OmegaT 3.1.0 argitaratu dute
OmegaT itzulpenak egiteko OLI tresna bat da. Itzulpenean zehar, itzulgai den testuaren itzulpen-memoria bat gordetzen du, eta aurretik egindako beste itzulpen batzuen memoriak erabili ditzake erreferentzia gisa. Itzulpen-memoriak oso erabilgarriak izan daitezke itzuli beharreko testuak antzeko atalak dituzten errepikapen asko baldin baditu.
Bertsio berriak 34 ezaugarri berri ditu. Honako hauek dira nagusiak:
- Talde lanak egiten direnean (bi itzultzaile segmentu bera itzultzen ari direnean), gatazkak konpontzeko lehio grafiko berrri bat agertuko zaie orain erabiltzaileei. Horrez gain, beste hainbat hobekuntza egin zaio talde proiektuen bidezko lanari.
- “Bilatu eta ordeztu” motako funtzionaltasuna erantsi zaio OmegaT-ri, azkenik. Bilaketak egiteko existitzen zen leihoa erabiltzen du, eta bilatutako katearen agerpen guztiak ordeztea ahalbidetzen du, edo banan-banan agerpen bakoitza ordeztea.
- Orain iruzkinetan ere egin daitezke bilaketak.
- Proiektuetako fitxategiak antolatu egin daitezke orain. Ezaugarri hori oso erabilgarria da proiektuak fitxategi asko dituenean (orain arte ordena alfabetikoan ordenatzen ziren).
- Automatikoki bete diren itzulpenak zeintzuk diren markatuta agertuko dira, aukera hori aktibatzen bada.
- Hobekuntzak script-ak sortu eta erabiltzeko, eta hiru script berri gehitu dira.
- Hobekuntzak Mozillak darabiltzan itzulpen formatuetarako: orain ez dira itzuli gabeko kateak sartzen helburu-fitxategietan, eta propietate-fitxategien charset-a alda daiteke.
- Hobekuntzak XLIFF iragazkian: type eta ctype atributuak ezikus daitezke, eta itzulgarria ez den testua (translate=”no” marka duena) ez da agertuko editorean.
- Hobekuntzak PO iragazkian: charset-a UTF-8 da orain, eta helburuko PO fitxategi elebakarrak sortzean, msgstr ez da hutsik egongo.
- Hobekuntzak SVG iragazkian: <image>, <style> eta <path> etiketak ezikusi egingo dira oraindik aurrera.
OmegaT-ren interfazea 3.0.0 bertsioraino dago euskaratuta; beraz, azken aldaketa hauen interfaze-aukerak ez daude euskaraz. Horrez gain, erabiltzaile-eskuliburuaren 2.0.5 bertsioa dago euskaratuta.
OmegaT hemendik deskarga daiteke:
http://sourceforge.net/projects/omegat/files/OmegaT%20-%20Latest/