LibreOffice 5.4 argitaratu dute

Sei hilabete igaro ondoren, iritsi da LibreOffice aplikazio multzoaren bertsio berria. Berriro ere Librezaleri esker, osorik euskaraz dator. Oraingoan, gainera, LibreOfficen laguntza-fitxategiak euskaratzera gure hilabeteko proiektua eskaini ondoren, 20.000 hitz itzultzeko faltan utzi dugu 460.000 hitzez osaturik dagoen laguntza-sistema. Aurreko bertsioak 120.000 hitz zituela euskaratzeko kontuan hartzen bada, bultzada ederra eman diogu proiektu horri.

Bertsio berriaren ezaugarriei dagokienez, honakoak dira nabarmenenak:

  • Kolore-paleta estandar berria sortu da, RYB kolore-ereduan oinarrituta.
  • EMF formatu bektoriala askoz hobeto onartzen da orain. Horri esker, MS Office eta antzeko beste aplikazio batzuetatik esportatutako diagramak askoz erabilgarriagoak dira.
  • PDF formatuko fitxategiak Writer eta Impress aplikazioetan txertatzean, emaitzak hobeak dira, eta PDF fitxategiak esportatzean, berriz, kapsulatutako bideoak onartzen ditu orain.
  • Orain, ODF dokumentuak sinatzeko OpenPGP gakoak erabil daitezke Linuxen.

Suitea osatzen duten aplikazioak banaka aztertuta, honakoak nabarmendu daitezke:

Writer

  • Ur-marka pertsonalizatuak sortzeko ahalmena eman zaio.
  • Laster-menu berria sortu da sekzioekin, oin-oharrekin, amaiera-oharrekin eta estiloekin zuzenean lan egin ahal izateko.
  • Buletdun eta zenbakidun zerrendak kopiatu eta itsastean, zerrendaren egitura osoa behar den moduan kopiatzen da orain.

Calc

  • Orain, Calc-ek diagrama dinamikoak onartzen ditu. Taula dinamikoetatik abiatuta sortzen dira, eta taulan aldaketaren bat egitean, diagrama ere eguneratu egiten da.
  • Iruzkinak errazago kudeatzeko modua garatu da.
  • Gelaxketan baldintzapeko formatuak aplikatzean, errazago aldatzen dira orain erregelen lehentasunak.
  • Orriak babesteko aukera gehiago sortu dira.

Impress

  • Objektuak bikoiztean, angeluak zehaztu daitezke.

Aurreko guztiaz gain, etengabe egiten den hobekuntza-lana ere badago: MS Office formatuekiko bateragarritasuna gero eta hobea izatea, akatsak konpontzea, LibreOffice Online bertsioaren hobekuntzak…

Hona hemen ezaugarri berri nabarmenenak laburbiltzen dituen bideo bat:

Hobekuntzen zerrenda osoa:

https://wiki.documentfoundation.org/ReleaseNotes/5.4

Dagoeneko hasi da hurrengo bertsioaren lana. Bertsio berria 6.0 izango da, eta Librezaletik ahalegin berezia egingo dugu LO osorik, bai interfazea bai laguntza-fitxategiak, euskaraz eskaintzeko.