LibreOffice 4.3 kaleratu dute

Libreoffice_icon_mixAurreko bertsioa argitaratu zenetik sei hilabete igaro ondoren, dagoeneko hemen dugu LibreOffice aplikazio-multzoen bertsio berria. Bertsioaren oharrak eta argitalpenaren iragarpena.

Aurreko bertsioan bezala, Librezaleri esker oraingoan ere euskaraz dator LibreOffice.

Aldaketa nabarmenenak honako hauek dira:

Writer

Iruzkinen atalean egin dira aldaketa nagusienak.

  • Habiaratutako iruzkinak inportatzen eta esportatzen ahal dira orain fitxategi-formatu nagusietan (ODF, DOC, DOCX).
  • Iruzkinak pantailan ikusten diren itxura berarekin, eskuineko ertzean, inprima daitezke.
  • Iruzkin guztiak hautatu eta denen formatua aldi berean alda daiteke.

Testu-markoetan ere aldaketa pare bat egin da.

  • Lerrokatze bertikala gaitu da testu-markoen barruan dauden testuetarako.
  • Testu-markoen tamaina erlatiboak zehazteko modua hobetu da.

Bestalde, drawingML formatuko marrazkien inportazioa eta esportazioa hobetu da.

Calc

  • Formulen motorrari gehitutako funtzio berriak daude, ia denak MS Excel-ekin dokumentuak trukatzean bateragarritasuna hobetzeko sortutakoak. Calc-en erabiltzaile aurreratuek primeran baliatuko dituzte.
  • Gelaxken aukeraketan erabilitako koloreetan eta pibote-taulen diseinuan ere hobekuntzak egin dira.
  • Eragiketa aritmetikoak egitean testu-motako gelaxkak sartzen badira, testu horiek nola tratatuko diren (zenbaki gisa, formula gisa, zero gisa…) erabakitzeko aukera bat sortu da.

Impress eta Draw

  • glTF formatuko hiru dimentsioko ereduak, bai estatikoak zein animatuak, aurkezpenetan txertatzeko aukera dago orain.
  • Hautatutako diapositibak zeintzuk diren ikusteko, atzeko planoko kolore bat gehitu zaie diapositiba horiei.
  • Uneko diapositiba leihora doitzeko botoi bat gehitu zaio egoera-barrari.

Chart

  • Grafikoak sortzean, grafikoak dituen elementuen ezaugarriak (betegarri-kolorea, lerro-kolorea) kalkulu-orrian sartutako balioen arabera alda daiteke. Horrela, adibidez grafikoa barrekin osatuta badago, barra bakoitzaren kolorea zehatz daiteke kalkulu-orrian adierazitako balio baten bidez.

Orokorra eta iragazkiak

  • Dokumentuak fax makinetara bidaltzeko zenbait aukera hobetu dira.
  • Iragazkien atalean, aurrera jarraitzen dute OOXML formatuak hobeto ulertzeko lanek. Letra-tipoak, marren ertzak, koloreak, taulen ezaugarriak, gradienteak, marrazkien efektuak, etab. interpretatzean zeuden hainbat eta hainbat arazo konpondu dira.
  • PDF formatua inportatzeko lanak ere aurrerapena izan du. Zuriuneak, koloreak, marratxoak, testu biratuak… hemen ere hainbat dira hobekuntzak.
  • Formatu berriak ireki daitezke orain, batez ere Mac sistemetako hainbat formatu zahar eta Microsoft Works kalkulu-orriak eta datu-baseak.

Interfazea

  • Abio-zentroak orain mota guztietako fitxategien aurrebista erakusten du, ez soilik ODF formatukoena.
  • Tango ikonoen multzoa berritu da, eta alboko barrarako ikono berriak sortu dira.
  • Koloreen hautatzailea orain paleta bat da, ez zerrenda bat. Horrela errazago aukera daitezke koloreak.

Aldaketa guztien zerrenda

Bertsio berriaren iragarpena