2017ko urtarrileko proiektua (eta 2016ko abenduko proiektuaren laburpena)
2017ko urtarrilean aurrekoak baino teknikoagoa den hilabeteko proiektu bati ekin nahi izan diogu: Euskarazko teklatu libre bat Android sistema eragilearentzat. Egoera berezia da gaur egungoa, Android gailu batzuk erabiltzailearen interfazea euskaraz jartzeko aukera dakarte eta horietan gailuarekin datorren teklatuak Euskara ulertu ohi du, hau da, proposamenak eta zuzenketan euskaraz egiten ditu. Beste Android gailu batzuek dakarten teklatuak ordea ez du euskararen ezagutzarik eta oso deserosoa da bertan euskaraz idaztea erdarazko zuzentzailea oztopo bihurtzen delako. Badaude euskara dakiten beste teklatu batzuk eta aplikazio bezala instalatu daitezke, Google etxearen Gboard edo Microsoftek erositako Swiftkey adibidez, baina aplikazio hauek idatzitako guztia miatu eta telefonotik hodeira bidaltzen dute, honek pribatutasun zalantza larriak sortzen ditu. Horregatik librea den AnySoftKeyboard teklatuari euskara irakastea erabaki dugu. Lan honek hainbat atal ditu:
- AnySoftKeyboard aplikazioa bera itzuli, hau Crowdin bitartez egiten ari gara, hizkuntza aste honetan guk eskatuta gehitu eta gero.
- Maiztasun informazioa duen hitzen zerrenda bat, teklatuak proposamenak eta zuzenketak egin ditzan, horretarako Igor Leturiak Firefox OSrako sortutakoa erabiltzen ari gara, baina zerrenda hori apur bat orraztu egin dugu batua eta bizkaierazko hunspell hiztegiak pasatuta, eztabaida interesgarri bat sortzen ari da honen inguruan, hiztegi hau gure beharretara nahi bezala moldatu dezakegulako.
- Teklatuaren disposizio edo diseinu bat, eta hor ere euskaldunon beharretara egokitzeko askatasun handia dago, esaterako datraolat bertan integratu edo URLak osatzeko botoian .eus gehitu ahal da.
- Hori dena hizkuntza pakete batean sartu eta apk bat sortu.
- Dena ondo probatu eta akatsik badago zuzendu.
- Ikono lirain batekin apaindu eta argitaratu.
Indartsu hasi zen Asier Iturralde, eta hilak batean probetarako lehen apk fitxategia igo zuen dagoeneko. Probetan eta eztabaidan parte hartu nahi baduzu, erdu Librezale Telegram taldera. Abenduko proiektuaren laburpena Kaleratzear dagoen LibreOffice berriak sarean laguntza jasotzeko aukera ekarriko du, eta guk jakina ask.libreoffice.org euskaraz nahi genuela erabaki genuen, horretarako askbot itzuli genuen Abenduko proiektuan eta foro horretan moderatzaile lanetan arituko den talde bat sortu genuen. Berezia izan zen Abenduko proiektua, Durangoko Azokako Kabi@n itzulpen maratoi bat egin genuelako eta zuzenean emititu genuen sarrerako hitzaldia. AzokaTBn elkarrizketa bat egin ziguten ere. Ez genuen itzulpena egunean bertan bukatu, baina hurrengo egunetan gogotsu jarraitzen genuenez munduko lehenak bukatzea lortu genuen. ask.libreoffice.org/eu/ izango da euskaraz galdetu ahal izateko foroa, oraingoz probetan dago baina LibreOffice kaleratu orduko euskara beste hizkuntzen maila berean ikustea espero dugu.