LibreOffice 4.2 iritsi da
Sei hilabetetik behin argitaratzen den bulegotika-suiteak bertsio berria dauka. Zenbaki txikiko bertsioa denez, aldaketak ez dira oso sakonak, baina hobekuntzak aurrera darrai, batez ere hainbat motatako fitxategi-formatuekiko bateragarritasuna hobetzeko bidean eta akatsen konponketan. Artikulu honetan berritasun nagusiak erakutsiko ditugu.
LibreOffice 4.2 bertsioaren interfazea euskaraz dago osorik Librezaleri esker. Gogoan izan norbaitek euskaratze hauetan lagundu nahi badu, gurekin harremanetan jar daitekeela gure posta-zerrendan.
Ezer baino lehen, hemen dago berritasun guztien deskribapena.
Aldaketa orokorrak
Suitea ireki bezain laster ikusiko dugu lehen aldaketa: abioko pantaila moldatu eta hobetu egin da. Orain diseinu garbiagoa dauka eta hobeto betetzen du gaur egungo pantaila panoramikoek eskaintzen duten espazioa. Azken aldian irekitako dokumentuak begirada batean ikus daitezke. Lehen bezala, fitxategiak arrastatu eta jaregin daitezke bertara, haiek irekitzeko.
Arreta deitzen duen hurrengo aldaketa ikonoen multzo berria da. Sifr deitu dute, eta haren helburua, egileen hitzetan, politak diren baina distraitzen ez duten ikonoak edukitzea da.
Aldaketa teknikoago bat: barneko PDF motorra Poppler-era aldatu da. Horrek PDFen sorrera eta irakurketa hobetuko duela espero daiteke.
Adituentzako konfigurazio-tresna bat sortu da ausartentzat. Aukerak fitxan aurki dezakezue, maila altuko konfigurazio-aldaketak egin nahi badituzue.
Sistema eragilearen araberako zenbait aldaketa espezifikoagoak ere badaude. GNOME3n estandar bihurtzen ari den aplikazio-menu berria dauka orain LibreOfficek. MATE eta XFCE mahaigainetarako Ireki/Gorde elkarrizketa-koadro espezifikoak sortu dira. Windows7 eta berriagoetan orain leihoak aplikazioen arabera multzokatzen dira ataza-barran. Eta bertsio honetatik aurrera LOk Windowsen erregistroa erabiliko du hainbat konfigurazio gordetzeko.
Writer
Testu-prozesatzaileak aldaketa gutxi dakartza. Bi dira nagusiak: alde batetik, txantiloi lehenetsi berria dauka, eta bestetik, Microsoften DOCX formatua hobeto irakurri eta idazteko hobekuntza nabarmenak izan ditu.
Calc
Ausazko zenbakien sortzaile berria dauka Calc-ek (Editatu ▸ Bete ▸ Ausazko zenbakia…). Bestalde, hainbat funtzio estatistiko berriren kalkulua erantsi zaio: bariantza-analisia, korrelazioa, kobariantza, batez besteko higikorra, etab.
Impress
Alboko barra modu lehenetsian aktibatuta ageriko zaigu oraindik aurrera. Aldaketa hau Impress-en soilik gaitu da momentuz. Animazioetarako tresna-barra berria ere sortu da.
Chart
Grafikoak sortzeko aplikazioan egindako hobekuntzak joera-lerroei dagozkienak dira gehien bat. Joera-lerro mota berriak sortu ahal dira orain: polinomialak, batez besteko higikorrekoak, serie bakoitzeko joera-lerro bat baino gehiago izateko aukera…
Fitxategi-iragazkiak
Fitxategi-formatu ezberdinak ulertzeko egindako lana handia izan da bertsio honetan. Goian aipatutako DOCX formatua ulertzeko hobekuntzez gain, OOXML formatu guztiak irakurtzeko eta idazteko abiadura nabarmen handitu da, eta formatu horiek zein Microsoften formatu binarioak edo RTF formatua hobeto ulertzeko lana egin da.
Bestalde, Applen Keynote fitxategiak inportatzeko iragazkia sortu da, bai eta AbiWord formatuak inportatzekoa ere.
Amaitzeko, beti bezala performantzia hobekuntzak eta akatsen zuzenketak izan dira bertsio honen ardatz nagusietako bat.
LibreOffice berri hau probatu nahi duenak, hemendik deskarga dezake:
http://www.libreoffice.org/download
Iruzkin bat
-
#1 Ander — 2014/01/31 @ 8:32
Calc erabiltzale bezala badira berrikuntzak nabarmen hobetuko dutenak abiadura orri handi eta konplexutan (memoria berrantolaketa, OPENCL…). Hainbat formula erabilien abiadura hobetu, VLOOKUP, SUMIF etab asko eskertuko duguna. XLSX formatuarekiko bateragarritasuna ere asko hobetuko da edizio honetan formula berriekin.
4.2.0 bertsio berriko lehena da, egonkortasuna maite duzuenok 4.1.5 atera berri dago. 4.2.1 martxoko lehen astean aterako da eta 4.2.2 apirilekoan. April fools day adarra jotzeko?
izan libre izan euskaldun!