martxorako proposatu dugun proiektua FreeCAD aplikazioa da. Computer Aided Design motako softwarea 2D zein 3D marrazketarako erabiltzen da, eta gehien bat ingurune industrialetan, arkitekturan, lanbide-prestakuntzako ikastetxeetan eta, oro har, marrazki zehatzak behar dituzten esparruetan erabiltzen da. Gaur egun, CAD softwarerik ezagunena AutoCAD da.

Zergatik FreeCAD?

Badaude libreak diren beste CAD aplikazio batzuk, FreeCADez aparte. LibreCAD eta QCAD dira nabarmenenak. Hirurak GitHub-en garatzen direnez (FreeCAD, LibreCAD, QCAD), bakoitzaren garapenak zenbateko mugimendua zuen aztertu genuen, eta bizien dagoena lehena dela ikusi genuen: egunero-egunero ditu ekarpen berriak FreeCADek. Bestalde, Google Trends zerbitzuan hirurek denboran zehar izan duten eboluzioa behatu genuen, eta hor ere FreeCADek zuen goranzko joera argiena. Azkenik, Librezaleren posta-zerrendan galdetuta, badirudi FreeCAD Euskal Herriko hainbat ikastetxetan erabiltzen dela ikasleei CAD oinarriak irakasteko.

Non eta nola itzuli?

Itzulpena Crowdin plataforman gauzatzen ari da. Orain arte itzulpenaren % 66a egin da, baina badago tartea % 100era iritsi arte. CAD esparruko hizkera teknikoa erabiltzen denez, arreta pixka bat jarri behar da itzulpenak egitean eta glosarioari kasu egin behar zaio. Glossary izeneko atalean gorde dira termino teknikoak.

Itzulpenean hartu nahi badu inork, sortu dezala kontua Crowdin plataforman eta bota dezala mezu bat Librezaleren posta-zerrendan edo Telegram taldean.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>