Zer gertatzen ari da Ubunturekin?
2004an sortu zen Ubuntu. Debianen garbizalekeria alde batera utzita erabaki pragmatikoak hartuz, eta Linux munduan ikusi gabeko marketing akzio berritzaileek bultzatuta, erabiltzaileen artean arrakasta itzela lortu zuen oso azkar. Jatorrizko proiektuetan ez laguntzea leporatzen bazitzaion ere, denek aitortzen zioten erabiltzaile arruntengana heltzeko gaitasuna, eta orokorrean Linux munduarentzat ontzat ematen zen Ubunturen arrakasta.
Artikulu hau Librezalekide den Osoitz Elkorobarrutiak idatzi du eta Librezaleren foroan utzi du. Bere baimenarekin hemen argitaratu dugu.
2010ean hasi zen Ubunturen transformazioa. Ordurako mahaigainean Linux erabiltzen zuten hamarretik bederatzik Ubuntu erabiltzen zuten. Zerbitzarietan ere Debianekiko distantzia txikitzen zihoan. Autoritatea nork zuen azpimarratzeko egina zegoela zirudien inork eskatu gabeko aldaketa bat egin zuen Ubunturen bultzatzaile den Canonicalek: Leihoen botoiak ezkerrera pasatu zituzten. Erabiltzaile batzuk protestaka hasi zirenean “Ubuntu ez da demokrazia bat” erantzun zien Mark Shuttleworthek. Etortzekoa zen aldaketa sakonago baten seinalea zen. 2011n Unity bihurtu zen lehenetsitako mahaigaina, eta Ubuntu foroetako mintzagai nagusiak Unity inguruko eztabaidak eta mahaigain alternatiboetara migratzeko aholkuak bihurtu ziren. Distrowatch rankingean Linux Mintek Ubunturi lehen postua kendu zion.
Botoien leku aldaketak ez bezala Unityk bazuen pisuzko arrazoi bat. GNOMErekin desadostasunak bultzatutako erabakia zen, bai, baina horren atzean bazegoen oraindik aitortu nahi ez zuten motibazio bat. Canonicalek Ubuntu sekretupean garatzen hasiko zela iragarri zuen, eta apurka Ubuntu berriaren piezak kokatzen joan zen mahaigainean: Aplikazio pribatiboak Ubuntu Software Center-ean lehenbizi, gero iragarkiak zerbitzatzeko “espioitza” aplikazioa sisteman integratuta… Electronic Frontier Foundation eta Free Software Foundation erakundeek eskuak burura eraman zituzten eta atzera egitea eskatu zieten, baina Canonicalek ez zuen bere plana aldatzeko asmorik.
Agian erabiltzaileen artean ezinegona areagotzen ari zelako, agian berandu zebiltzalako eta denbora irabazi nahian, inolako produkturik ez bazuten ere publizitate kanpaina batek inguratuta argitu zuen behingoz bere asmoa Canonicalek, Ubuntu sakelako sistema eragile bat bihurtu nahi zuten. Kritikak baretu ziren eta ilusioa berreskuratu zen Ubuntu inguruan, egiazko GNU/Linux banaketa bat sakelakoan? Behingoz! Baina lasaitasunak ez zuen asko iraun, handik gutxira Ubuntu ohiko GNU/Linux mundutik kanpo geratuko zela argi uzten zuen iragarpena egin zuten, Ubuntuk ez zion Wayland proiektuari lagunduko iraganean esan bezala, bere zerbitzari grafiko propioa sekretupean garatzen aritu zirela aitortu zuten: Mir. Garapenean zeuden beste proiektuen fork ez bateragarri bat. Garatzaileen artean haserrea gailendu zen.
Horrekin batera Canonicalek autoritate kolpe definitiboa eman zuen Ubuntu komunitatearen aurrean. Garatzaile bilerak onlinera pasatu, erabiltzaileen ideiak jasotzen zituen Brainstorm webgunea itxi, eta Linux hitzarekin lehenago egin zuten bezala komunitateari aipamenak Ubunturen webgunetik kendu zituzten produktuei leku egiteko (protestak eta gero lotura xume bat jarri dute berriro).
Jada ez dago zalantzarik, iOS eta Android dira ereduak. Canonical Ubunturekin dirua irabazteko ahaleginean, bere azken kartutxoa erretzen ari da, eta horretarako “Linux”, “Libre”, “Komunitate”… bezalako hitzei lotutako ohiko kontzeptuak atzean utzi behar dituela erabaki du.
Askok zalantzan jartzen dute Canonical proiektu hau aurrera ateratzeko gai denik, baina Mir bukatzea lortzen badute, eragin itzela izango du Ubuntun: Unity erabili nahi ez dutenen aterpe bihurtu diren Kubuntu, Xubuntu… bezalako proiektuak arriskuan daude.
KDE, GNOME eta Enlightenment mahaigainen garatzaileek argi hitz egin dute, ez dute Mir erabiltzeko asmorik, eta ulertzekoa da, Wayland aspaldi baitzegoen guztien etorkizun planetan, eta ez dago Mir justifikatzen duen arrazoi teknikorik. Garatzaile askoren ustez Canonicalek ez du orain arte auzokide on bat bezala jokatu eta ez dute beraien proiektuen etorkizuna Canonicalen eskuetan uzteko gogorik. Canonicalek ere hauxe bera nahi izatea ez litzateke harritzekoa, erabiltzaileengandik dirua lortzeko garatu duten eskema Unityn oinarritzen baita.
Estatistiken arabera Ubuntu erabiltzaileak galtzen ditu apurka, itxuraz kontzientziatuenak, baina hala ere eskemak dagoeneko fruituak eman ditu: Ubuntu Software Center-ean gehien saldutako aplikazioa eguraldia ikusteko programatxo bat da. Bai, hamaika aplikazio libre daude horretarako KDEn, GNOMEn… baina ez Unityn.
6 iruzkin
-
#1 etxondoko — 2013/06/02 @ 11:30
Aztertu beharreko hurrengo pausoa biltegiekin zer egingo duen da. Kubuntu Canonicaletik aparte hasi du bidea bluesystem enpresaren laguntzaz. KDEk argi utzi du wayland dela bere bidea eta QT5rako, hots, KDE 5 SCrako bidea oso ondo prestatzen ari dira. baina……
Kubuntu, Xubuntu, Mint eta beste askoren ubuntu biltegiak zenbateraino izango dira erabilgarri MIRentzat prestatzen badituzte paketeak?
bestalde ez litzateke txarra sofware librean oinarritutako IOS bezalako ekosistema bat non PC/tablet/phone integrazioa dagoen. baina nolako librea? google/andriod bezalako libretasuna?
-
#2 asieriko — 2013/06/16 @ 20:51
KDEk dagoeneko hori egin dezake. Bere teknologia erabilita Shell ezberdinak erabili segun eta zertarako Mahaigaina, notebook, Media center eta tablet (Plasma Active). Izan ere tablet aske bat garatzen ari dira.
VivaldiAsieriko
-
#3 Ander — 2013/06/18 @ 7:56
Badira ia 2 urte Vivaldi erosteko pre-order hartan izena eman nuela eta Seigo jaunak bere blogean hainbat aldiz informatzen duen arren argi geratu da ez dela benetako produktu “komertziala” bilakatuko.
Vivaldi erabat librea izateko borrokak atzeratu du eta ez daude enpresa handirik plasma active bere egiten duenik. Ubuntuk aldiz badauka atzetik hainbat enpresa interesaturik. Intermatrix adibidez.
KDE zalea naiz baina errealitatea hau dugu.
-
-
#4 osoitz — 2013/06/23 @ 17:41
Biltegien bateragarritasunari buruz eztabaida interesgarria egon da Ubunturen posta zerrendan.
https://lists.ubuntu.com/archives/ubuntu-devel/2013-June/thread.html#37250
X noiz arte mantenduko den ez dute esan. Wayland Ubunturen biltegietan mantentzea komunitatearen lana litzateke, baina Mesa liburutegiari egindako moldakuntzak oztopo izan daitezke,
Unity erabiltzen ez duten banaketek Xmir erabiltzea da Canonicalen proposamena, baina oraindik ikusteko dago Xmir zeinen ondo ibiliko den. (Xmir XWaylanden oinarritzen omen da eta hau behitzat ez dago mahaigain osoak erabiltzeko diseinatuta, aplikazio solteak baizik.)
Ez dirudi inor WaylandMir edo MirWayland bat garatzeko asmorik duenik.
-
-
#5 Markel Arizaga — 2013/06/02 @ 12:20
Gai gaitza Ubuntu eta bere komunitatearekiko duen jarrera.
Egia da Canonical gero eta gehiago bere interesak bakarrik begiratzen dituela eta planteatu dituen helburuak lortzeko beste proiektu libre batzuetan zuen parte-hartzea gutxitu edo desagertarazi egin duela. Beti esan da Ubuntuk ez duela gehiegi laguntzen open source munduan eta bere kabuz dabilela etengabe. Linuxeko Windowsa dela entzun izan dut ere bizpahiru aldiz.
Hala ere, honek Ubuntu software askearen aurka dagoela esan nahi al du? Edo gutxienez software askearen filosofia ez dela Canonicalen benetako identitatea? Nik dakidala, software askeak ez du garapenaren inguruan komunitate bat edukitzea eskatzen, ezta ere inoren iritziak entzutea. Software askearen lau betebeharren artean hau ez da ageri eta beraz inork ez zaitu behartzen zure lanaren inguruan inor entzun edo inoren laguntza onartzera. Proiektuak sekretupean mantentzea ere ez zait gehiegizko eraso bat iruditzen, beti ere azkenean sortutako produktua erabat askatzen bada.
Beraz, hemen bi gauza desberdin ikusten ditut. Software askearen inguruan MOMENTUZ Ubuntu ez dut ikusten modelo honen aurka dagoenik, naiz eta beste distribuzio batzuk baino gehiago onartzen duen osagai pribatiboen erabilera. Komunitatearekiko errespetua eta beste proiektu batzuekin elkarlanean berriz egia da Canonical bere aldetik doala, eta etika mantentze soila bada ere beharbada gehiago lagundu beharko lukeela.
Guzti hau ikusita dilema baten aurreran aurkitzen naiz. Momentu honetan Unity da gehien gustatzen zaidan mahaigain ingurunea (beharbada munduan existitzen gutxienetakoa ;D ) eta Ubunturen etorkizunerako proiektu nagusiak, mugikorretara jauzia ematea, oso garapen interesgarria iruditzen zait. Beraz, “Linuxeko Windowsa” erabiltzen jarraitzea justifikatu al daiteke software askea defendatzen dudala esaten dudan aldi berean?