Zer gertatzen ari da Ubunturekin?

Logo-ubuntu_cof-orange-hex2004an sortu zen Ubuntu. Debianen garbizalekeria alde batera utzita erabaki pragmatikoak hartuz, eta Linux munduan ikusi gabeko marketing akzio berritzaileek bultzatuta, erabiltzaileen artean arrakasta itzela lortu zuen oso azkar. Jatorrizko proiektuetan ez laguntzea leporatzen bazitzaion ere, denek aitortzen zioten erabiltzaile arruntengana heltzeko gaitasuna, eta orokorrean Linux munduarentzat ontzat ematen zen Ubunturen arrakasta.

Artikulu hau Librezalekide den Osoitz Elkorobarrutiak idatzi du eta Librezaleren foroan utzi du. Bere baimenarekin hemen argitaratu dugu.

2010ean hasi zen Ubunturen transformazioa. Ordurako mahaigainean Linux erabiltzen zuten hamarretik bederatzik Ubuntu erabiltzen zuten. Zerbitzarietan ere Debianekiko distantzia txikitzen zihoan. Autoritatea nork zuen azpimarratzeko egina zegoela zirudien inork eskatu gabeko aldaketa bat egin zuen Ubunturen bultzatzaile den Canonicalek: Leihoen botoiak ezkerrera pasatu zituzten. Erabiltzaile batzuk protestaka hasi zirenean “Ubuntu ez da demokrazia bat” erantzun zien Mark Shuttleworthek. Etortzekoa zen aldaketa sakonago baten seinalea zen. 2011n Unity bihurtu zen lehenetsitako mahaigaina, eta Ubuntu foroetako mintzagai nagusiak Unity inguruko eztabaidak eta mahaigain alternatiboetara migratzeko aholkuak bihurtu ziren. Distrowatch rankingean Linux Mintek Ubunturi lehen postua kendu zion.

Botoien leku aldaketak ez bezala Unityk bazuen pisuzko arrazoi bat. GNOMErekin desadostasunak bultzatutako erabakia zen, bai, baina horren atzean bazegoen oraindik aitortu nahi ez zuten motibazio bat. Canonicalek Ubuntu sekretupean garatzen hasiko zela iragarri zuen, eta apurka Ubuntu berriaren piezak kokatzen joan zen mahaigainean: Aplikazio pribatiboak Ubuntu Software Center-ean lehenbizi, gero iragarkiak zerbitzatzeko “espioitza” aplikazioa sisteman integratuta… Electronic Frontier Foundation eta Free Software Foundation erakundeek eskuak burura eraman zituzten eta atzera egitea eskatu zieten, baina Canonicalek ez zuen bere plana aldatzeko asmorik.

Agian erabiltzaileen artean ezinegona areagotzen ari zelako, agian berandu zebiltzalako eta denbora irabazi nahian, inolako produkturik ez bazuten ere publizitate kanpaina batek inguratuta argitu zuen behingoz bere asmoa Canonicalek, Ubuntu sakelako sistema eragile bat bihurtu nahi zuten. Kritikak baretu ziren eta ilusioa berreskuratu zen Ubuntu inguruan, egiazko GNU/Linux banaketa bat sakelakoan? Behingoz! Baina lasaitasunak ez zuen asko iraun, handik gutxira Ubuntu ohiko GNU/Linux mundutik kanpo geratuko zela argi uzten zuen iragarpena egin zuten, Ubuntuk ez zion Wayland proiektuari lagunduko iraganean esan bezala, bere zerbitzari grafiko propioa sekretupean garatzen aritu zirela aitortu zuten: Mir. Garapenean zeuden beste proiektuen fork ez bateragarri bat. Garatzaileen artean haserrea gailendu zen.

Horrekin batera Canonicalek autoritate kolpe definitiboa eman zuen Ubuntu komunitatearen aurrean. Garatzaile bilerak onlinera pasatu, erabiltzaileen ideiak jasotzen zituen Brainstorm webgunea itxi, eta Linux hitzarekin lehenago egin zuten bezala komunitateari aipamenak Ubunturen webgunetik kendu zituzten produktuei leku egiteko (protestak eta gero lotura xume bat jarri dute berriro).

Jada ez dago zalantzarik, iOS eta Android dira ereduak. Canonical Ubunturekin dirua irabazteko ahaleginean, bere azken kartutxoa erretzen ari da, eta horretarako “Linux”, “Libre”, “Komunitate”… bezalako hitzei lotutako ohiko kontzeptuak atzean utzi behar dituela erabaki du.

Askok zalantzan jartzen dute Canonical proiektu hau aurrera ateratzeko gai denik, baina Mir bukatzea lortzen badute, eragin itzela izango du Ubuntun: Unity erabili nahi ez dutenen aterpe bihurtu diren Kubuntu, Xubuntu… bezalako proiektuak arriskuan daude.

KDE, GNOME eta Enlightenment mahaigainen garatzaileek  argi hitz egin dute, ez dute Mir erabiltzeko asmorik, eta ulertzekoa da, Wayland aspaldi baitzegoen guztien etorkizun planetan, eta ez dago Mir justifikatzen duen arrazoi teknikorik. Garatzaile askoren ustez Canonicalek ez du orain arte auzokide on bat bezala jokatu eta ez dute beraien proiektuen etorkizuna Canonicalen eskuetan uzteko gogorik. Canonicalek ere hauxe bera nahi izatea ez litzateke harritzekoa, erabiltzaileengandik dirua lortzeko garatu duten eskema Unityn oinarritzen baita.

Estatistiken arabera Ubuntu erabiltzaileak galtzen ditu apurka, itxuraz kontzientziatuenak, baina hala ere eskemak dagoeneko fruituak eman ditu: Ubuntu Software Center-ean gehien saldutako aplikazioa eguraldia ikusteko programatxo bat da. Bai, hamaika aplikazio libre daude horretarako KDEn, GNOMEn… baina ez Unityn.

6 iruzkin

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>