Firefox 26, Java blokeatuta modu lehenetsian
Firefoxen 26 bertsioa argitaratu da jadanik, eta erabiltzaile-interfaze berria (Australis) edo VP9 kodeka modu lehenetsian aktibatuta argitaratzen duten arte, oraingo hau berritasun gutxiko beste bertsio bat da.
Sei astetik behineko argitaratze-zikloa jarraitzen duenetik denetik, aldaketak gutxika iristen zaizkie Firefox zaleei, “argitaratu azkar, argitaratu sarritan” filosofia filosofiari jarraituz.
Bertsio honen berritasun nagusia Java modu lehenetsian blokeatuta dagoela da. Java behar duen edukirik duten webguneetan, erabiltzaileak Firefoxi esan beharko dio Java eduki hori exekutatu nahi duela (“click-to-play”). Mozillaren plana zen plugin guztiak, Flash salbu, blokeatuta erakustea bertsio honetan, baina azkenean Java soilik izango da blokeatuko dena. Dena den, gogoan izan pluginak kudeatzeko hobespen-orrira joanez gero (“Firefox -> Gehigarriak -> Pluginak”), edozein plugin blokea daitekeela nahi bada.
Bestalde, GNU/Linuxen kasurako, Firefox 24 bertsioan estreinatu zen H.264 kodeka orain aktibatuta dator berez, baina soilik gstreamer-en plugin egokia instalatuta badago sisteman.
Windowsen beste bi berritasun daude: eguneraketak administrazio-baimenik gabe egin ahal izatea, eta MP3 kodeka Windows XPn ere erabili ahal izatea.
Garatzaileentzako ere berrikuntzak daude, besteak beste Social APIa osatzeko egindako lanak, edo HTML5 app-ak testatzeko hobekuntzak.
Beti bezala, akatsen zuzenketak ere egin dira.
Azkenik, gailu eramangarrietarako Firefox bertsioan ere hobekuntzak egin dira, horietako asko anaia nagusiarekin partekatutakoak. Hasierako orri nagusia hobetu da (gehien bisitatutako orrien miniaturak erakusten dira orain) eta orriak kargatzeko abiadura hobea da orain, ez baitira ikusten ez diren irudiak kargatzen hasieran.
Bertsio-oharrak:
http://www.mozilla.org/en-US/firefox/26.0/releasenotes/
http://www.mozilla.org/en-US/mobile/26.0/releasenotes/
Iruzkin bat
-
#1 assar — 2013/12/16 @ 18:42
Librezaleren irakurle batek artikuluaren bigarren paragrafoan “jarraitu” aditza gaizki erabili dugula adierazi digu: “nor-nori” (jarraiki) edo “nor-nori-nork” (jarraitu) moduan erabili behar dira, ez guk erabili dugun “nor-nork” moduan. Eskerrik asko zuzenketagatik.
Espero dezagun apurka-apurka euskaraz idazten dugunean beste hizkuntza batzuekiko dugun mendekotasun hori arintzen joaten garen denok (“euskañoltasun” hitza aipatu du gure zuzentzaile anonimoak). Baita Euskaltzaindia bera ere, “creative commons filosofia jarraitu eta bultzatuko duena” idazten duenean bere webgunean, eta ez “creative commons filosofiari jarraitu eta hura bultzatuko duena”.